21:51

Politika

Ikasturte politikoaren hasiera

EH Bilduk eskuineko gobernuak saihesten jarraituko duela ziurtatu du Otegik

Agencias | Redacción

EH Bilduko koordinatzaile nagusiak Urkulluren Exekutiboaren aurka egin du, eta “propagandatik haratago” ez duela errealitatea onartzen egotzi dio. Halaber, adierazle negatibo batzuk aipatu ditu.

0:52
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak ostiral honetan ohartarazi duenez, koalizio abertzaleak eskuineko gobernuak saihesten jarraituko du aukera duen toki guztietan, baina “Madrilen edo Parisen” eratzen diren exekutiboen menpe ez egotearen alde egin du.

Otegik hasiera ofiziala eman dio gaur EH Bilduren ikasturte politiko berriari, Donostian, koalizio abertzaleko dozenaka buruzagiren eta ordezkariren aurrean egin duen ekitaldi politiko batean.

Ezker abertzaleko buruzagiak adierazi duenez, bere koalizioak “pozik” esan dezake “emandako hitza” bete egin duela, izan ere, “EH Bildu erabakigarria izan den tokian ez dago eskuineko gobernurik”. “Ez Madrilen, ez Arabako Errioxan, ezta Nafarroan ere”, gaineratu du.

Testuinguru horretan, jarrera politiko hori EH Bilduren “izaeraren adierazle bat” dela esan du Otegik, eta aurrerantzean ere bide beretik jarraituko dutela jakinarazi du. Gauzak horrela, ahal duten guztietan eskuinari ez diotela gobernatzen utziko azpimarratu du. “Aldez aurretik esaten dugu zer egingo dugun, ez dugu funambulismo politikorik egin behar”, gaineratu du.

Alabaina, euskal herritarren eskubideak Madrilgo edo Parisko gehiengoen menpe “noiz arte” egongo diren galdetu du EH Bilduko koordinatzaile nagusiak. “Madrilen zer gobernu dagoen, Trumpek eta G7ak zer erabakitzen duten edota enpresa handiek zer inposatzen duten jakiteko noiz arte jaurti beharko ditugu txanponak?”, galdetu du.

Hala, Euskal Herrian subiranotasuna bultzatzeko deia egin du Otegik, eta EH Bildu “herri honetako independentista eta aurrerakoi guztien etxea” izan behar dela azpimarratu du.

Desberdintasunaren aurkako borroka, burujabetza lortzea eta klima aldaketaren aurkako lana izango dira EH Bilduren erronka nagusietako batzuk

Horrez gain, buruzagi abertzaleak Urkulluren Exekutiboaren aurka egin du, eta “propagandatik haratago” ez duela errealitatea onartzen egotzi dio. Hala, gaur egungo adierazle negatibo batzuk aipatu ditu, hala nola, euskal langileen erosteko ahalmenaren jaitsiera (% 2,7), etxebizitzen prezio altua (2.200 euro metro koadroa) edota “pobreziaren ertzean” bizi diren 140.000 pertsona.

Bestalde, “bizikidetzaren esparrua konfrontazio politikorako gune” bihurtu nahi dela salatu du Otegik, eta ezker abertzalea Euskal Herrian azken hamarkadetan gertatutakoari buruzko “kontakizun guztiekin konprometituta” dagoela esan du, “bakoitzak berea bakarrik inposatu nahi duen arren”.

Gainera, “Twitter bidez” politika egiten den “fribolitatez betetako gizarte likido honetan”, EH Bildu “balio segurutzat” jo du.

"Politika maiuskulaz egitea aldarrikatzen dugu; herrialdearen zerbitzura dagoena, langileen alde egiten duena", esan du Otegik. Gainera, politika “ikuskizun bat” dela pentsatzen dutenen aurrean, EH Bilduk uste du “gauzak aldatzen saiatzeko herritar xumeek duten tresna” dela.

Desberdintasunaren aurkako borroka, burujabetza lortzea eta klima aldaketaren aurkako lana aipatu ditu Otegik, etorkizun hurbilean koalizioak izango dituen erronka handietako batzuk bezala, baita "eredu autoritarioak" inposatzea saihestea ere.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena