11:31

Politika

ELKARRIZKETA

'Boto emaileek begi onez hartu dute EAJren eta PSE-EEren arteko akordioa'

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Jeltzaleen eta sozialisten arteko balizko itunaz galdetuta, EAJko europarlamentaria baikor mintzatu da, nahiz eta udaletxe bakoitzeko egoera ezberdina dela onartu.

0:49
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Datorren larunbatean osatuko dira udalak, eta alderdien arteko balizko itunak dira hizpide egunotan. EAJk Irungo alkategaia erretiratu ostean, jeltzaleen eta sozialisten arteko ituna gertu egon daiteke. Izaskun Bilbao EAJko europarlamentariak astelehen honetan adierazi duenez, boto emaileek "ondo ikusi dute" erakundeei egonkortasuna emateko akordio hori. Udal bakoitzeko errealitatea bat izan arren, EAJk eta PSE-EEk akordioa errepikatzeko "hurrengo pausoak" ematea espero du.

ETB1eko "Egun on Euskadi" saioan eskainitako elkarrizketan, egun hauetan "lasaitasun apur bat" eduki behar dela adierazi du. Halaber, bi alderdi politiko horiekin konfiantza agertu du: "Orain arte ikusi dugu euren helburu nagusia egonkortasuna ematea eta herritarren arazoei aurre egitea izan dela. Ildo horretatik, hurrengo pausoak ere ematea espero dut".

"Beraz, jendeak esan du hauteskunde hauetan ondo ikusi duela akordio hori (EAJren eta PSE-EEren artekoa). Errealitatea ezberdina da udaletxe askotan, baina lasaitasunez hartu behar dugu, konfiantza izan jendearekin eta alderdi politikoekin, azken batean eurak baitira erabakiak hartu behar dituztenak", azpimarratu du.

Nafarroako Gobernuaren eta udalen gobernagarritasunaz galdetuta, egoera bestelakoa dela nabarmendu, eta zer egin erabakitzea bertako alderdiei dagokiela gaineratu du. "Badakigu gehiengoa nork lortu duen, baina badaude beste alderdi batzuk eta ikusi beharko da ea ausardiarik badagoen ala ez", azaldu du.


Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena