Politika
Gobernu parekidea
Agentziak | Erredakzioa
Elma Saizek Ekonomia eta Ogasuna zuzenduko ditu, eta Santos Indurainek Ogasun Departamentua hartuko du. Ana Ollok Herritarrekiko Harremanetan jarraituko du.
Uxue Barkosen eta Maria Chiviteren arteko besarkada Nafarroako Parlamentuan. Argazkia: EFE
Maria Chivite sozialistak 14 pertsonako Nafarroako Gobernu parekidea osatu du. Kargu publikoan eskarmentua duten pertsonak eta hasiberriak uztartu ditu. Chivitek PSN eta Geroa Baiko bi presidenteorde izango ditu.
13 departamentu izango dira, horietako 8 PSNk zuzenduko ditu, 4 Geroa Baik eta bakarra Podemosek. Ezkerrak, ostera, Foru Exekutibo berritik at geratzea nahiago izan du, nahiz eta akordio programatikoa sinatu.
Maria Chiviteren (Cintruenigo, 1978) presidentetzapean, Javier Remirez (Iruñea, 1975) sozialista Gobernuko lehen presidenteordea izango da, eta Jose Maria Ayerdi (Etxauri, 1958) bigarren presidenteorde.
Remirez Lan eta Giza Baliabideetan abokatua, JJSSko idazkari nagusi ohia, PSNko zuzendaritzaren kide eta MCA-UGTko Antolakuntza idazkari ohia da. Presidentetza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne departamentua zuzentzeko ardura izango du Exekutiboan.
Ayerdi Oinarrizko Hezkuntza Orokorrean diplomatua da. Era berean, Plazaola Partzuergoko sortzailea, Cederna Garalurreko presidente ohia eta Nasuvinsako zuzendari-kudeatzailea da. Lurralde Antolakuntza, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoak zuzenduko ditu Chiviteren Gobernuan.
Gainera, Gobernuak beste sei kontseilaritza izango ditu, horietako lau PSNren esku. Elma Saiz (Iruñea, 1975) abokatu eta Nafarroako Gobernuko ordezkari ohiak Ekonomia eta Ogasunaren ardura hartuko du, eta Carmen Maeztu (Valtierra, 1962) Lan Sozialean diplomatu eta abokatuak Gizarte Eskubideen departamentua zuzenduko du. Orain arte kontseilaritza horretako karguetan aritu izan da.
Santos Indurain (Uztarroze, 1959) Medikuntzan lizentziatua eta Nafarroako Osasun Zerbitzuko Lehen Arretako kudeatzailea Osasun kontseilaria izango da, eta Rebeca Esnaola (Iruñea, 1975) Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatua eta Nafarroako Kultura Profesionalen Elkarteko presidentea Kultura eta Kirolaren buru izango da.
Beste bi kontseilariak Geroa Bairenak dira: Ana Ollo (Iruñea, 1965), Informazio, Politika Zientzia eta Komunikazio Instituzionalean lizentziatuak Herritarrekiko Harremanetan jarraituko du Exekutibo berrian, eta Itziar Gomez (Iruñea, 1965) Psikologian lizentziatua, Berdintasun teknikaria eta Iruñeko Udaleko zinegotziak Landa garapen eta Ingurumen departamentua zuzenduko du.
PSNko gainerako kontseilariak Bernardo Ciriza (Faltzes, 1955) parlamentari eta banku-langilea (Lurralde Kohesioa); Carlos Gimeno (San Adrian, 1965) Psikologian lizentziatua, Hezkuntza Bereziko Baliabideen zentroko eta Nafarroako Gobernuko Adingabeen Babeserako zerbitzuaren zuzendari ohia (Hezkuntza); eta Juan Cruz Cigudosa Biologia doktorea (Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitala) izango dira.
Geroa Bairen aldetik, Gobernuan jarraituko du Manu Ayerdi (Donostia, 1967) orain arteko presidenteorde ekonomikoak. Ekonomia eta Enpresa Garapenaren ardura hartuko du. Azkenik, Podemos ordezkatuz, Eduardo Santos (Iruñea, 1973) abokatu eta koalizio morearen Nafarroako idazkari nagusiak Migrazio Politikak eta Justizia zuzenduko ditu.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa