11:12

Politika

Eusko Legebiltzarra

Autogobernua 'errealismoz osatzearen' alde egin du Urkulluk

Agentziak | Erredakzioa

Pello Urizarrek EH Bilduko parlamentari bezala egindako azken hitzaldian, lehendakariak "porrotera eraman ahal gaituzten proposamenak saihestearen" beharra azpimarratu du.

  • Urkullu, Eusko Legebiltzarrean.

    Urkullu, Eusko Legebiltzarrean. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Iñigo Urkullu lehendakariak euskal autogobernuaren sistema sendotzeko konpromisoa adierazi du Eusko Legebiltzarrean, Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Espainiar estatuaren artean "aldebikotasun eraginkorra" lortzeko, baina ohartarazi du prozesu horri "errealismoz" ekiteko eta "porrotera eraman ahal gaituzten proposamenak saihesteko" beharra.

Pello Urizarrek EAEko estatutu politiko berria garatzeko Eusko Legebiltzarra egiten ari den lanari buruz galdetuta eman du erantzuna lehendakariak, kontrol saioan.

EH Bilduko legebiltzarkide bezala azken hitzaldia egin du Urizarrek, politikaren lehen lerroa uzteko erabakiaren ostean. Azaldu duenez, "frustrazio puntu batekin" utziko ditu parlamentari lanak, herri ordezkari bezala ez duelako estatutu berriaren onarpena ikusi.

Hala ere, "baikor" agertu da, uste duelako autogobernu sistema berri bat onartuko dela. EAEk legeak egiteko gaitasun osoa behar duela azpimarratu du EH Bilduren ordezkariak, eta horretarako "errepublika" bat da beharrezkoa, Espainia eta Euskadiren artean "berdinen arteko harreman bat" sustatuko duena.

Behar horren adibidetzat jarri du EAEren beken sistema Espainiar estatuarenari egokitzea behartzen duen Auzitegi Gorenaren epaia.

"Errealismoaren" alde agertu da Urkullu

Urizarri erantzunez, baikortasuna "ona" dela esan du Urkulluk, betiere "errealismoan" oinarritzen bada. Gernikako Estatutuan onartutako autogobernua "osatzea" beharrezkoa dela onartu du lehendakariak, oraindik lege organiko horretako eskumen asko transferitzeke daudelako.

Gainera, Eusko Jaurlaritzak gaur egungo autogobernu sistema "berritzeko" konpromisoa gogorarazi du, egungo gizartearen egoerari eta beharrei egokitzeko helburuarekin.

"Onartutako autogobernua defendatuko dugu legatu utziezin bezala; gaurko testuinguruari egokitutako estatus berri bati buruzko akordioak lortzeko lan egingo dugu", esan du.

Edozein kasutan, prozesu honetan "ahalik eta akordiorik zabalena" behar dela adierazi du, "gure singulartasuna eta Euskadiren errealitate nazionala onartuko duena, eta estatu plurinazional baten barruan aldebikotasun eraginkorreko harremana ahalbidetzen duena". Hori, gogorarazi duenez, "Kontzertu Politikoaren" aldeko apustuan laburbiltzen da.

Zentzu horretan, Eusko Legebiltzarreko adituen batzordea estatutu berri baten testu artikulatuaren zirriborroa idazteko egiten ari den lanaren "onarpena" adierazi du. Epea azaroaren 30era arte luzatzea defendatu du, lan hori "ahalik eta adostasun zabalenarekin" egin dezaten.

Edozein kasutan, estatutu berria lortzeko "porrotera eraman ahal gaituzten proposamenak" alboratzea beharrezkoa dela esan du. Zentzu horretan, Agirre lehendakariaren hitzak aipatu ditu: "Askatasunera goaz, baina senidetasunean joan behar gara, pentsamendu eta bihotz batasunean. Zalantzarik gabe, gure ondoan iraultzak orro egiten badu ere, batzuetan eskuin monarkikoen aldetik, bestetan muturreko ezkerren partetik.

Pello Urizarren agurra Eusko Legebiltzarrean


Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena