14:15

Politika

Inbestidura

Sanchezek ez du presidente izateko babesa lortu

Agentziak | Erredakzioa

Unidas Podemoseko buruzagiak proposamen berri bat egin dio Pedro Sanchezi Kongresuan bertan hitzaldia egiten ari zela, baina sozialistek ez dute onartu.

1:51
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Diputatuen Kongresuak Pedro Sanchez jarduneko presidentearen hautagaitzari uko egin dio ostegun honetan inbestiduraren harira egindako bigarren eztabaidan. Asteartean izandako antzeko emaitzak lortu ditu Sanchezek: sozialisten eta Jose Maria Mazon Kantabriako Alderdi Erregionalistako diputatuaren babesa baino ez du lortu. Guztira, aldeko 124 boto izan dira; kontrakoak 155; eta 67 abstenitu egin dira.

Unidas Podemos (Izquierda Unida, En Comu Podem y Galicia En Comun) osatzen duten 42 diputatuak abstenitu egin dira, baita Esquerra Republicana (ERC), EAJ, EH Bildu eta Compromiseko diputatuak ere. Guztira, 67 abstentzio izan dira.

PP, Ciudadanos, Vox, Junts, UPN eta Coalicion Canaria, berriz, Sanchezen inbestiduraren aurka bozkatu dute; guztira, kontrako 155 boto.

Horrenbestez, Moncloarako hautagaiak ez ditu beharrezko babesak lortu, 124 baiezko eta 155 ezezko boto lortu baititu. Sanchezek nahikoa zuen gehiengo sinplearekin (boto gehiago alde kontra baino).

Pedro Sanchezek Pablo Iglesias Podemoseko buruari ohartarazi dionez, ez dago Gobernua "nola edo hala osatzeko prest", ezta "edozein Gobernu" ere.

Sanchezek "Gobernu plurala" osatzeko prest zegoela esan dio Iglesiasi, baina "norabide bakarrean ibiliko dena", esan du. Podemosi eskainitako proposamena "inolako iraina ez dela" argitu du Sanchezek.

Ildo horretan, "gobernu programa bigarren mailan izan da beti zuretzat", esan du Sanchezek, Podemoseko buruzagiari aurpegiratu dio ministroen izenak lehenestea koalizio gobernu baten programaren aurrean. "Oraindik ere ez duzu ulertzen gobernu koherentea eta bateratua beharrezkoa dela, ez bi gobernu gobernu bakar batean, Iglesias jauna”, esan dio.

Sanchezen esanetan, Iglesiasek Gobernuaren diru sarreren % 100 kontrolpean izan nahi duela, eta gastuen % 50, eta gastu sozialaren % 80a, Kongresuko laugarren indarra izanda, eta eserlekuen % 25 baino ez ordezkatuta.

Gogor aritu da Sanchez presidentegaia. Une batean esan dioenez, "ez da inoiz gertatu presidentetzaorde baten eskaintzaren aurrean buruzagi politiko bat umiliatuta sentitu izana". "Norbaitek uste du Espainiako Gobernuko presidenteorde, Osasun, Bertdintasun edo Etxebizitza eta Ekonomia Sozialeko ministro izatea umiliagarria denik?", esan du, PSOEk Unidas Podemosi aurreko asteazkenean egindako proposamena gogora ekarrita.

Pablo Iglesias. Argazkia: EFE

Pablo Iglesias Unidas Podemoseko buruzagiak proposamen berri bat egin dio Pedro Sanchezi Kongresuan bertan hitzaldia egiten ari zela: uko egingo lioke Lan Ministerioari, enplegu politika aktiboen truke.

Pedro Sanchezek ezetz egin dio buruarekin bere eserlekutik azken proposamena entzutean.

Sanchezek Unidas Podemosi bigarren eztabaida horretan eskainitako hitz gogorrak alde batera utzi ditu Iglesiasek eta azken proposamen bat egin die sozialistei PSOEko "agintari moral eta garrantzitsu" batek hala egitea gomendatu diola aitortuta.


"Gobernua osatzeko negoziazioak, behintzat, ez dira zekenak izan behar"


Iglesiasen esanetan, "oso zaila da azken 80 egun hauetan negoziatu nahi izan ez dena 48 ordutan negoziatzea, erlojupean eta hedabideei begira". "Ez da jarduteko modua", deitoratu dio Sanchezi.

Horren harira, hedaideei Podemosen agiri bat isilpean helarazi izana egotzi dio Carmen Calvo Gobernuko jarduneko presienteordeari. Agiri horretan, Podemosen eskaerak agertzen ziren.

Horrenbestez, Gobernua osatzeko negoziazioak, behintzat, zekenak izan behar ez direla esan du Iglesiasek. Ondoren, Unidas Podemosek negoziazioan uko egindako proposamenen zerrenda egin du, baita Espainiako Gobernuan sartzeari uko egiteko prest agertu zela.

Aitor Estevanek (PNV) "amore ez emateko" eskatu die PSOEri eta Podemosi, eta datozen asteotan "konplizitateak" bilatzen saiatzeko eskatu die. "Gaur abstenituko gara, baina ez dugu amore eman behar", iragarri du.

Aitor Esteban. Argazkia: EFE.

Horrenebstez, programa bateratu baten alde lan egin ez izana leporatu die Estebanek, beren "besaulkietan" eseritak egon baitira, "giro txarra" sortzen.

Iglesiasek eztabiadan bertan egindako azken proposamenaren harira, "unea ez zela" egotzi dio Estevanek Iglesiasi, baina "abegi onez" hartu du. "Denbora eta tardea dugu akordioa adosteko", esan du. Era berean, gobernu gidaritzan eskarmentu nahiako ez izatea egotzi dio Iglesiasi.

EH Bilduk ezkerraren "enpatia" eta "anaitasun" eza kritikatu du. "Bilduren botoak ez ziren zu presidente izateko, ez baikara zutaz fidatzen, Pablo Casado, Albert Rivera eta Santiago Abascal presidente ez izateko saihesteko baino. Amets urdina eragozteko", esan du Oskar Matute EH Bilduko bozeramaleak Kongresuan.

Oskar Matute. Argazkia: EFE.

Matutek Sanchezi gogoratu dio EH Bilduren lau botoak beharrezkoak zituela. Ildo horretan, "enpatia gehiago izan bazenute, baliteke gaur denok atsekabe ez egotea", esan du.

Carlos Garcia Adanerok (Navarra Suma), berriz, Nafarroako Gobernuaren itunen harira mintzatu da, eta PP y CS alderdiek benetan haren inbestidura erraztea nahi badu, sozialistei EH Bildurekin ez negoziatzea eskatu dio.

Adriana Lastra PSOEk Kongresuan duen bozeramaleak Lan Ministerioaren eskumenak zeintzuk diren ez jakitea aurpegiratu egin dio Iglesiasi. Gogorarazi dioenez, enplegu politikak Autonomia Erkidegoen esku daude dagoeneko.

Horren ildotik, Lastrak kritikatu egin du Iglesiasek auto bat gidatu nahi izatea "bolantea ere non dagoen jakin gabe". "Lan Ministerioa gidatu nahi duzue horren eskumenak zeintzuk diren ezagutu gabe?", galdegin dio.

Gabriel Rufianek (ERC) hitz gogorrak izan ditu hautagai sozialistarentzat Podemoseko buruarentzat. Iglesiasi "amore eman ez izana" egotzi dio, "ezkerraren porrot berri bat" eragin duela uste baitu. "Lotsa sentitu beharko zenukete", esan die, eta koalizio gobernua osatzeko akordioa adostu ez izangatik "damutuko direla" ohartarazi die.

Pablo Casado PPko presidenteak PSOEk eta Unidas Podemosek eskainitako "ikuskizun lotsagarria" deitoratu du, "harrokeria" ikuskizuna eskaini baitiote Espainiari, eta "espainiarrek ez dute hori merezi", esan du. PSOEri eta Unidas Podemosi "karguak" eta "prebendak" baino ez zaizkiela arduratzen egotzi die.

Albert Rivera Ciudadanoseko presidenteak Sanchezi ohartarazi dionez, Espainia "ez da banatu daitekeen altxorra". Ere berean, Sanchezen egoari egotzi dio bere "plana" aurrera atera ahal ez izana.

Sanchezen hautagaitza gogora ekarriz, Podemos, ERC eta EAJ alderdiek Gobernuan jarri nahi duten "txotxongiloa" inoiz ez duela babestuko esan du Santiago Abascalek (Vox).

Azken orduko negoziazioez betetako goiza

Gaurko bozketa erabakigarriaren atarian, Pedro Sanchez hautagai sozialistaren inbestidura ahalbideratzeko PSOEren eta Unidas Podemosen arteko negoziazioak katigatuta daude, porrot egiteko zorian. Bi aldeek elkarri egotzi diote koalizio gobernua osatzeko akordio eza, eta PSOEk elkartrukatutako dokumentuen berri ere eman du, koalizio morea agerian utzi nahian. Unidas Podemosek eskaintza berria egin dio PSOEri, eta sozialistek berehala baztertu dute.

Koalizioak goizean helarazitako kontraproposamen horretan Gizarte Gaien eta Berdintasun Presidenteordetza eta hiru ministerio eskatu ditu: Osasuna, Lana eta Zientzia eta Unibertsitateak. Unidas Podemosek beretzat nahi du Lan arloko ardura, "lanbide arteko gutxieneko soldata igotzeko eta lan erreforma bertan behera uzteko".

PSOEren zuzendaritza Ferrazen bilduta zegoela iritsi da eskaintza berria, eta buruzagi sozialistek ia berehalakoan baztertu dute. Euren ustez, "ez du ezer berririk eskaintzen" eta atzo egindako proposamenari eutsi diote: Gizarte Gaien Presidenteordetza eta Etxebizitza, Berdintasun eta Osasun ministerioak.

Aurretik, adierazpenak egin dituzte PSOEren eta Unidas Podemosen buruzagiek. Ione Belarra koalizioak Kongresuan duen bozeramaile ondokoak gaur nabarmendu duenez, "azken unera arte" saiatuko dira akordioa lortzen, sozialistek negoziazioak "apurtutzat" eman arren. Pablo Echenique Podemosen negoziazio taldeko buruak zehaztu duenez, PSOEren eskaintzak "itxura ona" izan dezakeela, baina "eskuduntza bakoa" dela.

Bestalde, Carmen Calvo Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteordeak salatu duenez, Unidas Podemosek "gobernu osoa" eskatu die. "Agiria irakurrita, PSOEk gobernu horrekin zer egingo lukeen galdetu beharko genuke. Ez genuke ia ardurarik izango", deitoratu du elkarrizketa batean.

Negoziazioak ia etenda, bitartekaritza lana egiten saiatu omen da bart Gabriel Rufian ERCk Kongresuan duen bozeramailea. Antza, Pablo Iglesias Unidas Podemosen buruzagiarekin eta Jose Luis Abalos PSOEren Antolaketa arduradunarekin mintzatu da telefonoz. ERCko iturriek jakinarazi dituzte hartu-emanak, edukiaren inguruko xehetasunek eman ez badituzte ere.

Unidas Podemos taldeak bere abstentzioa mantentzea erabaki du bigarren bozketa hasi baino minutu batzuk lehengo, Pablo Iglesiasen alderdiko iturriek jakinarazi duenez.

Azken orduko bilera batean hartu du Unidas Podemosek abstenitzeko erabakia, sozialistek Podemosen "azken orduko" proposamena ukatu ostean. Iglesiasen alderdiak Lan Ministerioa eskatzen jarraitzen zuen proposamen horretan, baina sozialistek ezezkoa eman diete berriro.

Epe muga: irailaren 23a

Sanchezen porrotaren ostean, Konstituzioaren 99. artikuluak dio bi hilabeteko epea dagoela babes nahikoa duten hautagaitzekin nahi beste inbestidura saio egiteko.

Bi hileko epe hori irailaren 23an bukatuko litzateke. Data horretara helduta, eta presidente berria aukeratu gabe egongo balitz, hauteskunde orokorrak deituko lirateke azaroaren 10erako.


Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena