11:25

Politika

Profila

Chivite, sozialistak Nafarroako Gobernua zuzentzera eraman dituen emakumea

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

"Konpromisoa, lana eta leialtasuna" hitzeman dizkio Chivitek Sanchezi, eta haren esanetara jarri da "proiektu sozialista indartzeko" eta "PSOEk Nafarroako zein Espainiako gobernuak zuzen ditzan".

  • Maria Chivite, Nafarroako presidentea

    Maria Chivite, Nafarroako presidentea. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Maria Chivite Navascues Nafarroako Gobernuko presidente berriak ibilbide oparoa du alderdi sozialistan; besteak beste, PSOEren bozeramaile izan zen Senatuan.

PSNren ordezkaritzaren buru zenean, PSOEren 39. Kongresuan hartu zuen parte (2017ko ekainean), eta Pedro Sanchezi babesa eman zion orduan.

Sanchezen hautagaitzaren ondotik, "konpromisoa, lana eta leialtasuna" hitzeman zizkion Chivitek Sanchezi, eta haren esanetara jarri zen "proiektu sozialista indartzeko" eta "PSOEk Nafarroako zein Espainiako gobernuak zuzen zitzan".

1978an Cintruenigon jaioa, Soziologian lizentziaduna da eta giza baliabideen antolakuntza eta kudeaketarekin eta lan arriskuen prebentziorako goi teknikarekin lotutako ikasketak ere baditu.

2003-2007 artean, Cintruenigoko alkate izan zen eta 2011 eta 2013 artean Eguesibarrekoa. Gainera, 2001tik 2005era Gazte Sozialisten zuzendaritza-batzordean egon zen.

Bestalde, 2007-2011 legealdian Osasun bozeramaile izan zen Parlamentuan, baita 2011tik 2012ra ere.

Esan bezala, senatari eta PSOEren Senatuko bozeramaile ere izan zen. Hain zuzen ere, Marcelino Iglesiasen kargua hartu zuen.

2014ko irailaren 5ean, baina, PSNren zuzendaritza-batzordea utzi zuen, Nafarroako Gobernuko Presidentetzara aurkeztu ahal izateko. Horrela, urriaren 19an garaile atera zen, botoen % 58,59 lortuta, eta Amanda Acedo alderdikideari aurrea hartuta.

2014ko abenduan, berriz, ezohiko bilera batean, PSNko idazkari nagusi izendatu zuten, Roberto Jimenezen ordez.

2015eko maiatzeko hauteskundeetan sozialistek 7 eserleku lortu zituzten, aurreko legealdian baino bi gutxiago. Ondorioz, Nafarroako Parlamentuko sozialisten bozeramaile kargua hartu zuen Chivitek. Bateraezintasunagatik, hilabete geroago, senatari aktari uko egin zion.

Azkenik, iragan ostiralean Nafarroako presidente izendatu zuten. Aurretik bi emakume soilik izan dira gobernua zuzentzen: Yolanda Barcina (2011-2015) eta Uxue Barkos (2015-2019).


Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena