Itxi

Politika

Adierazpen bateratua Madrilen

UPNk, PPk eta Ciudadanosek Sanchez estu hartu nahi dute Nafarroa erabiliz

eitb.eus

Navarra Suma koalizioa osatzen duten hiru alderdiek adierazpen bat sinatu dute. Geroa Bairekin eta EH Bildurekin "akordiorik ez ixteko" eta "atzera egiteko" eskatu diote Sanchezi.

  • Albert Rivera (Ciudadanos) eta Javier Esparza (UPN) Madrilen.

    Albert Rivera (Ciudadanos) eta Javier Esparza (UPN) Madrilen. Argazkia: EFE/Juan Carlos Hidalgo

Javier Esparza UPNko presidentea Navarra Suma (UPN, PP eta Ciudadanos) koalizioa osatzen duten alderdietako buruzagiekin bildu da goizean, Madrilen. Pedro Sanchez Espainiako jarduneko gobernuburuari presioa egin nahi diote Esparzak, Pablo Casadok eta Albert Riverak, eta Nafarroan abertzaleek babestutako gobernu sozialista bat eragotzi. Hiru alderdiek adierazpen bateratua sinatu dute Diputatuen Kongresuan.

Nafarroan Geroa Bairekin eta EH Bildurekin "akordiorik ez ixteko" eta "atzera egiteko" eskatu diote Sanchezi. Sozialistek kontrakoa egiten baldin badute, PSOErekin akordiorik ez ixteko konpromisoa hartu dute hiru alderdiek.

Hala ere, PPk eta UPNk sinatutako adierazpenarekin ez du bat egin Ciudadanosek. Honenbestez, sinadura bakoitzak bere aldetik egin du Nafarroako alderdi erregionalistarekin.

Arrakalak Navarra Suma koalizioan

Are gehiago, Navarra Suma koalizioa Ciudadanosek eta UPNk soilik osatzen dutela esan du Albert Rivera alderdi laranjako presidenteak; izan ere, bere alderdiak "ez du PPrekin ezer sinatu".

Koalizioa barruko arrakalei garrantzia kendu diete Javier Esparza UPNko presidenteak eta Pablo Casado PPko buruzagiak agerraldian, baina Alderdi Popularreko presidenteak Ciudadanosen jarrera kritikatu du: "Hau ez al zen politika berria, horretarako betikoarekin geratzen naiz".

Casadoren ahotan, PP alderdi "serio eta arduratsua" da, eta Ciudadanosek "argazkian atera nahi baldin badu, primeran", eta ez badu nahi, errespetatuko du. Garrantzitsuena adierazpen bateratua egotea da, bik edo hiruk sinatzeak berdin dio, gaineratu duenez.

Era berean, egoera bitxia justifikatu du Esparzak. Hiru alderdiek "ahots propioa izatea behar dute une zehatzetan", eta banan-banan sinatzeari "garrantzia handirik ez" ematea eskatu du.

Esparzaren hitzetan, hiru orrialdeko adierazpenarekin Sanchezi "laguntza eman" nahi diote, Foru Erkidegoan "terroristen lagunekin" akordiorik ez ixteko, EH Bilduri erreferentzia eginez. Navarra Sumaren gobernu bat erraztea eskatu dio UPNko presidenteak buruzagi sozialistari, trukean alderdi erregionalistak Sanchezen inbestidura babesteko.

"Nafarroan Arnaldo Otegi poztuko lukeen itun bat eragozteko garaiz dago oraindik, terrorismoa zokoratzeko", erantsi du Esparzak.