Politika
Gipuzkoa
eitb.eus
PSE-EEk udal garrantzitsuak berreskuratuko ditu horrela, eta EH Bilduk Elkarrekin Podemosen babesa lortu du, alkatetzak bereganatzeko, Errenterian eta Ordizian.
Albisteak (1)
Informazio gehiago (1)
Gipuzkoan, EAJ-PSE itunak hainbat alkatetza kendu dizkio EH Bilduri koalizio abertzalea bozkatuena izan bada ere, tartean Andoainen eta Pasaian. Elkarrekin Podemosek EH Bilduren aldeko apustua egin du beste udal batzuetan.
Andoain
Maider Lainez alkate izendatu dute Andoainen, PSE-EAJ ituna bete ostean, eta EH Bilduk, zerrenda bozkatuenak, ez du Alkatetzan jarraituko.
Lainezek aldeko 9 boto jaso ditu, 5 PSE-EErenak eta 4 EAJrenak, jeltzaleekin osatutako udal-gobernua adostu baitute. EH Bilduko Andoni Alvarezek, berriz, koalizioaren 7 zinegotzien botoak eskuratu ditu, eta Maria Teresa Santana Elkarrekin Podemosen hautagaiak bere buruari eman dio botoa.
Normaltasuna izan da nagusi osoko-bilkuran, udaletxea herritarrez gainezka bazegoen ere.
Hori horrela, PSE-EEk Andoaingo Alkatetza berreskuratu du, aurreko bi legegintzaldietan EH Bilduren esku egon ostean.
Duela lau urte Lainezek ez zuen aginte makila lortu EAJko zinegotzi independente batek itunari uko egin ziolako.
Pasaia
Izaskun Gomezek Pasaiko Alkatetzari eustea lortu du PSE-EEren eta EAJren botoei esker, eta herritar batzuen "lapurrak" oihu artean.
Junkal Mintegia buru zuen EH Bilduren zerrenda izan zen bozkatuena maiatzaren 26ko udal-hauteskundeetan, baina EAJk eta PSE-EEk gobernagarritasun akordioa sinatu zuten atzo Alkatetzari eusteko.
Hori horrela, jeltzaleek eta sozialistek aurreko legegintzaldiko formula errepikatuko dute nahiz eta botoak galdu dituzten (324 PSE-EEk eta 314 EAJk), eta EH Bilduk 548 botoko igoera izan zuen.
Gomezek PSE-EEko bost zinegotzien eta EAJko lauen babesa izan du; Mintegiak, berriz, koalizioaren 6 zinegotziena, eta Julen Rodriguez Elkarrekin Podemosekoak, alderdiko bi zinegotzienak.
Izaskun Gomez Pasaiako alkate berria. Argazkia: EiTB
Lezo
Jesus Mari Martiarena jeltzalea Lezoko alkate izendatu dute gaur bere taldearen eta PSE-EEren babesarekin, nahiz eta EH Bildu izan zen indar bozkatuena hauteskundeetan.
Soraluze
Iker Aldazabal jeltzalea Soraluzeko alkate izendatu dute berriro PSE-EErekin lotutako akordioari esker, gehiengo osoa baitute bien artean; eta EH Bildu, alderdi bozkatuena, zokoratu dute.
2015ean gertatu zen moduan, Aldazabalek EAJren lau zinegotzien eta PSE-EEren bi zinegotzien babesa jaso du udala osatzeko ekitaldian, eta Unai Larreategi EH Bilduren alkategaiak bere bost zinegotzienak.
Mendaro
EAJ Mendaroko Alkatetzaren jabe ere egin da, nahiz eta bertan ere EH Bildu izan zen garaile maiatzaren 26an.
Iñaki Arregi jeltzalea izango da alkate zinegotzi kopurua 9tik 11ra igo duen udal horretan. EH Bilduk eta EAJk bosna zinegotzi dituzte, eta PSE-EEk, bakarra.
2015ean ere koalizio independentistak irabazi zituen hauteskundeak, eta 5 zinegotzi lortu zituen. Gainerako lau zinegotziak EAJrenak ziren.
Errenteria
Aizpea Otaegi EH bilduren hautagaia izendatu dute Errenteriako alkate koalizio abertzalearen botoekin eta Elkarrekin Podemosekoekin, horiekin gobernu akordioa itxi ostean.
Otaegi izan da hautagaitza aurkeztu duen bakarra, beraz, gehiengo osoz hautatu dute koalizioko 9 zinegotziek eta Elkarrekin Podemosen hiruek.
Aizpea Otaegik Julen Mendozaren postua hartuko du, beraz, bi legegintzalditan EH Bilduk izan duen alkatearena, hain zuzen ere.
Aizpea Otaegi, Errenteriako alkatea. Argazkia: Efe
Orio
Anuska Esnal (EH Bildu) izendatu dute Orioko alkate berri bere alderdiko sei zinegotzien babesarekin. Lourdes Salsamendik (EAJ) bost zinegotziren babesa izan du, eta PSE-EE eta Orain abstenitu egin dira.
Deba
Bestalde, Deba kostako herrian EAJ abstenitu egin da, eta ondorioz, Alkatetza EH Bilduren eskura pasatu da. Orain arte hautagaitza independente batek zuen.
Bergara
Bergaran Gorka Artola EH Bildukoa izendatu dute alkate, bera baitzen alkategai bakarra. Jendez lepo zegoen udaletxean, EAJ abstenitu egin da, eta Alkatetza galdu du, koalizio abertzalearen mesedetan.
Ordizia
Adur Ezenarro EH Bilduren hautagaia Ordiziako alkate aukeratu dute koalizio abertzalearen 7 zinegotzien eta Elkarrekin Podemosen bien babesarekin, eta duela lau urte galdutako Alkatetza berreskuratu du, EAJren kaltetan.
Jose Antonio Santano (PSE) Irungo alkatea izango da berriro
Donostia
Eneko Goia EAJko hautagaia izango da, bigarren legealdiz jarraian, Donostiako alkatea. 10 zinegotzi jeltzaleen babesaz gain, PSE-EEren aldeko 5 boto izan ditu.
PSEk Eibarko alkatetzari eutsi dio, Miguel de Toyosekin
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa