Politika
G7
Agentziak | Erredakzioa
Frantziak Estatu Batuetako enpresa teknologiko handiei jarri nahi dizkien zergek giroa gaiztotu dute bi herrialdeen artean. Macronek, gainera, agendan sartu du Amazoniako sutea.
Albisteak (2)
Fronte asko daude irekita Biarritzen hartzen ari den G7aren goi-bileran: Estatu Batuen eta Frantziaren arteko tentsioa; AEB eta Txinaren arteko gerra komertziala, berriki areagotuta; duela hilabete batetik Amazonian piztutako sute erraldoia, eta Erresuma Batuaren irteera Europar Batasunetik.
Urtero egiten duten G7aren 45. goi-bilera Frantzia, Alemania, Kanada, Estatu Batuak, Italia, Japonia eta Erresuma Batuko liderren arteko afari informal batekin hasi da ofizialki.
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, Brigitte emaztearekin lagunduta, banan-banan hartu ditu beste estatuetako buruak, Lapurdiko herriko itsasargian.
Afaria baino lehen aldebiko bilerak egin dituzte, goi-bileran jorratuko dituzten gaien inguruan dauzkaten jarrerak zeintzuk diren ikusten hasteko, baina polemikak lehenagotik hasi dira.
Zergen gerra Estatu Batuen eta Frantziaren artean
Donald Trump Estatu Batuetako presidenteak Frantziarako hegalditik egin ditu giroa berotu duten adierazpenak. Twitterren, Frantziako ardoei muga-zerga berriak jartzearen mehatxua egin du, Parisek AEBko enpresa teknologiko handiei jarri nahi dizkien zergei erantzunez.
Esan duenez, Trump ez da enpresa teknologikoen "lagun handia", baina, hala ere, "estatubatuarrak dira, eta ez dut nahi Frantzia gure enpresei zergak jartzen egotea". "Eta egiten badu, bere ardoari muga-zergak ezarriko dizkiogu, inoiz egin ez dugun bezala", gehitu du.
Donald Tusk Europar Kontseiluaren presidenteak ohartarazi duenez, AEBk Frantziako ardoari muga-zergak jartzen badizkio, Europar Batasunak "modu berean erantzungo du" bere estatu kidearen alde egiteko.
"Behar dugun azkena liskarra den arren, batez ere gure aliatu onena den AEBrekin, agertoki horretarako prest egon behar gara", esan du Tuskek.
Tuskentzat, beharrezkoa da "gerra komertzialei bukaera jartzea", "atzeraldi batera eramango gaituztelako" eta, gainera, G7aren barneko "zauritutako konfiantza kaltetzen du". "Trumpek muga-zergak eta tasak instrumentu politiko bezala erabiltzen baditu arrazoi politiko desberdinengatik, liskar hori oso arriskutsua izan daiteke mundu osoarentzat, baita EBrentzat ere", esan du.
Trump Biarritzera heldu eta gero, bi presidenteak lan bazkari bat izan dute, goi-bilera hasi baino lehen, eta desadostasunak izan arren, adiskidetzeko eta elkarrekin lan egiteko prest agertu dira biak.
Trump "gonbidatu berezia da, eta gure eztabaidak oso garrantzitsuak dira guretzat", esan du Macronek.
Libia, Siria, Ukraina, Ipar Korea eta Irango egoerak agendan dituzte.
"Oso gogor egin behar dugu lan, uste dudanez, helburu bera daukagulako, hau da, arma nuklearra lortu ezin duela ziur izatea", esan du Frantziako presidenteak Irani buruz, Estatu Batuek akordio nuklearra utzi duten arren.
"Izan ere, asko daukagu komunean", gehitu du Trumpek. "Momentuz dena ondo. Eguraldia ederra eta giro ona dago guztion artean. Espero dut asko lortzea asteburu honetan", esan du.
Estatu Batuen eta Txinaren arteko gerra komertziala
Gainera, Trumpek berriki agindu die Estatu Batuetako enpresei orokorrean Txinarekin dituzten akordio komertzialak uzteko, bi herrialdeek elkarri muga-zergak igo ostean.
Estatu Batuetako presidenteak lurrikara eragin zuen ostiralean Txinarekin daukan gerra komertzialean, herrialdearen kontrako bi zerga-muga igotzean eta, batez ere, bertan dauden enpresa estatubatuarrei Asiako herrialdetik joan daitezen esatean.
Eskakizun hori Txinak 75.000 milioi dolarreko muga-zergak iragarri ostean hartu zuen AEBk, eta nazioarteko burtsetan galerak eragin zituen.
Gerra komertzial horrek munduko ekonomian izan dezakeen eragina goi-bileran daudenen kezka handietako bat da.
Tentsioa Brasilekin Amazoniako suteagatik
Ingurumenari dagokionez, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak klima aldaketaren kontrako borrokaren abangoardian agertu nahiko du berriro, batez ere Jair Bolsonaro Brasilgo presidentearekin aste honetan izandako enfrentamenduaren ostean. Amazonia kiskaltzen ari den sute handiaren aurrean ezer gutxi egitea leporatu dio Bolsonarori.
Brasilgo presidenteak, bestalde, Macronek "gezurtitzat" hartu izana kritikatu du, ingurumenaren gaian duten desadostasunen aurrean, eta alarma sortzeko "aurreko mendeko argazkiak" hedatzea egotzi dio.
"Frantziakoa bezalako Estatuburu batek Brasilgo presidenteari gezurtitzat hartzea deitoratzen dut", esan du Bolsonarok Twiterren.
"Azken aste hauetan Brasilek izandako jarrera kontuan izanda, Osakan egindako G20aren bileran Bolsonarok gezurra esan ziola adierazi nahi du Errepublikako presidenteak", esan du Frantziako Presidentetzak. Parisen arabera, Bolsonarok "klimarekin eta biodibertsitatearekin hartutako konpromisoak ez errespetatzea erabaki du".
Trump, ordea, eszeptikoa da klima aldaketaren gainean, eta Brasilgo presidentearen aliatua. Ostiralean, bere alde egin zuen.
"Jair Bolsonaro Brasilgo presidentearekin hitz egin berri dut. Gure etorkizun komertziala oso hunkigarria da, eta gure harremana sendoa da, agian inoiz baino gehiago", esan zuen Trumpek Twitterren.
Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak goi-bileran gaiari buruzko mezu argia bidaltzea espero du.
"Ikusiko dugu nola lagundu dezakegun, eta baso tropikalak erretzeari utz diezaion posiblea den guztia egiteko dei argia egingo dugu", esan du Merkelek bere asteroko mezuan, Biarritzera abiatu baino lehen.
Esan duenez ,Macronek arrazoia dauka "gure etxean sutan dagoela" dionean, eta hori ezin da isilarazita geratu.
Etxeko buruzagia bezala,Macronek goi-bileraren agendan sartu du gaia. Bolsonarorentzat, ordea, hori bere herrialdeko gaietan esku sartzea da: "Brasilgo Gobernua datu objektiboetan eta elkarrenganako errespetuan oinarritutako elkarrizketarako prest dago", esan du.
Europar Batasuna Brasili suteen aurka borroka egiteko laguntza finantzarioa emateko prest agertu da. "Amazoniako baso tropikalen irudia gure garaiko ikur etsigarria bilakatu da", azaldu du Tuskek.
Gainera, Brasilek suteak geldiarazten ez baditu, EB eta Mercosurren arteko merkataritza akordioaren berrespena Brasilek suteak kaltetuta geratu daitezkeela ohartarazi du.
Erresuma Batua, aurki Europar Batasunetik kanpo
Boris Johnson protagonistetako bat da. Erresuma Batuko lehen ministro berriak akordioarekin edo gabe utzi nahi du Europar Batasuna, urriaren 31n.
Europar Kontseiluko presidenteak ohartarazi duenez, ez du Erresuma Batuak akordiorik gabe Europar Batasuna uztea "erraztuko". "Espero dut historiara Akordiorik Gabe Jauna bezala igaro nahi ez izatea", esan du Tuskek Johnsoni buruz.
Erresuma Batuko lehen ministroak erantzun dio Mr. No Deal etiketa ez dela bakarrik berarentzat izango, eta Tuskek ere eramango lukeela akordiorik ez balego.
"Gure EBko lagunei esango nieke akordiorik gabeko irteerarik nahi ez badute, backstop-a baztertu eta hitzarmenetik kanpo utzi behar dugu. Donald Tusk Akordiorik Gabe Jauna bezala geratu nahi ez badu, buruan izan behar du", esan du Johnsonek.
Johnson, Merkel, Macron, Conte eta Tusk. Argazkia: EFE
Erresuma Batuaren irteera babesten du Trumpek, eta Johnsoni aldebiko merkataritza akordioa eskaini dio.
Goi-bileraren aurkako manifestazioa
Azken egunotan ia 200 kolektibo eta mugimendu sozialek topaketa egin dute Irungo Ficoban, "beste mundu bat posible" dela aldarrikatzeko. Urruñan bakarrik, akanpada gunean, 2.000 lagun egon dira, eta gaur, gailurraren kontrako bosgarren egunean, manifestazio jendetsua egin dute Hendaia eta Irunen artean, G7ko agintarien bisita eta horiek islatzen duten sistema liberala eta kapitalista salatzeko.
G7 EZ eta AlternativesG7 plataformek deituta, 11:30ean abiatu da manifestazioa Hendaiatik eta antolatzaileek ekintza sinbolikoa egin dute Santiagoko zubian, muga igarotzen dutenean. Amaiera ekitaldia 13:00ak jota izan da Ficoban.
Segurtasun dispositibo berezia
Testuinguru horretan, G7aren goi-bilerari jarraipena egingo dion segurtasun dispositibo berezia prestatu du Eusko Jaurlaritzak. Zehazki, herritarren segurtasunean izan daitezkeen eraginak koordinatzeko, horri buruzko informazioa emateko eta jarraipena egiteko koordinazio mahai bat jarri du martxan Oiartzungo ertzan-etxean (Gipuzkoa).
Segurtasun sailburuak gogora ekarri duenez, G7aren goi-bilerarako 4.000 ertzain inguru izango dira lanean, plantillaren erdia baino gehiago, alegia. Ertzaintzaren unitate guztietako agenteek lan egingo dute. Ekitaldia mugatik oso gertu egingo denez, "logikoki Euskadin eragina izango du".
Christophe Castaner Frantziako Barne ministroak azaldu duenez, Frantzian 13.200 polizia eta jendarme mobilizatuko dira. Horrez gain, bilerari begira erakutsitako babesa eskertu nahi izan die Espainiako agintariei, eta mehatxu terrorista bati, istilu publikoei edota eraso zibernetikoei aurre egite aldera 450 suhiltzaile baino gehiago deitu dira, eta baita larrialdi eta erreanimaziorako 13 talde mugikor ere.
Gainera, Espainiako Gobernuak "segurtasuna bermatzeko operatibo ezberdinak" prestatu ditu G7aren goi-bilerari eta “kontragailurrari” begira. Guztira, 1.878 guardia zibil eta Espainiako Poliziako 932 agente izango dira lanean. Fernando Grande-Marlaska Espainiako Gobernuko Barne ministroak nabarmendu duenez, "ez da inprobisaziorik egongo".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa