16:17

Politika

Gasteiz

Urtaran Gasteizko alkate izendatu dute berriro, baina gehiengorik gabe

EiTB.EUS

EH Bilduko Miren Larrionek ere bere burua aurkeztu du inbestidura saioan, baina alderdikideen babesa soilik jaso du (6 zinegotzi). EAJ, berriz, 13 zinegotzik babestu dute (EAJko 7k eta PSE-EEko 6k).

2:27
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

EAJ alderdiko Gorka Urtaran izendatu dute Gasteizko alkate, bigarrenez, larunbat honetan Udala osatzeko egin duten inbestidura saioan. Urtaranek EAJko 7 zinegotzien eta PSE-EEko 6 ordezkarien babesa jaso du, baina ez du gehiengorik lortu.

Urtaranek ez ezik, EH Bilduko Miren Larrionek ere bere burua aurkeztu du inbestidura saioan. Azken horrek, baina, alderdikideen babesa soilik jaso du, PPk eta Elkarrekin Podemosek zuri bozkatu baitute.

Bozketa bakarra egin ohi dute alkatea aukeratzeko, baldin eta hautagaiak gehiengo osoa eskuratzen badu (Gasteizko kasuan 14 boto). Babes hori lortu ezean, hauteskundeetan boto kopuru handiena lortu duen alderdiaren esku geratu ohi da Alkatetza; oraingo honetan, EAJren esku.

Modu horretan, ezustekorik gabe, Urtaranek hartu du alkate kargua berriro. 2015an, aldiz, EAJk EH Bilduren eta Podemosen babesa jaso zuen. Horri esker, Javier Marotori (PP) Alkatetza kendu zion.

Lau urteko legealdiaren ondotik, hirugarren indarra izatetik alderdi bozkatuena izatera pasatu da EAJ Gasteizen, 7 zinegotzi lortuta. PSE-EEk eta EH Bilduk seina zinegotzi dituzte; PPk 5 eta Elkarrekin Podemosek 3.

Gauzak horrela, Urtaran izango da Gasteizko alkate beste lau urtez.

Inbestidura saioa egin duten bitartean, Pentsionistak Araba plataformako ehunka kidek elkarretaratzea egin dute udaletxe aurrean, haien aldarrikapenak defendatzeko eta arreta handiagoa eskatzeko.

"Elkarrizketarako eta akordioetarako" konpromisoa hartu du Urtaranek

Gorka Urtaran jeltzaleak hitzeman du "elkarrizketa eta akordio" etapa bati emango diola hasiera. Horretarako, zinegotzi "guztien" ekarpenak hartuko ditu kontuan, "esfortzuak koordinatzeko eta elkarkidetza klima bati ateak irekitzeko".

"Nekatu arte egingo dut lan, Udalak oposizioaren kolaborazioa ere jaso dezan", esan du.




Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena