Politika
NAFARROA
EITB.EUS
Goizean taldeetako eledunekin bildu ostean, Hualdek Chiviteren hautagaitza proposatu eta inbestidurarako data iragarri du. Seguruenik, bigarren bozketan izendatuko dute presidente, ostiralean.
Maria Chivite Nafarroako lehendakari izendatzeko hautagaitza proposatu dio Unai Hualde Foru Parlamentuko presidenteak Ganberako Mahaiari, eta ostegunerako, abuztuaren 1erako, deitu du inbestidura saioa. Goizean talde politikoetako eledunekin bildu ostean egin du iragarpena Geroa Baiko kideak.
Goizean egindako bileretan Hualderi jakinarazi diotenaren arabera, PSN, Geroa Bai eta Izquierda-Ezkerra taldeen babesa ziurtatu du jada buruzagi sozialistak. Podemosek eta EH Bilduk euren militantziari galdetuko diote, baina Chiviteren inbestidura ahalbidetzearen aldeko jarrera agertu dute azken orduotan. Navarra Sumak ezezko botoa emango du.
Horrela, Chivitek aldeko 21 boto ditu ziurtatuta (PSNren 11, Geroa Bairen 9 eta I-Eren 1), eta kontrako 20 (Navarra Suma). EH Bilduren 7 botoak eta Podemosen 2 botoak, berriz, airean daude oraindik.
Hualdek zehaztu duenez, abuztuaren 1ean eta 2an egingo da inbestidura saioa. Osteguneko saioa 12:00etan abiatuko da, Chiviteren hitzaldiarekin, eta taldeetako eledunek hartuko dute hitza arratsaldean. Ondoren, bozketa egingo da, eta, aurreikuspenen arabera, aurreneko bozketan gehiengo osoa lortuko ez duenez, seguruenera, ostiral arratsaldean izendatuko dute Chivite Foru Erkidegoko lehendakari, bigarren bozketan, gehiengo sinpleari esker.
Aste honetan Parlamentuak presidente izendatuz gero, datorren astearen hasieran egingo dute kargua hartzeko ekitaldia. Hualdek, baina, ez du horretarako egunik zehaztu.
Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Bozeramaileen Batzordeak abuztuko egun jakin batzuk lanegun izendatzea erabaki dute gaur, Chiviteren inbestidura saioa hilabete honetan bertan ahalbidetzeko.
Taldeen jarrerak
Goizeko bileraren ostean, Ramon Alzorriz PSNko eledunak esan du inbestidura saiora joateko prest direla militante sozialisten % 89ren babesa jaso eta Nafarroako Gobernua izan litekeenaren hezurdura eta programa adostu ondoren.
Datorren legealdian akordioetarako "gobernuko bazkideak" lehenetsiko dituela adierazi du Alzorrik. "Baina, gehiengorik ez den kasuetan, gaia Parlamentura eramango da, eta hor EH Bilduren eta Navarra Sumaren botoek eragina izango dute", gaineratu du buruzagi sozialistak.
Geroa Baiko Koldo Martinezek ere aurreko astean erdietsitako ituna azpimarratu du. Horren hitzetan, gobernatzeko akordioa itxita, Maria Chiviteren alde bozkatuko du Geroa Baik, ziur baitira "gobernu aurrerakoia eta anitza" osatuko dutela eta hori "positiboa" izango dela Nafarroa osoarentzat.
Bestalde, Bakartxo Ruiz EH Bilduko eledunak berretsi duenez, koalizioak bere oinarrien esku utzi du Chiviteren inbestidurari emango dioten erantzuna. Halere, Ruizen arabera, EH Bilduren Mahai Politikoa buruzagi sozialistaren inbestidura ahalbidetzearen alde agertu da, eta horretarako behar diren abstentzioak emateko prest dago, betiere, "eskuineko gobernu bat eragozteko estrategiaren baitan".
Mikel Buil Podemoseko eledunak ere, Chiviteren inbestidura ahalbidetuko dutela jakinarazi dio Foru Parlamentuko buruari, euren azken erabakia militantziari egindako galdeketa baten esku utzi badute ere.
Builen esanetan, Chiviteren inbestiduran alde bozkatzearen edo abstenitzearen artean erabaki behar dute militanteek, eta ezezkoa emateko aukerarik proposatu ere ez dute egin. Gaur 18:00etan itxiko dute galdeketa, eta bihar jakinaraziko dute emaitza.
Maria Simon Izquierda-Ezkerrako bozeramaileak, berriz, aldeko botoa emango dutela ziurtatu du. "Nafarroan politika aurrerakoiak eta anitzak garatzen jarraitzeko bidea zabaltzen du PSNk, Geroa Baik eta Podemosek itxitako akordioak", azaldu du.
Azkenik, Javier Esparza Navarra Suma plataformako eledunak gogor kritikatu du Nafarroan Chiviteren inbestidurarako adostu duten ituna, eta eurek kontrako botoa emango dutela iragarri du. Lotsagarritzat jo du Pedro Sanchezek Foru Erkidegoan "Bildurekin adostu" izana, "askatasuna eta demokrazia defendatzen dituztenak" alboratuta. "Tamalez, ETAren lagunak aukeratu dituzte", adierazi du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa