Politika
MADRILGO PROBINTZIA AUZITEGIA
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
PP izango da lehena akusatuen aulkian esertzen. Alderdi Popularraren jarduna urte erdiz etetea edo 10,9 milioi euroko isuna jartzea eskatuko dute epaiketan.
Luis Barcenas PPko diruzain ohia artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Luis Barcenasen ordenagailuetako informazioa ezabatzeagatik egingo duten epaiketa gaur hasiko da, 10:00etan, Madrilgo Auzitegian. Gaurko saioan, Carmen Navarro PPko diruzain ohia, Alberto Duran abokatua, Jose Manuel Moreno informatikaria eta PP eseriko dira akusatuen aulkian. Lehenengoz auzipetu dute alderdi bat pertsona juridiko gisa.
Horiek guztiak kalte informatikoekin lotutako delituengatik eta estalketagatik auzipetu dituzte, Madrilgo Genova kaleko egoitzan PPko diruzain ohiak erabiltzen zituen ordenagailu eramangarriak "suntsitzeagatik", zehazki.
Epaiketa honetan ez da akusazio partikularrik egongo, 2016ko irailean Barcenasek jardunbidea utzi baitzuen. Gainera, Ministerio Publikoak auzia artxibatzea eskatu du, froga argirik ez dagoela iritzita. Horren ustez, Barcenasen bertsio "sinesgaitza eta kontraesankorra" soilik dute "frogatzat".
Horrela, Izquierda Unida, ADADE eta Observatori DESC dira auzipetuen aurka agertu diren bakarrak. Hori dela eta, akusatuak absolbitzea edo horiei 'Botin Doktrina' aplikatzea eskatu du Ministerio Publikoak, hau da, Emilio Botin bankariak lortu zuen bezala, herri akusazioak soilik parte hartuko lukeen prozesura saihestu ahal izatea.
Zigorren eskaera
PP izango da lehena akusatuen aulkian esertzen. Alderdia Popularraren jarduna urte erdiz etetea edo 10,9 milioi euroko isuna jartzea eskatuko dute.
Barcenasek eta Cospedalek lekuko gisa deklaratuko dute
33 urte eta lau hilabeteko zigorra betetzen ari da Barcenas, Auzitegi Nazionalaren aginduz eta Gürtel auziarekin lotuta. Orain, baina, lekuko gisa deklaratu beharko du gaur abiatuko duten epaiketan.
Halaber, Maria Dolores de Cospedalek, PPn "bigarrena" izan zenak, bi aldeen galderei erantzun beharko die, informatikariaren eta diruzain ohiaren nagusia izan zelako. Hain zuzen ere, IUren eta DESCen idatziak dio Defentsa ministro ohiak eta Navarrok hartu zutela Luis Barcenasi PPren egoitzan sartzen ez uzteko erabakia, eta horrek "lehertu" zuela auzia.
Epaiketaren emankizuna
Nolanahi dela, oraindik argitu gabe dago epaiketa zuzenean emango duten ala ez. Litekeena da komunikabideek soilik izatea epaiketa salatik jarraitzeko aukera, horixe eskatu baitute Fiskaltzak eta lau akusatuek.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa