Politika
Galdeketaren emaitzak
EITB.EUS
Guztira, 1.909 militantek parte hartu dute galdeketan eta horietatik % 75 abstentzioaren alde agertu dira.
Albisteak (4)
Bideoak (1)
Nafarroako inbestidurari begira, EH Bildu abstenitu egingo da azkenean eta, beraz, Maria Chivite PSNko hautagaia izango da Nafarroako hurrengo presidentea.
EH Bilduren militantzia botoa ematera deituta zegoen, Maria Chivite sozialistaren inbestiduran aurkako botoa eman edo abstenitzea erabakitzeko. Galdeketaren emaitza loteslea zen. Guztira, 1.909 pertsonak parte hartu dute eta horietatik % 75k abstentzioaren alde bozkatu dute eta % 25k, ostera, kontra.
Hain zuzen, galdera honi erantzun behar zioten militanteek: "Zure ustez zein izan beharko litzateke EH Bilduren posizioa Maria Chiviteren hautagaitzaren aurrean Nafarroako lehendakaria izateko inbestidura saioan, PSN, GB eta Podemosen arteko koalizio gobernu baten osaketa planteatzen duelarik (IUren babesa lukeena)?".
Bi erantzun zeuden aukeran: abstentzioa (beharrezkoak liratekeen abstentzioak) edo ezezkoa.
Koalizio abertzalearen botoa ezagutu ostean, Maria Chivitek nahikoa babes izango du Nafarroako presidente izateko. Hautagai sozialistak PSNren, Geroa Bairen, Podemos-Ahal Duguren eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoa jasoko du. Navarra Sumako ordezkariek, ostera, kontra bozkatuko dute.
Nafarroako inbestidura saioa ostegunean, 12:00etan, hasiko da Maria Chivite hautagai sozialistaren hitzaldiarekin. Arratsaldean, ostera, gainerako taldeen txanda izango da. Aurreikuspenen arabera, lehenengo bozketa 20:30 aldera egingo da. Lehenengo bozketan, gehiengo absolutua behar da eta ez da aurrera aterako.
Bigarren bozketa 24 ordu geroago egingo da eta gehiengo sinplea nahikoa izango du Chivitek lehendakari izendatzeko.
Lehendabiziko bozketan, EH Bilduko zazpi legebiltzarkideek kontra bozkatuko dute. Bigarrengoan, berriz, bi parlamentarik ezezkoaren alde egingo dute eta gainerako bostak abstenitu egingo dira, Maria Chivite Nafarroako presidente izendatzea ahalbidetuz.
Mila-mila esker eztabaida eta erabakitze prozesuan parte hartu duzuen guztioi.
— Bakartxo Ruiz (@BakartxoR) July 31, 2019
Eztabaidak aberasten gaitu eta halako erabaki garrantzitsua denon artean hartzeak indartu egiten gaitu.
Parte hartzea itzela izan da. Zorionak guztioi!
Elkarrekin #Geldiezina-k gara! pic.twitter.com/Cxw27KIYIt
"Lehenengo eta behin eskertu eta zoriondu nahi dugu prozesu honetan parte hartu duen kidegoa. Berriz ere, erabaki konplexu baten aurrean, Nafarroako ezker soberanistak lasaitasunez eta arduraz jokatu du", adierazi du Adolfo Araiz EH Bilduko parlamentariak bozketaren emaitzak ematerakoan.
Dena dela, irakurketa okerrik ez egiteko ohartarazi dio Araizek PSNri, haren esanetan, abstentzioaren edota ezezkoaren alde bozkatu dutenak EH Bildu baztertzearen kontra daudelako. Are gehiago, legegintzaldia hasitakoan Maria Chivite buru izango duen gobernuak jarrera hori aldatu beharko duela gogoratu dio.
Araizek ziurtatu duenez, Nafarroako ezker soberanista indartua ateratzen da prozesu honetatik, bere heldutasunagatik eta erantzukizunagatik. "Erantzukizunez jardungo genuela esan genuen eta horrela egingo dugu, kasu honetan, gure oinarri sozialaren bermearekin eta berrespenarekin", azpimarratu du.
Ezezkoa bozkatzea babestu duten militanteak gogoan izan ditu Araizek eta askori abstentzioaren alde egitea zail egin zaiela onartu du. "Prozesu honetan behin eta berriro errepikatu dugu bi aukerak zilegi zirela eta horretarako nahikoa arrazoi bazeudela. Ezezkoaren portzentaje horrek Alderdi Sozialistarekiko haserrea erakusten du eta agerian uzten du Alderdi Sozialistari balizko bultzada emateak sortzen duen beldurra. Izan ere, guztiok jakin badakigu Alderdi Sozialista beharrezkoa izan ez denean izan dela posible aldaketa".
Edozein kasutan, erabaki konplexu baten aurrean, Nafarroako ezker soberanistak erantzukizunez eta lasaitasunez erantzun duela adierazi du Araizek. "Eskuinari ateak ixtea gure egin dugun jarrera iza bada ere, egia da baita ere PSNren politikak berme gutxi eskaintzen zizkigula", esan du.
Bestalde, PSNk EH Bildurekiko izan duen "politika baztertzailea" salatu du eta Iruñeko, Barañaingo edota Lizarrako alkatetzak eskuinari oparitzea edota Sartagudan eta Huarten EH Bilduri alkatetza kentzeko Navarra Sumarekin itunak egitea aurpegiratu dio.
Adolfo Araizen esanetan, hori ez zen eztabaida honetarako aurkezpen txartelik onena. Hala eta guztiz ere, EH Bilduko Mahai Politikoak abstentzioaren alde egin du bi arrazoirengatik: batetik, eskuineko gobernuari ateak ixteko eta erregimearen berrantolakuntza saihesteko; bestetik, aldaketaren gobernuak abiatutako politiketan atzerapausorik ez izateko eta bide horretan aurrerapausoak emateko.
Batzarreko militanteen % 95k Maria Chiviteren inbestidura babestu dute
Bestalde, Batzarrek Izquierda-Ezkerrak Maria Chiviteren inbestidura babestea onartu du, afiliatuen % 95en babesarekin.
Militanteei egindako galdeketan 104 pertsonak parte hartu dute eta horietatik 99k baiezkoa bozkatzea babestu dute, batek kontra eta beste lauk abstentzioa.
Batzarreren iritziz, PSNk, Geroa Baik, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak sinatutako akordio programatikoak "amaitzen ari den legegintzaldiko aurrerapen sozialak egonkortuko ditu eta hobekuntzarako hainbat erronka ezartzen ditu".
Hori dela eta, Izquierda-Ezkerrak Nafarroako gobernagarritasunean "inplikazio gorena" izatea defendatu du Batzarrek, beti bezala "lan serioa, leiala, sinesgarria" eginez.
Beltran: "Sanchez oraindik garaiz dago Nafarroakoa desegiteko"
Ana Beltran Nafarroako PPko presidente eta PPko Antolakuntza idazkaria Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidenteari zuzendu zaio eta oraindik Nafarroakoa desegiteko garaiz dagoela esan dio.
Beltranen iritziz, EH Bilduren abstentzioak ahalbidetuko duen Maria Chiviteren koalizio gobernua "PSOEk Nafarroari eta Espainiari egindako traizioa da".
Onda Cero irrati katean egin dioten elkarrizketan salatu duenez, aurreko legegintzaldian Geroa Baik eta EH Bilduk "pauso asko eman dituzte beren helburu nagusia lortzeko, hots, Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegora batzeko".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa