Politika
Udalak
eitb.eus
Gehiengo osorik ez dagoen udalerrietako askotan EAJ-PSE itunak baldintzatuko ditu Alkatetzak EAEn, baina oraindik ikusteko dago zer gertatuko den Iruñea eta beste udal batzuetan.
Albisteak (6)
Informazio gehiago (1)
Maiatzaren 26ko udal-hauteskundeen mapak EAJren eta EH Bilduren berde koloreko utzi zuen EAE ia osoa eta Nafarroa iparraldea. Baina kasu askotan gehiengo osorik izan ez zenez, hauteskunde osteko itunek argituko dute noren esku geratuko diren Alkatetzak larunbat honetan, ekainaren 15ean, udalak osatuko direnean.
Hala, EAJ-PSErena izango da udal gehien baldintzatuko dituen ituna EAEn. EH Bilduk eta Podemosek bat egingo dute beste udal gutxi batzuetan. Nafarroan, berriz, ez dago argi zer gertatuko den, Geroa Baik PSNri Foru Gobernurako babesa eskaini badio ere, sozialistek ez dutelako ziurtatu udalen osaketan Geroa Bairi emango ote dioten botoa udal batzuei eusteko (Zizur Nagusian eta Eguesibarren adibidez).
Gipuzkoan, PSEk Andoain eta Pasaiako alkatetzak berreskuratu ditzake, eta EAJk Lezo, Mendaro eta Soraluzekoak.
EH Bilduk hauteskundeak irabazi zituen Andoainen, baina sozialisten eta jeltzaleen arteko batasunak gehiengo osoa izango du eta PSE-EEren esku geratuko da Alkatetza.
Beste udalerri garrantzitsu bat Pasaiakoa (16.000 bizilagun baino gehiago) da. Azken orduan, EAJk eta PSE-EEk hemen ere ituna errepikatzea adostu dute. EH Bilduk irabazi zuen bertan, baina EAJ-PSE akordioa gailendu egingo da.
EAJ-PSE itunari esker, EAJk Lezo, Mendaro eta Soraluzeko alkatetzak bereganatuko ditu, nahiz eta EH Bilduk eskuratu zuen garaipena.
Gainera, gehiengo erlatibo batekin beste alkatetza batzuk bereganatzeko aukera dute bi alderdiek, Tolosa, Arrasate, Azkoitia, Elgoibar, Legazpi eta Zarautzen esaterako. PSEko zinegotzien babesa edo abstentzioa ezinbestekoak izango dira, jeltzaleek gobernuari eusteko.
Era berean, Donostian, Eneko Goia alkategai jeltzaleak sozialisten abstentzio bakarrarekin nahikoa du ekainaren 15ean agintea makila hartzeko.
Irunen, EAJk azkenean uko egin zion alkategaia aurkezteari eta Jose Antonio Santano sozialistaren aldeko botoa emango du.
Errenterian eta Ordizian EH Bilduk irabazi zituen udal hauteskundeak. Elkarrekin Podemosekin ituna eginda, hiru udalerri horietan gehiengo absolutua izango du eta, beraz, lehendabiziko bozketan izendatuko dituzte EH Bilduko alkateak.
Bizkaian, EAJren eta PSE-EEren arteko akordioak gobernua bermatuko du lurraldeko udal garrantzitsu gehienetan, batez ere handienetan eta hirietan. Gehienetan EAJ bozkatuena izan da, Portugaleten eta Ermuan izan ezik, non sozialistek lortu zuten garaipena.
Itunak jeltzaleei Alonsotegiko Alkatetza emango dio, 3.000 bizilaguneko udalerria eta Iñigo Urkullu lehendakariaren sorterria. EH Bilduk boto kopururik handiena lortu zuen bertan. Gauza bera gertatuko da Zaldibarren ere.
EAJk EH Bilduri Abadiñoko (7.500 biztanle) Alkatetza kentzeko aukera du, jeltzaleen eta independenteen arteko akordioa berriz errepikatzen baldin bada.
Aldiz, Elkarrekin Podemosen babesak EH Bilduri Durangoko (28.000 biztanle baino gehiago) eta Elorrioko (7.000 biztanle) alkatetzak emango dizkio, nahiz eta EAJk garaipena lortu. Era berean, Galdakaon (ia 30.000 bizilagun) Metroa eskatzen duen hautagaitza independenteak koalizioarekin bat egin du, eta EAJk udal gobernua galduko du, Arrigorriagan bezalaxe.
Bakion EH Bilduk, alderdi bozkatuenak, Alkatetzari eutsiko dio, Bakio Bai plataformarekin bat eginda.
Araban, EH Bildu eta EAJ Bastidan eta Guardian koalizio gobernuak osatzeko adostasunera iritsi dira, eta hala PPri alkatetzak kenduko dizkiote.
Ingurumaria horretan, EH Bilduk adierazi du ez lukeela ulertuko EAJk Zigoitiko alkatetza "kentzea", PSE-EEko zinegotziari esker.
Argantzungo (Trebiñu) egoeraren harira, EH Bilduk esan du "ulertezina" izango litzatekeela EAJk PPren babesarekin Alkatetza lortzea, Burgoseko enklabea Araban barneratzearen aurka baitago PP. EH Bilduk 3 zinegotzi lortu zituen, EAJk lortutako adina, eta PPk bat; hala ere, EH Bildu lehen indarra da bertan.
Kuartangon, aldiz, zinegotzi zein boto kopuruan bi alderdiek izandako berdinketa zozketa bidez konpontzea eskatu dio EH Bilduk EAJri (boto kopuru bera lortu zuten), eta PPren balizko babesa ez onartzea. Baina PPk dagoeneko iragarri du EAJri emango diola babesa EH Bilduren Alkatetza eragozteko.
Nafarroan, oraindik argitzeke dago zer gertatuko den Iruñean 18:00etatik aurrera, nahiz eta PSNk argi adierazi duen ez diola Joseba Asiron EH Bilduren alkategaiari babesik emango, eta hala izango bada, Navarra Sumak erraz izango duen Alkatetza. Dena dela, Asironek gaur prentsaurrekoa emango du biharko egunari begira, eta horrek gehiago argi lezake kontua.
Tafallan, azken orduotan jakin da Tafallaren aldeko Ekimenak, IUk eta Gero Baik EH Bilduri emango diotela babesa alkate "aurrerakoia" izateko. Hala, Jesus Arrizubieta koalizio abertzalearen hautagaiak hartuko du aginte makila larunbateko bozketan.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa