Politika
Eusko Alkatasuna
EAren ezohiko Batzar Nazionala bi ildoen arteko adostasunik gabe amaitu da
Agentziak | Erredakzioa
Bilera horretan onartutako ebazpenaren arabera, Joseba Gezuraga EAko behin behineko idazkari nagusiak irailaren 16a baino lehen deitu beharko lituzke primarioak.
-
EAko Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako koordinatzaileak. Argazkia: EFE
Eusko Alkartasunak (EA) ostiral arratsaldean Gasteizen egindako ezohiko Batzar Nazionala alderdi horren baitan dauden bi ildoen arteko adostasunik gabe amaitu da. Idazkari nagusi berria aukeratzeko prozesuan "praktika irregularrak" salatu ditu sektore kritikoak, eta zuzendaritzak afiliazio datuak “ezkutatzen” dizkiola ziurtatu du.
Bilera horretan, hauteskunde primarioen prozesua “berresten duen” ebazpen bat onartu zuten. Horren arabera, Joseba Gezuraga EAko behin behineko idazkari nagusiak irailaren 16a baino lehen deitu beharko lituzke primarioak, alderdi horretako idazkari nagusi berria aukeratzeko. Pello Urizarrek ekainean eman zuen dimisioa.
Halaber, irailaren 6aren aurretik primarioen prozesuari buruz dauden ezadostasunak aztertzeko eta argudiatzeko eskatu diote Berme Batzordeari. Batzarrean parte hartu duten 81 kidetatik 49 azaldu dira ebazpenaren alde eta bakarra kontra.
Nafarroa, Gipuzkoa eta Arabako koordinatzaileek sustatzen duten ildo kritikoak, ordea, gaitzetsi egin du atzo onartutako ebazpena eta ohar baten bidez salatu du prozesuak ez duela hautagai guztientzako aukera berdintasuna bermatzen. Gainera, alderdiaren egungo zuzendaritzak ez diola alderdiaren datu-baserako sarbidea eskuratzen uzten ziurtatu du, eta berehala auzitara joko duela iragarri du.
Hortik haratago, alderdiaren beraren norabidea salatzen du Eusko Alkartasunaren ildo kritikoak. EH Bilduren baitan alderdi sendoa nahi dute EAko kritikoek, baina egungo zuzendaritzari kontrakoa egitea leporatzen diote, alegia, Urizarrek hasitako bideari jarraituz, EH Bilduren barruan EA desagerrarazten uztea.