08:22

Politika

NAFARROA

EH Bilduk eta Alfredo Arruizek Uharteko alkatetza berreskuratu dute

EITB.EUS

Amparo Ruiz alkate sozialistak dimisioa eman ostean eta, PSNko ordezkariaren faltan, Alfredo Arruizek hartu du aginte makila.

1:25
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Nafarroan ez da azkenean ezustekorik izan eta EH Bilduk Uharteko alkatetza berreskuratu du. Amparo Ruiz alkate sozialistak dimisioa eman zuen abuztuaren 12an, Nafarroako Gobernuan Barneko Departamentuko Zuzendaritza Nagusia bere gain hartzeko. PSNk ez du gaurko osoko bilkurarako zinegotzirik izendatu eta, beraz, zerrenda bozkatuena izan zen EH Bilduko Alfredo Arruiz hautagaiak aginte makila eskuratu du. Gauzak horrela, bere bigarren agintaldia hasiko du.

Ekainaren 15eko udalbatzan, Navarra Sumak (bi zinegotzi) eta GIH talde independenteko lau zinegotziek Amparo Ruiz PSNko zerrendaburuari eman zioten babesa, EH Bilduk agintean jarrai ez zezan. EH Bilduko hautagaiak, ostera, bere koalizioaren eta Geroa Bairen botoak jaso zituen.

Uharteko osoko bilkura hamahiru zinegotzik osatzen dute berez: EH Bildu (5 zinegotzi), GIH talde independentea (4 zinegotzi), Navarra Suma (2 zinegotzi), Geroa Bai (zinegotzi bat) eta PSN (zinegotzi bat).

Gaur, PSNko ordezkariaren faltan, seinako berdinketa izan da Iñaki Crespo GIH talde independenteko hautagaiaren eta EH Bilduko Alfredo Arruiz hautagaiaren artean. Maiatzeko udal eta foru hauteskundeetan alderdi bozkatuena EH Bildu izan zenez, Alfredo Arruiz izendatu dute alkate.

Alkate izendatu berritan Alfredo Arruizek (EH Bildu) adierazi duenez, egunotan sorturiko "tentsioa murrizteko" eta Huarteren alde "zubiak eraikitzeko" garaia da. Legegintzaldiaren zailtasunaz jakitun dela onartu ostean, ezberdinen arteko akordioen bidez ahalik eta adostasun zabalenak lortzea defendatu du.

GIH talde independenteko Iñaki Crespo alkategaiak bere "atsekabea" agertu du eta PSNko zinegotziaren hutsunea deitoratu du. Haren hitzetan, sozialistek "ezkutatzea, beste alde batera begiratzea eta erantzukizuna bere gain ez hartzea" erabaki dute.

Patricia de Pedro Navarra Sumako zinegotziak penatuta hitz egin du eta Arruizen aukeraketa elkar konpontzeen eta "trapitxeoen" ondorio izan dela deitoratu du. "Chivite (Nafarroako) Gobernuko presidente mantentzeko ordaindu beharreko prezioa da", azpimarratu. "EH Bilduk bere prezioa exijitzen du eta Uharte lehen ordaina da", gaineratu du.

Geroa Baiko Josean Beloqui zinegotziaren esanetan, haren alderdiak hasieratik "garbi" izan du Nafarroako Parlamentuan zein udaletxetan alderdi progresista bozkatuenaren alde egitea.

Navarra Sumaren eta GIH talde independentearen kritiken aurrean, Ramon Alzorriz PSNko Antolaketa idazkariak ukatu egin du Nafarroako Gobernuaren truke alkatetza EH Bilduri emateko akordiorik zegoela.

Atzo kazetarien aurrean egindako adierazpenetan, PSNko ordezkariak onartu zuen ez zutela ordezko zinegotzirik izendatuko gaurko saiorako. Haren esanetan, bi izan dira oztopo nagusiak: opor garaia izatea eta kargua bere gain hartu nahi zuen hautagarik ez aurkitzea.

EH Bildu: Arruizen aukeraketak "egoera surrealista bat konpondu du"

Bakartxo Ruiz EH Bilduk Nafarroako Parlamentuan duen bozeramaileak bertatik bertara jarraitu du Alfredo Arruizen kargu hartzea. Ruizen esanetan, Arruizen aukeraketak "egoera surrealista" zena konpondu du.

Osoko bilkuraren ondoren kazetarien aurrean azaldu duenez, "begi bistakoa da gaurkoan inoiz gertatu behar ez zena lehengoratu dela".

Bestalde, ekaineko udalen osaketan PSNk hainbat alkatetza eskuinaren esku utzi izana deitoratu du eta Iruñea, Lizarra edota Barañain jarri ditu adibide gisa. Gaineratu duenez, Uharten eta Sartagudan eskuinaren botoei esker lortu zuten sozialistek alkatetza.

Azkenik, Uharteren alde eta ezkerreko politikak egiten jarraitzeko deia egin du.

Navarra Suma: PSNk Uharten izandako jarrerak agerian uzten du EH Bildurekin ituna duela

Jose Suarez Navarra Sumak Nafarroako Parlamentuan duen bozeramailearen ondokoaren iritziz, PSNk gaur izandako jarrerak EH Bilduren eta PSNren arteko "itun inplizitu bat" dagoela uzten du agerian.

"Aulki bat hutsik zegoen, Alderdi Sozialistak ez du bertan egon nahi izan, ez du posizionatu nahi izan", nabarmendu du osoko bilkuraren ondoren egindako adierazpenetan.

Suarezen arabera, EH Bilduk Uharteko alkatetzea eskatu zion Maria Chivite Nafarroako presidenteari bere kargu hartze ekitaldian.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena