Politika
G7 GOI-BILERA
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Mohamad Yavad Zarif Irango Kanpo ministroa gonbidatu du Frantziako ministro Jean-Yves Le Drianek, G7ko goi-bileratik kanpo, eta ustekabean harrapatu ditu gailurreko presidenteak.
Albisteak (4)
Bideoak (6)
Informazio gehiago (1)
Igandean hasi dituzte bilerak G7an parte hartzen diren estatuetako buruak, merkataritza tentsioei eta segurtasunaren egoera globalari buruzko sesioekin. Horiek dira larunbat gauean Biarritzen hasi zen goi-bileran aztertuko dituzten gaietako bi.
Emmanuel Macron Frantziako presidentea da anfitrioia, eta Bellevue batzar jauregian hartu ditu beste presidente eta lehen ministroak, 9:30etan, lehenengo lan bilerari hasiera emateko. Atzo, afari informala izan zuten, eta horretan, G7ko buruzagiek Macroni eskatu zioten "Irani zuzendutako mezu bat prestatu dezan" akordio nuklearrari buruz, "gatazka militar bat saihesteko" helburuarekin.
Irani dagokionez, Trumpi zigorrak leuntzeko eta iaz utzi zuen akordio nuklearrera itzultzeko eskatuko diote.
Izan ere, Mohamad Yavad Zarif Irango Kanpo ministroa Frantziako ministro Jean-Yves Le Drianekin bildu da, goi-bileratik kanpo egin duten ustekabeko topaketan.
Frantziaren iniziatiba da bilera egitea. Larunbateko afarian "konbergentzia ona ahalbidetzen zuten elementuak zeudela" ikustean hartu zuen Frantziak, iturri diplomatikoen arabera. Zarifek ez dauka Estatu Batuetako ordezkariekin bilera egitea aurreikusita.
Frantziako Presidentetzak ez du azaldu AEBi bi negoziatzaileen arteko bileraren berri eman zuenik, eta esan du Frantziak "bere irizpideen arabera jokatzen duela, gardentasun osoz". Nabarmendu duenez, Zarif "ez dago G7an gonbidatuta", eta Biarritzen badago, Le Drian goi-bileran parte hartzeko bertan dagoelako da.
Irango hegazkin ofiziala. Argazkia: EFE
Zarifen bisita Donald Trump Estatu Batuetako presidentea hatu du bereziki ustekabean. Etxe Zuriko arduradun batek "sorpresa" bat izan dela azaldu du.
Irango ministroa Biarritzera heltzekoa zela jakin ostean, Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak egoera Estat Batuen eta Iranen arteko tentsioa baretzeko "aprobetxatzea" defendatu du. "Tentsioa gutxitzeko modu bat aurkitu behar dugu; bestela, Iranek bere konpromisoak atzean utzi litzake irailean", esan du Merkelek.
Macronek bilera "positiboa" izan du Zarifekin. Alemania eta Erresuma Batua, Iranekin akordio nuklearra sinatu duten beste herrialdeak, "bazkide" bezala egon dira Irango negoziatzailearekin izandako bileretan.
Zarifek, bestalde, hurrengoa esan du Twitterren elkarrizketei buruz: "Aurrean daukagun bidea luzea da, baina merezi du saiatzeak".
"Zalantzak" Estatu Batuek Txinarekin duten gerra komertzialarekin
Igandeko bileran, klubeko herrialdeak Donald Trump Estatu Batuetako presidentea konbentzitzen saiatuko dira "muga-zergak erreminta politiko bezala erabiltzeari utz diezaion".
Zentzu horretan, Donald Trump Estatu Batuetako presidenteak esan du beste kideek ez diotela eskatu gerra komertziala gelditzeko, baina onartu du zalantzak dituela.
"Inork ez dit hori esan", erantzun du G7ko aliatuek Txinarekin duen tentsioarekin bukatzeko eskatu dioten galdetu diotenean.
Trumpek azpimarratu du Txinak Estatu Batuei egin diena "amorragarria" dela, "urtero ehunka mila milioi dolar" eramateagatik Trumpentzat bidegabeak diren praktika komertzialen bitartez eta jabetza intelektuala lapurtuz.
Hala ere, Txinaren inguruan hartutako erabakiekin "zalantzak" dituela onartu du, "guztiari buruz" zalantzak dituelako, eta Pekinekin elkarrizketarekin jarraitzearen alde egin du.
Gero, Stephanie Grisham Etxe Zuriko bozeramaileak azaldu du "Trump presidenteak muga-zergak gehiago ez igo izana deitoratu duela".
AEBk Erresuma Batuarekin merkataritza akordioa sinatu nahi du, EB utzi ostean
Trumpek Boris Johnsonekin egindako topaketan, Erresuma Batuarekin merkataritza akordioa sinatzeko asmoa agertu zuen, Europar Batasuna utzi ostean. Brexit-a gauzatzeko "gizon aproposa" dela esan du Trumpek Johnsoni buruz. Urriaren 31n izatea aurreikusten da.
Lehen ministro britainiarrak eta Donald Tusk Europar Kontseiluko presidenteak izan duten bileran, biek bien arteko jarrerak urrun daudela baino ez dute berretsi, eta irailean NBEren Batzar Orokorrean biltzea adostu dute, New Yorken.
Tusk "pilota Erresuma Batuaren teilatuan" dagoela esan du. Johnsonek gailur honetan EBk zerbait ematea espero zuen.
Johnson, bestalde, luzapen gehiagorik egongo ez dela esan dio Tuski, eta Erresuma Batuak EB urriaren 31n utziko duela "egoera edozein izanda ere". Esan duenez, salbaguardia sistema edo backstop delakoa "antidemokratikoa" da.
Gainera, Johnsonek ohartarazi du brexit-erako akordiorik ez badago, Londresek ez duela aurreko gobernuak onartutako 30.000 milioi libra ordainduko.
Jarrera desberdinak dituzten arren, igandeko bilerako tonua larunbatekoa baino askoz adiskidetsuagoa izan da.
Donald Tusk eta Boris Johnson. Argazkia: EFE
AEB eta Japonia ez daude ados Ipar Koreari buruz
Libia, Siria, Ukraina eta Ipar Korea ere izango dituzte hizpide G7ko buruek segurtasunari buruzko bileretan.
Trumpen eta Japoniako lehen ministro Shinzo Aberen aldebiko bileraren artean, Ipar Koreak misil balistikoekin egin duen azken entseguarekin "pozik ez" dagoela esan du AEBko presidenteak, baina horrek hitzarmenik ez duela apurtzen uste du. Abek, ordea, proba NBEren Segurtasun Kontseiluaren ebazpenak urratzen dituela salatu du.
Gainera, Kimek aurreok astean "oso gutun polita" idatzi ziola gogorarazi du. "Uste dut azkenean egokiena egingo duela. Ikusiko dugu. Agian ez. Agian. Baina uste dut egokiena egingo duela", esan du.
Larunbatean egindako saiakera irispide laburreko misilen zazpigarrena izan da Trump eta Kim ekainean bildu zirenetik. Entsegu horiek bien arteko topaketak jarraitzea zailtzen dute.
Aldebiko bilera berriak egingo dituzte lan sesio horren ostean. Horien artean aipagarrienak Trusken eta Johnsonen artekoa izango da. Ondoren, NBEko, Munduko Bankuko eta ELGAko ordezkariak iritsiko dira, berdintasunaren kontrako borrokari buruz hitz egiteko.
Gauean goi-bileraren gala-afaria egingo dute. Gonbidatu gisa Preso Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea, Sebastian Piñera Txilekoa eta Narenda Modi Indiakoa izango dira, besteak beste.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa