Politika
INBESTIDURA SAIOA
AGENTZIAK
Gobernuko kide izateari uko egin izana publikoki eskertu dio Sanchezek Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiari tribunatik.
Albisteak (4)
Informazio gehiago (1)
Unidas Podemosekin koalizioan gobernatzea nahi duela azpimarratu du Pedro Sanchez inbestidurarako hautagaiak, baina oraindik negoziatu ahal diren "beste aukera batzuk" badirela ohartarazi du, besteak beste, "edukien inguruko inbestidura akordio bat".
Gobernuko kide izateari uko egin izana publikoki eskertu du Sanchezek Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiari tribunatik.
"Zuekin gobernatu eta herritarren onurarako politika asko aurrera atera nahi ditugu", ziurtatu du jarduneko presidenteak, baina beste aukera batzuk mahai gainean jarri ditu berriro.
"Pauso bat alde batera eman duzu, eta eskertzen dizut. Erabaki zaila da, baina gizartearen mesedetan izango da", adierazi du.
Azken proposamena koalizio Gobernu bat osatzea izan dela gogorarazi dio Iglesiasi, baina "beste aukera asko" daudela erantsi du.
Besteak beste, inbestidura akordio bat adostea planteatu du PSOEko presidentegaiak, presidente sozialista baten inbestidura errazteko eta "2016an gertatutakoa saihesteko".
"Beste agertoki batzuetaz" hitz egin du Sanchezek, "Unidas Podemos barneratzeko beharrik gabeko" akordioak.
"Koalizio Gobernu baten proposamena egin dizuet, baina koalizio gobernu batean sartu eta eskuin muturrarekin batera gobernu sozialista baten aurkako botoa ematearen artean beste aukera batzuk daude", nabarmendu du.
Hala eta guztiz ere, "botoa pentsatzea" eta "gutxienez gobernu progresista bat erraztea" eskatu dio Sanchezek Unidas Podemosi.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernurako presidentegaiak sei erronka nagusi aipatu ditu bere inbestidura hitzaldian eta "erantzukizuna eta eskuzabaltasuna" eskatu die alderdi politiko guztiei. 12:05ean hasi da hitz egiten eta bi ordu inguruz mintzatu da diputatuen aurrean. Gaur gaurkoz, ordea, Pedro Sanchezek ez dauka nahikoa babes presidente izateko. Ikusteke dago biharko eta, behar izanez gero, osteguneko bozketan zer gertatzen den.
Gobernuaren osaketa ahalbidetzea eskatuz hasi du hitzaldia. Trukean, "estatu ituna" eskaini du Espainiako Konstituzioaren 99. artikulua aldatzeko eta blokeo instituzionala saihesteko. Eskaintza egin aurretik, ordea, "inboluzioa" egotzi die PPri eta Ciudadanosi eta Vox ultraeskuinari lotzea aurpegiratu die.
Bi ordu iraun duen hitzaldiaren amaieran, Unidas Podemosi zuzendu zaio eta Pablo Iglesias buruzagiari ahalegin bat eskatu dio adostasunera heltzeko. "Ezkerreko bi tradizio ezberdinetatik gatoz. Orain arte asko hitz egin da ezberdintasunen gainean eta egiaztatu ahal izan dugu ez dela erraza elkarguneetara iristea. Baina merezi duen ezer ez da erraza izaten", adierazi du.
Hauek dira Sanchezek proposatu dituen sei "erronka nagusiak":
1- Enplegu duina, pentsio duin eta jasangarriak eta egiturazko hutsuneak zuzentzeko konpromisoa, besteak beste, hoteletako garbitzaileen ("kely") eta bizikletan doazen banatzaileen ("rider") lan egoera hobetzeko.
2- Iraultza digitala erronka teknologikoei aurre egiteko. OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen arabera, enpleguen % 21,7 arriskuan omen daude Espainian, automatizazioaren ondorioz.
3- Larrialdi klimatikoari aurre egiteko trantsizio ekologikoa eskaini du.
4- Gizon eta emakumeen arteko egiazko berdintasuna lortzeko, feminismoaren aldeko apustua egin du. Alor horretan atzera egin nahi dutenei zuzendu zaie eta aurrean izango dituztela ohartarazi die.
5- Berdintasunik ezari aurre egiteko justizia soziala proposatu du, euroguneko laugarrena eta munduko hamahirugarren ekonomia den lurraldean 8 milioi espainiar gizarte bazterkeria egoeran egon ez daitezen.
6- Lurraldetasunari aurre egiteko birsorkuntzako proiektu kolektiboa iradoki du. "Espainia batu eta anitza Europa anitz eta batu batean", gaineratu du.
Erronka horiez gain, Sanchezek azpimarra berezia egin nahi izan du hezkuntzan eta proiektu horiek guztiak bakar batean laburbildu ditu, helburua Espainiaren transformazio bat egitea dela esanez.
Lurraldetasuna
"Konstituzioaz eta legeaz harago", "nazioa eraberritzeko proiektu kolektiboa, etorkizunekoa eta Europa inspirazio duena" proposatu du Espainiako presidentetzarako hautagaiak, lurraldetasunari lotutako gatazkei aurre egiteko.
"Lurraldetasunari lotutako tentsioak ez dira legea eta Konstituzioa oinarri hartuta eta horiek aplikatuta soilik gainditu. Nazioa eraberritzeko proiektua kolektiboa, etorkizunekoa eta Europa inspirazio duena izango da", esan du.
Sanchezek Kataluniako egoera ahotan hartu du, hitz erdika eta zuzenean aipatu gabe bada ere. Hizketan 30 minutu zeramatzanean egin du, hain zuzen ere, sei erronka nagusiak aipatu eta segidan. Azken erronkan, baloreak ahazten ez dituen Europa batu baten aldeko aldarria egin du.
Testuinguru horretan, Espainiaren baitan "tirabirak eta zatiketak" eragiteak eta "barne harresiak" altxatzeak zer zentzu duen galdetu du. Sanchezen esanetan, Europar Batasun gehiago eta kanpoko harresiak eraistea da behar dena. "Historiaren aurka egitea da", ohartarazi die independentistei zuzenean haiei zuzendu ez bazaie ere.
Europako herrialdeak "erraldoien artean erraldoiak" dira baldin eta bat eginda badaude, baina "bereizita" ez dira ezer. Haren hitzetan, Europar Batasunaren baitan bi gerraren eragile izan ziren gerra lehia nazionalistak gainditu dira, beti ere "burujabetza partekatuz, ez lagaz".
Genero indarkeria
Genero indarkeriaz hizketan hasi denean entzun dira lehen txaloak Diputatuen Kongresuan. Sanchez genero indarkeriaren drama "ezereztu", iraganera itzuli edota konspirazioak asmatu nahi dituztenei zuzendu zaie, aurrean izango dituela ohartaraziz.
"Argi izan dezatela, aurrean izango gaituzte", ziurtatu du Espainiako Gobernurako presidentegaiak laugarren erronkari (gizon eta emakumeen arteko berdintasuna) aipamena egin dionean. Gaineratu duenez, berdintasun ezaren aurpegirik "krudelena" krimen matxistena da.
Gogora ekarri duenez, 2018an izandako hilketen % 20 indarkeria matxistak eragin zituen, eta azken hamarkadan mila emakume baino gehiago hil ditu indarkeria mota honek.
Bestalde, gizarteko hainbat alorretan emakumeek pairatzen duten bazterkeria salatu du presidentegaiak. Horren hitzetan, gizonen eta emakumeen arteko ezberdintasuna giza eskubideei lotutako arazo bat da. "Gizarteak ez du aurrera egiterik izango, benetako berdintasuna lortu ezean", esan du.
Erkidegoen finantzazioa
Legealdi honetarako mahai gainean jarri duen beste erronketako bat autonomia erkidegoen finantzaketa eredua izan da. Sanchezen iritzian, beharrezkoa da erkidego bakoitzaren beharrizanak zehaztea eta baliabideak modu orekatuan bideratzea. Ongizate estatua "indartzeko", finantzaketa ereduaren erreforma ezinbestekoa dela adierazi du.
Horretarako, erkidegoen arteko "elkarrizketa berreskuratu" behar dela nabarmendu du, azken urtebetean zentzu horretan urrats garrantzitsuak eman direla esanez.
Pentsioak
Pentsioak ere izan ditu hizpide PSOEko buruak. Toledoko Ituna gaurkotzea proposatu du, eta "pentsio publikoen sistema bermatuko duen" eredu baten alde agertu da, kontsumoko prezioen indizea oinarri hartuta.
Ildo horretan, pentsioen sistema bermatzeko finantzaketa bide berriak aztertzearen premia azpimarratu du. "Pentsio publikoak eta duinak" eusteko gai izango den sistema baten alde lan egingo duela hitz eman du.
Hezkuntza
Hezkuntzan diru inbertsioa barne produktu gordinaren % 5ekoa izatea nahi du presidentegaiak, edozein delarik Gobernuan dagoen alderdia eta edozein delarik "egoera ekonomikoa".
"Herrialdea eraldatzeko" bere proiektuaren baitan, "hezkuntza lehentasuna" dela esan du. "Hezkuntzaren eta ezagutzaren aldeko apustu garbia egin nahi dut", adierazi du.
Memoria historikoa
Espainiaren memoria historikoa zaintzeko eta diktaduraren eta Gerra Zibilaren biktima guztiak aitortzeko konpromiso irmoa agertu du Sanchezek, Kongresuan egin duen hitzaldian.
"Egia, justizia eta erreparazioa" bilatzeko bide guztiak jorratuko dituztela esan du.
Berrikuntza
Berrikuntzaren, ekintzailetzaren, transformazio digitalaren eta trantsizio ekologikoaren alde lan egingo duen erakunde publiko bat sortzeko asmoa ere agertu du buruzagi sozialistak, egun alor horretan lanean ari diren entitate publikoa guztiak batuko dituena.
INBESTIDURA SAIOA
Osoko bilkura presidentegaiaren hitzaldiarekin hasi da (ez du denbora mugarik izango), eta hitzaldia amaitu eta gero, 16:00etan ekingo diote berriro saioari. Orduan hasiko da talde parlamentarioetako bozeramaileen txanda (30 minutuko tarteak), ordezkari gehien dituztenetatik gutxien dituztenera, presidentegaiaren alderdia izan ezik, hori azkena izango baita. Sanchezek bozeramaileei erantzuteko aukera izango du, eta 10 minutu izango ditu horretarako.
Hala, segurutzat ematen da Sanchezek lehenengo egunean Pablo Casadorekin (PP), Albert Riverarekin (Ciudadanos) eta Pablo Iglesiasekin eta bere konfluentziekin (Unidas Podemos) eztabaidatuko duela, talde bakoitzeko pare bat ordu aurreikusten baitira. Horregatik, ez dago argi lehenengo egunean izango ote den Santiago Abascal Voxen ordezkariaren eta Sanchezen arteko aurrez aurrekoa. Lehenengo inbestidura saioa 20:30ean hitz egiten ari den ordezkariaren hitzaldiarekin amaituko da.
Asteartean, 09:00etan, jarraituko du eztabaidak, aurreko eguneko ordena berarekin, eta, eztabaida amaitutakoan, lehenengo bozketa egingo dute. Hor, Sanchezek gehiengo osoaren babesa behar du presidente izateko, hau da, gutxienez 176 boto.
Unidas Podemos eta PSOE azkenean akordiora iristen badira, gehiengo osotik 10 botora geratuko lirateke eta bigarren bozketa egin beharko litzateke, ERCk eta EH Bilduk blokeorik egingo ez duten arren, ez dutelako iragarri aldeko botoa edo abstentzioa emango ote duten.
Nahikoa babes lortzen ez badu, bigarren bozketa egingo dute 48 ordu geroago, ostegunean, eta Sanchezek nahikoa izango du gehiengo sinplearekin (boto gehiago alde kontra baino). Kasu horretan, Sanchezek bozketaren aurretik hitz egiteko aukera du, 10 minutuz gehienez, eta taldeek 5 minutuko tartea izango dute euren iritzia emateko.
Lehenengo bozketa, aurreikuspen guztien arabera, ez denez 18:00ak baino lehenago egingo, litekeena da bigarren bozketa, ostegunekoa, azken orduan izatea.
Kasu horretan, ERCren eta EH Bilduren abstentzioa nahikoa izango litzateke eskuindarren blokeari (PP, Ciudadanos eta Vox) gailentzeko.
Lehenengo bozketatik bi hilabetera babes nahikoa duen hautagairik ez badago, ganberak desegin eta hauteskundeak deituko dituzte, azaroaren 10erako, hain zuzen ere.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa