20:08

Politika

Bidaia ofiziala

Eusko Jaurlaritzak elkarlanean egindako lana azaldu dio Urkulluk Maltako Ordenari

Agentziak | Erredakzioa

Urkullu bi eguneko bidaia ofiziala egiten ari da Erroman, migratzaile eta errefuxiatuen banaketa sistema proposatzen duen 'Share' ekimena aurkezteko asmoz.

1:42
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Iñigo Urkullu lehendakaria Maltako Ordenaren arduradun nagusiekin bildu da astearte honetan, eta Eusko Jaurlaritzaren garapenerako lankidetza arloko lan-ildo nagusiak ez ezik, “Share” proposamena aurkeztu die. Ekimen horrek, pobreziatik eta gatazka armatuetatik ihes egiten duten pertsonak Europako herrialdeen artean modu koordinatuan banatzea du helburu.

Urkullu bi eguneko bidaia ofiziala egiten ari da Erroman eta Vatikanoan. Asteazken honetan, Frantzisko Aita Santua buru duen audientzia publikoan izango da lehenik, eta Pietro Parolin Vatikanoko estatu idazkariarekin bilduko da ondoren, “Share” proposamenaren berri emateko. Herrialdeen aberastasunaren, biztanleriaren eta langabezia tasaren araberako migratzaile eta errefuxiatuen banaketa sistema proposatzen du programa horrek.

Gaur arratsaldean, Maltako Ordenaren Kanpo Harremanetako Idazkari Nagusi eta Italiako Errepublikan enbaxadore den Stefano Rocarekin bildu da lehendakaria, eta Maltako Ordenaren eginkizuna azaldu dio. Zehazki, gatazka armatuen eta hondamendi naturalen biktimak eta errefuxiatuak laguntzea da bere helburua.

Jonan Fernandez Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankideratzen idazkari nagusia eta Marian Elorza Kanpo Harremanetarako Idazkari Nagustia ere hitzordu horretan izan dira. Maltako Ordenaren ordezkaritzan, berriz, Ivo Graziani Maltako Ordenaren Abegitsu Nagusiaren bulegoaren zuzendari eta ekintza humanitariorako eta lankidetzarako ministroa izan da.

Bilera amaitzean, Urkulluk eta Roncak elkarrizketekin jarraitzeko konpromisoa hartu dute, lankidetzarako esparruak bilatzeko helburuarekin. Horrez gain, Maltako Ordenak urriaren 8an UNESCOrekin batera antolatu duen gizakien salerosketari buruzko jardunaldira gonbidatu Eusko Jaurlaritza, nazioarteko beste eragile batzuekin batera parte hartzeko.

Maltako Ordena, Nazio Batuetan ordezkaritza duena, 120 herrialdetan burutzen ditu gizarte, osasun eta humanitarioak diren proiektuak. Horretaz gain, harreman diplomatikoak ere mantentzen ditu 108 herrialderekin , Eusko Jaurlaritzak ohar batean jakinarazi duenez.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena