18:40

Politika

Nafarroa

Nafarroan Gobernua osatzeko negoziazioa abian jarri du PSNk

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Gobernu programarako zirriborroa aurkeztu die PSNk Geroa Bai, Ahal Dugu eta Ezkerra taldeetako ordezkariei. Datorren ostegunean bilduko dira berriro.

1:26
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

PSNk gaur abiatu du Nafarroan Gobernua osatzeko negoziazioa Geroa Bai, Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrarekin bilduta.

Lau taldeetako ordezkariak Foru Parlamentuan bildu dira arratsaldean. Lehendabiziko batzarra laburra izan da: 30 minutukoa. PSNk gobernu programarako zirriborroa aurkeztu die gainerako alderdiei, eta datorren ostegunean berriro biltzekotan geratu dira.

Batzarra amaituta, Ramon Alzorriz PSNko Antolakuntza idazkariak baikor agertu da. Dokumentua "posibilista" eta "errealista" dela adierazi du eta lau alderdiak akordio batera heltzeko borondate "irmoa" dutela azpimarratu du.

Koldo Martinez Geroa Baiko bozeramaileak azaldu duenez, PSNren dokumentuak lau puntu ditu: sarrera, lehentasunak, politika sektorialak eta Parlamentuan jorratu beharreko programa.

"Puntu askorekin bat egiten dugu, gure programatik hartu dituztela iruditzen zaigu eta hori poztekoa da", erantsi du. "Nafarroako herritarren ongizatea helburu izango duen gobernu progresista eta anitza osatzea da gure helburua", berretsi du.

Mikel Buil Ahal Duguko ordezkariaren esanetan, batzarra “adeitsua” izan da eta ez da desadostasunik izan. "Proposamenak egingarriak eta anbizio handikoak dira", gaineratu du.

Marisa de Simon I-Eko ordezkaria ere baikor agertu da, baina EH Bildurekin kontatzea ezinbestekoa dela gogoratu du. "Itxaropentsu nago, baina horrek ez du esan nahi erraza izango denik", zehaztu du.

PSNk, Gero Baik, Elkarrekin Podemosek eta I-Ek ganberako 50 eserlekuetatik 23 dauzkate. Navarra Suma koalizioak (UPN, Ciudadanos eta PP), berriz, 20 ordezkari ditu; eta gehiengo absolutua 26 eserlekutan dago.

PSNk nahiz PSOEk behin eta berriro esan dute ez dutela EH Bildurekin ezer negoziatuko, baina Maria Chivitek Nafarroako presidente izateko koalizio soberanistaren abstentzioa beharko du.


Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena