Politika
Ustelkeria
Agentziak | Erredakzioa
PPren bertsioa ukatuta, Luis Barcenasek esan du bere ordenagailuetan alderdiaren finantzazioari buruzko "informazio konfidentziala, delikatua eta adierazgarria" gordetzen zuela.
Luis Barcenas. Artxiboko argazkia: EFE
Luis Barcenasek deklaratu du gaur Alderdi Popularrak bi ordenagailu frogak ezkutatzeko suntsitu zituen argitzeko auzian, Madrilgo Zigor Arloko 31. Epaitegian.
Epaiketan, Alderdi Popularreko aholkulari juridikoak eta Carmen Navarro kudeatzaile ohiak ere deklaratu dute. Ordenagailuak alderdiarenak zirela, sartzeko pasahitzik behar ez zela eta memorian daturik edo informaziorik gordetzen ez zutela adierazi dute. Horrenbestez, ordenagailuak ezabatzea agindu zutela erantsi dute.
Alabaina, Barcenasek kontrakoa azaldu du. "Ordenagailu biak nireak ziren, sartzeko pasahitza jartzea beharrezkoa zen eta informazio adierazgarria gordetzen zuten", azpimarratu du.
"Toshiba ordenagailuan kalkulu-orriak, kontu korronteen datuak, alderdiaren aurrekontuak, kanpainak nola finantzatzen ziren eta beste hainbat datu gordetzen nituen", esan du.
Apple ordenagailua, berriz, "ordainagirien kopiak, 1990etik 2008ra bitarteko paperen osagarriak, dokumentuak, kanpainetako aurrekontuak eta kanpaina horiek nola finantzatu ziren azaltzen zuten agiriak gordetzen nituen".
Hori bai, Barcenasek adierazi du berak ez zuela inolako asmorik dokumentu horiek guztiak publiko egiteko, Alvaro Lapuerta diruzain ohiarekin batera kudeatu zuen "informazio konfidentziala" zelako.
Hala ere, geroago eta bere abokatuarekin hitz egin ostean, "informazio historikoa, delikatua eta adierazgarria" Justiziaren esku uztea erabaki zuen.
Barcenasi 33 urteko espetxealdia ezarri zioten Gurtel auziaren baitan. Madrilgo Soto del Real espetxean ari da zigorra betetzen.
Cospedalek dio berak ez zuela agindu ordenagailuak deuseztatzea
Bestalde, gaurko saioan Maria Dolores de Cospedal PP idazkari nagusi ohiak ere deklaratu du, eta ukatu egin du Barcenasen ordenagailuak suntsitzeko agindua eman zuela.
"Suitzan kontu irregular bat 40 milioirekin zituela jakin zenean, errugabetasun printzipioa pikutara joan zen; gertakari eskandalagarria eta lotsagarria izan zen", adierazi du.
Horren aurrean, Barcenasi PPk Madrilgo Genova kalean daukan egoitza nagusira sartzeko baimena galarazi ziola erantsi du Cospedalek.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa