Politika
Nafarroa
EITB.EUS
Maria Chiviteren 13 kontseilarien profilak eta erronkak. PSNk 8 izendatu ditu; Geroa Baik, 4 eta Ahal Duguk, 1.
Nafarroako Gobernu berriaren kideak. Argazkia: EFE
Maria Chivite sozialista buru duen Nafarroako Gobernu berria osatuta dago jada. 13 kontseilarietatik, zazpi gizon eta sei emakume, zortzi PSNk izendatu ditu; lau, Geroa Baik, eta Ahal Duguk, bat. Lau bakarrik dira euskal hiztunak. Hona guztien profil eta datozen lau urteotarako erronka nagusiak:
Javier Remirez (PSN. Iruñea, 1975). Lehen presidenteorde eta Presidentetza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne kontseilaria. Zuzenbidean lizentziatua Nafarroako Unibertsitatean. Hizkuntzak: ingelesa. Enpresa pribatuan egin du lan, eta 2015eko urtarriletik 2019ko abuztura arte Miasa enpresak Iruñean eta Zueran (Zaragoza) dituen instalazioetako Giza Baliabideen zuzendari izan da. Nafarroako Gazte Sozialisten idazkari nagusi izandakoa (2001-2002) eta 2012ko apiriletik gaur egunera arte, PSN-PSOEren Eskualdeko Batzorde Eragileko kidea.
Legegintzaldi honetarako erronkez galdetuta, Trafiko eskuduntza Nafarroaren esku uzteko lan egingo duela iragarri du "Espainiako Gobernuarekin batera". Horrez gain, Foruzaingoaren Legea garatu nahi du, "tartean diren agente guztiekin ahalik eta adostasun handiena lortuta".
Remirez presidenteorde lehena. Argazkia: Nafarroako Gobernua
Jose Maria Aierdi (Geroa Bai. Etxauri, 1958). Bigarren presidenteorde eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilaria. Oinarrizko Hezkuntza Orokorrean diplomaduna. Napar Bideak sozietate kooperatiboaren bazkide sortzailea izan zen. 2015eko urritik aurrera, Nasuvinsa (Navarra de Soil y Housing S.A.) enpresa publikoaren eta CAT (Ciudad Agroalimentaria de Tudela S.A.) enpresaren zuzendaritza hartu zuen. Lekunberriko alkatea izan da 31 urtez (1984-2015) eta Nafarroako parlamentaria 1999tik 2003ra.
Etxebizitza Plana legegintzaldi honen 'bidaia orria" izango dela iragarri du.
Aierdi presidenteorde bigarrena. Argazkia: Nafarroako Gobernua
Bernardo Ciriza (PSN. Faltzes, 1955). Lurralde Kohesiorako kontseilaria. Administrazioan eta Bankan trebatua. Nafarroako Kutxan 25 urtez egin du lan. Horrez gain, Faltzeseko Udalean zinegotzi izan da bi legegintzalditan (2011-2019) eta Azkoiengo Zonako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko presidente (2011-2015). 2012az geroztik PSNko Exekutibako kidea da.
Bi erronka nagusi aipatu ditu Cirizak: AHTaren eta Nafarroako Ubidearen proiektuetan aurrera. "Argaren lehen fasea amaitu nahiko genuke, baita Ega ibaiarena ere", azaldu du lehenengoari buruz.
Ciriza kontseilaria. Argazkia: Nafarroako Gobernua
Elma Saiz (PSN. Iruñea, 1975). Ekonomia eta Ogasun kontseilaria. Zuzenbidean lizentziaduna Nafarroako Unibertsitatean. Hizkuntzak: ingelesa eta frantsesa. Bere ibilbide profesionala zerga-aholkularitzan eta aholkularitza juridikoan espezializatutako enpresa bateko kide gisa. Nafarroako Unibertsitateko hainbat masterretan irakasle jardun du. Nafarroako parlamentari izan da (2003-2007), Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkari (2008-2012), Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuko zuzendari (2012).
Nafarroako amei pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga (PFEZ) itzuli ala ez erabaki beharko du. Horrez gain, 2020ko aurrekontuak prestatu eta datozen bost urteetarako Nafarroako Ekonomia Hitzarmenaren kalkulua negoziatu beharko du Estatuarekin.
Saiz kontseilaria. Argazkia: Nafarroako Gobernua
Manu Ayerdi (Geroa Bai. Donostia, 1967). Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilaria izango da berriro. Enpresa Zientzietan lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatean. Hizkuntzak: euskara, ingelesa, frantsesa eta txinera. Sektore pribatuko hainbat enpresatan egin du lan, baita Deustuko Unibertsitateko irakasle gisa. Nafarroako parlamentari izan da 2011tik. EAJren Napar Buru Batzarreko presidente izan zen hiru urtez (2012-2015).
Ayerdi kontseilaria. Argazkia: Nafarroako Gobernua
Eduardo Santos (Ahal Dugu. Iruñea, 1973). Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilaria. Zuzenbidean lizentziaduna da Nafarroako Unibertsitatean. Hizkuntzak: euskara eta ingelesa. Abokatu gisa egin du lan, eta irakasle izan da Nafarroako Unibertsitate Publikoan eta Estanislao de Aranzadi Praktika Juridikoko eskolan. Ahal Duguko parlamentari (2015) eta diputatua (2016-2019) izan da. 2017tik Ahal Duguren idazkari nagusia da.
Migratzailei eman beharreko arretan Nafarroa Europaren "eredu" izatea nahi du Santosek.
Santos kontseilaria. Argazkia: Nafarroako Gobernua
Carlos Gimeno (PSN. San Adrian, 1965). Hezkuntza kontseilaria. Psikologian lizentziaduna da Salamancako Unibertsitatean. Hezkuntza orientatzaile gisa lan egin du 1991tik, eta 2000. urtetik aurrera, hainbat ikastetxeetan. Nafarroako Gobernuko Adingabeen Babeserako Zerbitzuko zuzendari (2011-2012) izan zen, baita Adingabeen Nafarroako Kontseiluko eta Gizarte Ongizateko Kontseiluko kidea ere. Tuterako Udalean zinegotzi eta Nafarroako parlamentari izan da.
Aurreko gobernuak garatutako Skolae hezkidetza programa gobernu akordioan dago jasota. Hala, Gimenoren asmoa da ikastetxe guztietan jartzea martxan, bai publikoetan zein itunpekoetan.
Gimeno kontseilaria. Argazkia: Nafarroako Gobernua
Mari Carmen Maeztu (PSN. Valtierra, 1962). Eskubide Sozialetako kontseilaria. Gizarte Langintzako diplomaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean eta Zuzenbidean lizentziatua Urrutiko Hezkuntzako Unibertsitate Nazionalean (UNED). Gizarte langile gisa egin du lan, eta 2001etik Gizarte Eskubideen Sailean hainbat kudeaketa lanpostutan aritu da. Nafarroako Desgaitasun Kontseiluko eta Pertsona Helduen Kontseiluko batzordekide izateaz gain, Espainiako Neuropsikiatria Elkarteko (AEN- OME) eta Osasun Publikoaren Defentsarako Nafarroa Elkarteko bazkide da.
"Eskubide sozialetan inbertsioak egitea da nire asmoa, eta gizarteak errentagarritzat hartzea, aberastasun eta enplegu gehiago ekarriko dizkigutelakoan", esan du. Horrez gain, garrantzitsutzat jo du elkarte sozial eta ekonomikoekin "etengabeko elkarrizketan" aritzea.
Maeztu kontseilaria. Argazkia: Nafarroako Gobernua
Santos Indurain (PSN, independentea. Uztarroze, 1959). Osasun kontseilaria. Medikuntza eta Kirurgian lizentziaduna da EHUn. Familiako mediku eta Lehen Mailako Arretako medikua izan da. Osasunbidean hainbat ardura postu izan ditu eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan ere irakasle jardun du. Nafarroako Familia Medikuntza eta Lehen Mailako Arreta Elkartearen zuzendaria izan da zazpi urtez, eta batzorde nazionaleko kide, 13 urtez.
Indurainek iragarri duenez, Lehen Mailako Arreta ezarriko du osasun sistemaren oinarri moduan.
Indurain kontseilaria. Argazkia: Nafarroako Gobernua
Ana Ollo (Geroa Bai. Iruñea, 1965). Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria izango da berriro. Informazio Zientzietan lizentziatua da Nafarroako Unibertsitatean. Hizkuntzak: euskara eta ingelesa. Kazetari jardun du hainbat hedabidetan eta komunikazio bulegotan (besteak beste, Nafarroako Gobernua eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan). Nafarroako Gobernuko bozeramailea izan zen 2015etik 2016ra.
"Nafarroako aniztasunaren isla izan behar du gobernu honek, eta bake, bizikidetza, giza eskubide eta hizkuntza politikek bide horretan lagundu behar dute", adierazi du.
Ollo kontseilaria. Argazkia: Nafarroako Gobernua
Juan Cruz Cigudosa (PSN. San Adrian, 1964). Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria. Biologia Zientzietan doktorea da Nafarroako Unibertsitatean Hizkuntzak: ingelesa. Bere ibilbide profesionala Giza Genetikak minbiziarekin eta gaixotasun arraroekin izandako harremanaren ikerketarekin hasi zuen. 2008an, bioteknologia genomikoaren alorreko NIMGenetics bioteknologiako konpainia sortu zuen eta hainbat sari jaso ditu I+G+b arloan. Hainbat unibertsitatetan irakasle izan da.
Cigudosaren hitzetan, Nafarroa "berrikuntzaren mapan" jartzea da bere helburua, eta Europan I +G arloan "puntakoa" izatea.
Cigudosa kontseilaria. Argazkia: Nafarroako Gobernua
Itziar Gomez (Geroa Bai. Iruñea, 1965). Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria. Psikologian lizentziatua da EHUn eta Haur Hezkuntzako teknikaria. Hizkuntzak: euskara eta ingelesa. Ultzamako haur eskolan hezitzaile eta arduraduna izan da, eta Ttantta Komunikazioa enpresaren sortzailea da. 2007tik zinegotzia da Iruñeko Udalean.
Gomezek nabarmendu duenez, Landa Garapenean "erronka garrantzitsuak" daude, besteak beste, "Nekazaritza Politika Erkide berriaren negoziazioa eta lurraldearen hegoaldean ureztatzearen gaiarekin jarraitzea". Ingurumenean, "aurreko lau urteotan egindako lanarekin jarraituko dugu. Nafarroa berde eta jasangarri bat nahi dugu".
Gomez kontseilaria. Argazkia: Nafarroako Gobernua
Rebeca Esnaola (PSN, independentea. Iruñea, 1975). Kultura eta Kirol kontseilaria. Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziaduna Nafarroako Unibertsitatean. Hainbat komunikabidetan eta elkarte kulturaletan lan egindakoa.
Eskubide Kulturalen foru Legea eta Kulturaren Plan Estrategikoa garatzearen alde agertu da Esnaola. Kirol arloan, emakumeen kirola sustatzearen eta Miguel Indurain Fundazioa indartzearen aldeko apustua egin du.
Esnaola kontseilaria. Argazkia: Nafarroako Gobernua
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa