Itxi

Politika

Nafarroa

PPk eta Ciudadanosek Sanchezen aurka egin dute, Nafarroan lortutako akordioa dela eta

Agentziak | Erredakzioa

Ines Arrimadasek argi utzi du ez dutela haien abstentzioarekin Sanchez presidente izatea ahalbidetuko. Alfonso Alonsok "nafarrak traizionatzea" leporatu dio sozialistari.

  • Ines Arrimadas Ciudadanoseko bozeramailea. Argazkia: EFE

    Ines Arrimadas Ciudadanoseko bozeramailea Kongresuan. Argazkia: EFE

PPk eta Ciudadanosek Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidentearen aurka egin dute larunbat honetan, PSNk, Geroa Baik eta Podemosek Nafarroan koalizio gobernua osatzeko lortutako akordioa dela eta. Dena dela, EH Bilduren abstentzioa ezinbestekoa da Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidente izendatzeko, eta Nafarroako EH Bilduren Mahai Politikoak hautagai sozialistaren inbestidura “ahalbidetzea” proposatu dio militantziari, "beharrezkoak diren abstentzioen bidez".

Ildo horretatik, ostiralean lortutako "akordioa berehala apurtzea" eskatu dio Cuca Gamarra PPko Gizarte Politikarako idazkariordeak PSOEri, “Sanchezek ezin duelako onartu hautagai sozialista EH Bilduren abstentzioari esker izendatzea Nafarroako Gobernuko presidente”.

Gamarrarentzat, Pablo Casadok buru duen Alderdi Popularra da Pedro Sanchezen ordez dagoen aukera bakarra, “hautestontziek horrela dela esateaz gain, alderdia leiala izan delako Espainiarekin, bere ideologiari tinko eutsiz eta bere boto-emaileen konfiantzari erantzuna emanez”.

Halaber, Alfonso Alonso EAEko PPko presidenteak, "nafarren interesak traizionatu” eta “nazionalistek eraiki nahi duten proiektuaren agintea EH Bilduren esku utzi izana” leporatu dio Sanchezi. Hala, “sozialistei axola zaien gauza bakarra agintea” dela ziurtatu du Alonsok.

Pablo Casado PPren presidenteak esan du "ikaragarria" dela gobernua osatu ahal izateko PSOEk bere alderdiaren abstentzioa eskatzea, Nafarroan "ETAren defendatzaileekin negoziatzen duten bitartean”.

Halaber, koalizio abertzaleak "PSOEren lehentasunezko solaskideak" direla esan duela ziurtatu du buruzagi popularrak Twitterren zabaldutako mezu batean.

Albert Rivera Ciudadanoseko buruak ere "lehentasunezko solaskide" gisa aurkeztea aurpegiratu dio koalizioa abertzaleari, eta bi aldeek “harreman estua” izateko konpromisoa hartu dutela azpimarratu du.

"Horrela eman du Batasunak Nafarroan PSOErekin sinatu duen itunaren berri. Sanchezek Konstituzioari egindako traizio barkaezin bat da hau", ondorioztatu du Riverak.

Ines Arrimadas Ciudadanoseko bozeramaileak ere Nafarroan koalizio gobernua osatzeko akordioa kritikatu du, PSNk ituna nazionalistekin sinatu duelako. Gauzak horrela, Ciudadanosek argi utzi du ez duela bere abstentzioa negoziatuko Sanchez nazionalisten babesik gabe presidente izatea ahalbidetzeko. "Zerbait ondo egiten ari gara EH Bilduk eta ERCk gustukoen duten presidenteak bere etsaia Albert Rivera dela erabakitzen duenean", esan du Arrimadasek.

Bestalde, Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiak Nafarroako kideak zoriondu ditu, koalizio gobernua osatzeko lortu duten akordioagatik, eta PSOEri ondorengo mezua bidali dio: "Denborarekin eta beste aldean dagoena errespetatuz negoziatzen denean, erantzukizunak partekatu daitezke".

Pedro Sanchezen inbestidura

Ciudadanoseko bozeramailearen iritziz, hautagai sozialistaren inbestidura saioan Albert Rivera izan zen Sanchezen hitzaldiari “erantzun onenak” eman zizkion diputatua. "Ba al dakizue nor atera zen inbestituta saio horretatik? Albert Rivera, oposizioko buru gisa ", esan du Arrimadasek.

Halaber, PPko Gizarte Politikako idazkariordeak esan du Pedro Sanchezek bi inbestiduratan egin duela porrot, eta espainiarrei barkamena eskatzeko eskatu dio, azken egun hauetako "ikuskizun lotsagarria" dela eta.