Politika
PSOE - EAJ
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Batzarra Espainiako Alderdi Sozialistak Madrilen duen egoitza nagusian izango da, 18:00etan. Idoia Mendia eta Aitor Esteban ere bertan izango dira.
Albisteak (3)
Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusia eta Andoni Ortuzar EAJko burua gaur, asteazkena, bilduko dira inbestiduraz hitz egiteko.
EAJk sare sozialen bidez jakinarazi duenez, batzarra Madrilen egingo dute, PSOEren egoitza nagusian, 18:00etatik aurrera. Bilera horretan, Idoia Mendia eta Aitor Esteban ere egongo dira.
Aurreko egunetan PSOEk iragarri zuen Podemosekin harremanetan jarriko dela, Sanchez Pablo Iglesiasekin bildu aurretik. Halaber, ERCrekin eta Kantabriako Alderdi Erregionalistarekin ere batzartuko dira sozialistak gaur goizean. Uztaileko inbestidura saioan azken alderdi horren babesa soilik lortu zuen Sanchezek.
PSOEk EAJrekin biltzeko asmoa zeukala publikoki adierazi bazuen ere, astelehenera arte ez zuten zehaztu data, eta horrek jeltzaleen haserrea eragin zuen.
Bestalde, Alderdi Sozialistak ohartarazi du Espainiako Gobernuko presidente izateko babes nahikoa ziurtatuta badauka soilik aurkeztuko dela Sanchez inbestidura-saiora.
Gobernua osatzeko epea hilaren 23an amaituko da. Ordurako gobernurik ez badago, azaroaren 10ean hauteskunde orokorrak errepikatuko dira.
"Elkar ulertzeko" eskatu dio Lastrak Podemosi
Bestalde, aurreko legealdian bezala, ezkerreko alderdiak elkar ulertzen badakitela erakusteko eskatu dio Adriana Lastra PSOEko bozeramaileak Unidas Podemosi, “ez baitago inolako arrazoirik hauteskundeak errepikatu behar izateko”.
Hala, gaizki egindakoak aurpegiratzeak ez duela ekarpenik egiten nabarmendu du Lastrak. Testuinguru horretan, Unidas Podemosekin “desadostasunak” izan dituztela aitortu du, baina “elkar ulertzeko” deia egin die. “Elkar ulertzen jakin izan genuen. Egin dezagun berriro”, esan du.
Lastrak uko egin dio eskaintza horri buruzko xehetasunak zehazteari, azaldu duenez, logikoena baita lehenik eta behin Unidas Podemosekin hitz egitea. Hori bai, argi utzi du alderdi sozialistak ez duela inolaz ere uztailean egin zuen koalizio gobernua osatzeko proposamena berriro egingo.
Eh Bilduk ez du aurreratu bere botoaren zentzua
Mertxe Aizpurua EH Bilduko bozeramaileak ez du aurreratu nahi izan zein izan litekeen bere alderdiaren botoaren zentzua Pedro Sanchezen balizko inbestidura saioan, baina eskuinari bidea ixteko ahal duten guztia egingo dutela azpimarratu du.
"Uztailean geunden egoera berean gaude. Eskuinari bidea ixtea da gure asmoa, eta, gure esku dagoen bitartean, eskuinak ez du gobernatuko", adierazi du Aizpuruak Kongresuan. Dena dela, ez du argitu koalizio abertzaleak abstentzioaren edo baiezkoaren alde egingo ote duen.
Nolanahi ere, sozialisten programa kritikatu du, bere ustez, "marketin estrategia bat" baino ez delako, alegia, "PSOEk bete gabe dituen promesen bilduma", eta aurrera ateratzeko "aukera gutxi" dituela uste du.
Horrez gain, 370 proposamen horietan Sanchezek ez duela Euskadi aipatu deitoratu du, eta PSOEk ezker abertzaleko koalizioa “gutxiesten” jarraitzen duela salatu du, “EH Bilduren lau diputatuak gobernu aurrerakoia osatzeko erabakigarriak diren arren".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa