Politika
Segurtasun operatibo berezia
Agentziak | Erredakzioa
Donostian izan da gaur Grande-Marlaska, abuztuaren 24tik 26ra bitartean, Biarritzen egingo duten bilerarako prestatu duten segurtasun operatibo berezia koordinatzeko zentroan.
Grande-Marlaska, Espainiako Gobernuak Donostian ireki duen koordinazio zentroan. Argazkia: EFE
G7aren goi-bilerak irauten duen bitartean, Guardia Zibileko, Espainiako Poliziako eta Ertzaintzako 7.000 agente inguruk izango dute segurtasuna bermatzeko ardura. Hala jakinarazi du ostegun honetan Fernando Grande-Marlaska Espainiako Gobernuko Barne ministroak. Testuinguru horretan, “inprobisaziorik ez” dela egongo azpimarratu du.
Espainiako Gobernuak Donostian duen ordezkaritzaren egoitzan izan da gaur Grande-Marlaska, Ekintzak Koordinatzeko Zentroaren (CECOR, gaztelaniazko sigletan) osaketan. Espainiako eta Frantziako agintariek bertatik koordinatuko dute G7aren goi-bilerarako elkarrekin antolatu duten segurtasun operatibo berezia. Izan ere, abuztuaren 24tik 26ra bitartean, Biarritzen bilduko dira munduko zazpi herrialde boteretsuenetako estatuburuak. Goi-bilera Irundik kilometro gutxira egingo dute; bertan, “kontragailurra” egiten ari dira nazioarteko gizarte mugimendu ezberdinek, beste mundu bat posible dela aldarrikatzeko helburuarekin.
“Segurtasun operatibo berezi bat prestatu dugu. Hilabete hauetan Frantziarekin lankidetzan aritu gara, eta Espainiako Barne Ministerioaren, Estatuko Segurtasun Idazkaritzaren eta Euso Jaurlaritzaren artean jarraipen batzorde iraunkorra sortu dugu”, azpimarratu du Grande-Marlaskak Donostian egin duen agerraldian. Jesus Loza Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkaria, Jose Luis Arasti Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaria eta Ana Botella Estatuko Segurtasun Idazkaria berarekin izan dira.
Barne ministroak azaldu duenez, G7aren goi-bilerari eta “kontragailurrari” begira "segurtasuna bermatzeko operatibo ezberdinak" prestatu dituzte, Frantziarekin “elkarlanean”. Zehazki, 4.000 ertzain, 1.878 guardia zibil, Espainiako Poliziako 932 agente, eta zenbait foruzain eta Irungo udaltzain arduratuko dira G7aren goi-bilerak irauten duen bitartean segurtasuna bermatzeaz.
Horrez gain, Estatuko Segurtasun Indarrak aurretik egindako beste goi-bilera batzuetan gertatu izan diren "indarkeriazko gertaerei aurre egiteko prest" daudela nabarmendu du Grande-Marlaskak, eta edozein gertakariri erantzuteko “beharrezko neurriak" hartzeko prest agertu da.
Bere esanetan, “indarkeria erabiltzeko asmoarekin oposizio baketsua egiten duten herritarren artean ezkutatzen diren pertsona batzuk daude, baina gizarte demokratiko batek onartu ezin duen protagonismoa lortzeko helburua dute”.
Mugaren bi aldeetan dauden polizia-baliabideen arteko koordinazioa goraipatu ondoren, ministroak berretsi du G7aren goi-bilerak irauten duen bitartean "segurtasuna bermatzea" lehenetsiko dutela. Halaber, horren aurka dauden herritarrak “kontragailurra modu baketsuan” egiten ari direla nabarmendu du: “Zuzenbide Estatu batean, gizarte mugimendu guztiek haien eskubideak eta askatasunak modu baketsuan gauzatu ditzakete”.
Halaber, abuztuaren 24tik 26ra bitartean Irungo mugan zirkulazio arazo ugari aurreikusi dituztela azpimarratu du Barne ministroak, eta, egun hauetan udako oporretatik itzultzeko trafiko-operazioa gogoan izanda, errepideetan ohi baino “zailtasun gehiago” espero dituztela esan du.
Arrazoi horregatik, "arduraz ibiltzeko deia” egin du, eta Euskal Herriko muga zeharkatzen duten pasabideen ordez beste errepide batzuk aukeratzeko.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa