Politika
Araba
eitb.eus
Samaniegon, zinegotzi sozialista bakarrak EH Bilduren aldeko botoa eman du, EAJ-PSE ituna apurtuz. Gainera, Trebiñuko bi udalak abertzaleak izango dira.
Albisteak (1)
Informazio gehiago (1)
EAJk EH Bildurekin bat egin du Arabar Errioxan, PPren gobernuak saihesteko, eta Arabako beste zenbat udalerritan, PSErekin indarrak batu ditu, EAE mailako hitzarmena errespetatuz. Samaniegon, ordea, PSE-EEko zinegotziak ez du bi alderdien arteko akordioa bete, eta koalizio abertzaleari eman dio Alkatetza.
Samaniegok ustekabea eman du udalen osaketan. Arabako udalerriko zinegotzi sozialista bakarrak EAJ-PSE akordioa apurtu du, Pilar Garmendia EH Bilduren hautagaiaren alde eginez.
Samaniegoko alkatea EH Bildukoa izango da, koalizio abertzaleak sozialisten babesa izan ostean. EAJ izan zen alderdirik bozkatuena udal hauteskundeetan. 3 zinegotzi eskuratu zituzten jeltzaleek Arabar Errioxan. EH Bilduk kopuru bera lortu zuen. PSE-EEk, zinegotzi bakarra.
EAJk eta PSE-EEk EAE osorako sinatutako akordioa apurtuta, zinegotzi sozialista bakarrak EH Bilduren hautagaitza babestu du bozketan, eta Samaniegoko Alkatetza koalizio abertzaleari eman dio.
PSE-EEk, kasua aztertu ondoren, bere zinegotzi akta eskatu dio.
Iruña Okan ere ez da jeltzaleen eta sozialisten arteko hitzarmena errespetatu, baina kasu honetan, ez du azken emaitzan ondoriorik izan.
Javier Martinez PSE-EEko hautagaiak lortu du Alkatetza, baina EAJren aldeko botorik gabe. Elkarrekin Podemosek, aldiz, hautagai sozialistaren alde egin du, eta horrek Alkatetza eman dio Martinezi.
Zigoitian, EAJk lortu du Alkatetza, sozialisten botoekin. Udalerri horretan aurreko legealdian gobernatu zuen EH Bildu izan zen indarrik bozkatuena.
Maiatzaren 26ko hauteskundeetan, EH Bilduk eta EAJk 4na zinegotzi lortu zituzten, eta PSE-EEk, bakarra.
Jeltzaleen eta sozialisten arteko hitzarmena beteta, Alkatetza EAJko Javier Gobeña hautagaiarentzat izan da. Aldeko bost boto izan ditu. EH Bilduko Itsaso Etxeberriak 4 boto eskuratu ditu.
Osoko bilkuran hiru alderdietako Araba mailako ordezkariak izan dira, hala nola, Jose Antonio Suso (EAJ), Cristina Gonzalez (PSE-EE) eta Ibon San Saturnino (EH Bildu). Bertaratutako batzuek "lapurrak" oihukatu dute.
Okondon, EAJk, 4 zinegotzirekin, eta Okondo Aurrerak, 3rekin, hautagaitzak aurkeztu dituzte. EH Bilduk ez du osoko bilkuran alkategairik aurkeztu.
Azkenean, Jon Escuza jeltzaleak lortu du Alkatetza. Okondo Aurrera plataforma independentearen hautagaiak, Sergio Tatok, ez du babes nahikorik lortu, EH Bildu abstenitu egin da eta.
EAJk eta EH Bilduk bat egin dute Arabar Errioxan PPren gobernuak ekiditeko
Bastidan, EAJren eta EH Bilduren arteko hitzarmenak Laura Perez hautagai jeltzaleari eman dio Alkatetza.
Maiatzaren 26an PP izan zen alderdi bozkatuena. 4 zinegotzi lortu zituen. EAJk 3 ditu, eta EH Bilduk, 2. Hala ere, bi talde abertzaleek botoak batu dituzte popularren gobernua saihesteko.
Beraz, Perez izango da berriro Arabar Errioxako udalerriko alkatea. EAJk eta EH Bilduk osatutako koalizio gobernua zuzenduko du.
Bastida. Argazkia: Radio Vitoria.
Sare sozialetan argitaratutako mezu batean, Arabako PPk "lotsagarritzat" hartu du EAJk eta EH Bilduk Bastidan lortutako akordioa, eta Daniel Garcia zinegotzia oposiziotik lan egiteko konpromisoa hartu du "lau urte barru gehiengo osoarekin irabazteko".
Guardian, EAJrentzat izango da Alkatetza, zerrendarik bozkatuena PPrena izan zen arren.
Popularrek 3 zinegotzi dituzte Arabar Errioxako udalerrian, EAJk bezainbeste. EH Bilduk 2 ditu, eta PSE-EEk, 1.
Lucio Castañeda jeltzalearen hautagaitza babestu dute EH Bilduk eta PSE-EEk, EAJko zinegotziez gain.
Guardia. Argazkia: Radio Vitoria.
Arabako PPkk eskerrak eman dizkie PPri botoa eman zioten Guardiako bizilagunei. "Gaurtik aurrera lanean jarriko gara berriz gure herria hainbeste aldiz indartu duten proiektuak gidatzeko", esan dute popularrek.
Kuartangon, baina, PPren zinegotzi bakarraren botoek EAJri eman diote Alkatetza.
EAJk eta EH Bilduk zinegotzi (3) eta boto (106) kopuru bera lortu zuten hauteskundeetan. Zinegotzi popularrak EAJren alde egin du.
Udal abertzaleak izango dituzte Trebiñun
EH Bilduk eskuratu du Argantzungo Alkatetza (Burgosko enklabean), EAJren babesari esker.
Hauteskundeetan, EH Bildu izan zen indarrik bozkatuena, 3 zinegotzi lortuta. EAJk ere 3 lortu zituen, eta PPk, bat.
Airean zegoen EAJren hautagaitza. Kuartangon bezala, PPk babesa emango ziola iragarri zuen, EH Bilduk Alkatetza ez lortzeko, baina bi indar abertzaleek itun bat adostu zuten.
Azkenean, Udala osatzeko bilkuran EH Bilduko Pablo Ortiz de Latierrok aurkeztu du hautagaitza. Bere koalizioko 3 zinegotzien eta EAJko 3en botoak eskuratu ditu, eta alkatea izango da.
Argantzun. Argazkia: EH Bildu.
Trebiñun errepikatu egin da abertzaleen arteko akordioa, alderantzizko emaitzarekin. Udalerriak EAJko alkatea izango du, EH Bilduren babesari esker.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa