Politika
Nafarroa
Agentziak | Erredakzioa
Nafarroako Parlamentuko presidenteak bilera sorta deitu du astelehen honetarako. Hala, 10:30etik aurrera, Parlamentuan ordezkatuta dauden talde guztietako bozeramaileekin bilduko da.
PSNko militanteen % 89 Nafarroan Gobernua osatzeko lortutako akordioaren alde agertu da igande honetan. Koalizio gobernua osatzeko ituna Geroa Baik, Podemosek, Izquierda-Ezkerrak eta PSNk sinatu zuten, baina Izquierda-Ezkerra ez da koalizio gobernuko kide izango. Dena dela, EH Bilduren abstentzioa ezinbestekoa da Maria Chivite hautagai sozialista Nafarroako Gobernuko presidente izendatzeko.
Alderdi sozialistak jakitera eman duenez, boto-emaileen % 89,34k eman dio babesa Chivite buru izango lukeen "gobernu aurrerakoiari". Halaber, militanteen % 10,16k koalizio gobernua osatzeko akordioaren kontra bozkatu dute, eta % 0,5ek boto zuria eman dute.
Emaitzen berri izan ostean, militanteen "parte hartzea eta babesa" eskertu ditu Chivitek, eta "edozein barne prozesuren aurrean beti erakusten duten konpromisoarekin" erantzun dutela nabarmendu du.
"Arreta gizarte politiketan, berrikuntzan, berdintasunean eta lurralde-kohesioan jartzen duen akordioa argi eta garbi babestu dute militanteek, gobernu plural, ezkertiar eta aurrerakoi baten alde eginez", azpimarratzen dute iturri sozialistek.
Alderdi sozialistaren militanteek 10:00etatik 18:00ak arte izan dute botoa emateko aukera, eta igande gauean eman dute emaitzaren berri.
Babesak bilatzeko bilera sorta egingo du Hualdek
Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidenteak bilera sorta deitu du astelehen honetarako. Hala, 10:30etik aurrera eta 15 minutuko tartearekin, Parlamentuan ordezkatuta dauden talde guztietako bozeramaileekin bilduko da (Izquierda-Ezkerra, Podemos, EH Bildu, Geroa Bai, PSN eta Navarra Suma). Ondoren, Maria Chiviteren hautagaitza proposatuko du.
Inbestidura saioa, gutxienez, hiru egun geroago egin behar da. Hortaz, bilera sorta astelehenean egiten bada, inbestidura saioa ostegunean edo ostiralean has daiteke. PSNk ostegunean izatea nahi du.
EH Bilduren abstentzioa nahitaezkoa da
PSNk 11 eserleku ditu, Geroa Baik 9, Podemosek 2 eta Izquierda-Ezkerrak 1. Guztira, beraz, 23 ordezkari batzen dituzte, baina ez dute gehiengo osorik (26 parlamentari).
Hori dela eta, Chivite Nafarroako presidente izendatzeko ezinbestekoa da EH Bilduren abstentzioa. Koalizio abertzaleak adierazi du inbestidura "ahalbidetzearen aldekoa" dela, baina erabakia bere militantziaren esku utzi du, eta kontsulta loteslea deituko du datozen egunetan.
PSNk, Geroa Baik eta Podemosek ostiralean sinatu zuten koalizio gobernua osatzeko akordioa. Adostutako gobernuak 13 departamentu izango ditu. Horietatik 8 PSNren esku egongo dira, 4 Geroa Baik zuzenduko ditu eta Podemosek gidatuko du azkena.
Ahal Duguk asteburuan egin du bi egun iraun duen bozketa telematikoa, asteleheneko 20:00ak arte, militanteek programa akordioa eta Nafarroako Gobernuan sailburu batekin sartzea berrets dezaten.
Izquierda-Ezkerrak beste hiru indar politikoekin batera sinatu du legegintzaldiko akordioa, eta Maria Chiviteren alde egin du, baina uko egin dio koalizio gobernuko kide izateari.
PPk eta Ciudadanosek EH Bilduren aurka egin dute larunbat honetan, militantziari "beharrezkoak diren abstentzioen bidez" hautagai sozialistaren inbestidura "ahalbidetzea" proposatu ostean.
Javier Esparza Navarra Sumako hautagaiak Radio Euskadin esan duenez, Nafarroan EAJk irabaziko du. "Argi dago EAJ izango dela hitzarmen honekin Nafarroan indartsuena", esan du Esparzak.
Gainera, EH Bildu ez dela "doan" abstenituko eta "pentapartitoa" egingo dutela gaineratu du.
PSNk ukatu egin du EH Bildurekin harremanetan jarri izana
Nafarroako sozialisten arabera, "PSNk ez du Bildurekin bilerarik edo elkarrizketarik izan, ez alderdi bezala, ezta bitartekariekin ere", Nafarroako Gobernuari buruz negoziatzeko, eta, horien hitzetan, koalizio hori "ez da bazkide bat" sozialistentzat.
Nafarroako sozialisten esanetan, alderdiak daukan "konpromiso bakarra" Geroa Bai; Podemos eta Ezkerrarekin da. "Indar horiek beste batzuekin biltzen badira, ez dute egingo, inondik inora, bitartekari bezala; beraz, PSN ez dago lotuta besteek izandako konpromiso edo elkarrizketengatik", esan dute.
"Aurreko laukoak izan lezakeen edozein bilera edo harremanetik" urrundu da PSN. Izan ere,"hautetsontziek esan dute ez duela herritarren babesik Parlamentuan gehiengoa osatzeko".
PSNk gaineratu duenez, "inbestidura eta legealdian zehar proposatuko diren ekimenek Parlamentuaren bozketak gainditu beharko dituzte".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa