Politika
Nafarroa
eitb.eus
Navarra Sumako hautagaiak uste du EH Bilduk ez duela bere abstentzioa 'doan' emango, eta sozialistek politika Navarra Sumaren eskutik egiten bukatuko dutela esan du.
Javier Esparza. Artxiboko irudia: EFE
Javier Esparza UPNko presidenteak eta Navarra Sumako hautagaiak Radio Euskadin esan duenez, Nafarroan PSNk, Geroa Baik eta Ahal Duguk sinatutako koalizio baterako hitzarmenaren bitartez EAJk irabaziko du. "Argi dago EAJ izango dela hitzarmen honekin Nafarroan indartsuagoa izango dena", esan du Esparzak.
Gainera, diputatuak ohartarazi du EH Bilduk ez dela "doan" abstenituko. Maria Chivitek abertzaleen abstentzioa behar du Foru Gobernuko presidentea izendatzeko. Esparzaren arabera, "pentapartitoa" egingo dute EH Bildurekin.
Foru erkidegoan koalizio gobernu bat osatzeko akordio bat sinatuta, jeltzaleek irabazi dutela uste du Esparzak.
Navarra Sumako hautagaiarentzat, gainera, sozialistak "ez dira fidatzekoak", eta EAJk eta PSNk Nafarroan "Euskal Autonomia Erkidegoan saihesten dutena" onartu dutela kritikatu du, EH Bildurekin akordioa lortzeari erreferentzia eginez.
UPNko presidentearentzat, gutxiengoan egongo den gobernu batekin, Navarra Sumaren botoak "funtsezkoak izango dira", eta aurreko legealdian sozialistekin "konpartitutako politikak" egin dituztela gogoratu ostean, PSNk Navarra Sumarekin batera "politika egingo duela" gehitu du.
Sozialistekin, harremanak "apurtuta"
"Denbora guzti honetan" PSNk ez duela bere alderdiarekin eseri nahi izan esan du Esparzak. "Beraz, harremanak apurtuta daude, baina, hortik haratago, nafarren interesak defendatuko ditugu", esan du.
Bere ustez, PSNren zuzendaritzaren jarreraren erakuslea da hori. "Navarra Sumak 20 parlamentari ditu 50etik, PSNren bikoitza eta aurreko laukoak baino gehiago. Nafarroako politikak definitzeko funtsezkoak izango gara, et PSNren akats bat izan da eseri nahi ez izatea", ohartarazi du.
Espainiako Gobernua
Gainera, Maria Chivitek "EH Bilduren eskutan geratu nahi badu" inbestidurarako, Pedro Sanchezek "ez dauka gehiago hitz egiteko". "Sanchezek denbora honetan erakutsi duena koherentzia falta izugarria izan da. Espainiako Gobernurako independentisten esku geratzea ez dela ona esan du, baina Chivitek Espainiako independentista erradikalenen, EH Bilduren, mendean egon nahi du", azpimarratu du.
PSOEko liderraren arabera, "zerrenda bozkatuenak gobernatzea utzi behar da, baina hemen zerrenda bozkatuena zapaltzen da". "Espainiak gobernagarritasuna eta egonkortasuna behar dituela dio Sanchezek, eta Nafarroan Chivitek 23ko Gobernu bat proposatzen du, gehiengorik gabe, egonkorra izango ez dena", esan du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa