Politika
Katalunia
Agentziak | Erredakzioa
Defentsak azken txostenak aurkezten ari dira, 'proces' epaiketaren azken txanpan. Asteazken arratsaldean akusatuek hartuko dute hitza, eta, ondoren, epaiaren zain geratuko da auzia.
Albisteak (2)
Espainiako Auzitegi Gorenean Kataluniako prozesu independentistaren aurka duela lau hilabete hasitako epaiketa asteazken honetan amaituko da.
Gaurko saioan, Oriol Junqueras, Raul Romeva, Joaquim Forn, Jordi Turull, Josep Rull, Jordi Sanchez eta Carles Mundo auzipetuen abokatuek euren ondorioak azaldu dituzte.
Oro har, defentsak matxinadarik eta sediziorik izan ez zela frogatzen ahalegindu dira eta oinarrizko eskubideak errespetatzeko dei eginez amaitu dute.
Andreu Van den Eynde Oriol Junquerasen eta Raul Romevaren defentsako abokatua izan da txostena aurkezten lehena.
Van den Eyndek "disidentzia politikoa" Zigor Kodea baliatuz zigortu nahi izatea gaitzesteaz gain, "ideologia politiko baten eta mugimendu politiko independentistaren jazarpena" kritikatu du.
"Ideologia bat ezesten dute, eta, horrenbestez, nazioartean zabaltzea, ebazpen politikoak egitea eta bozketak aurrera eramatea zigortu egiten dute", azpimarratu du Generalitateko presidenteorde ohi eta kontseilari ohiaren abokatuak.
Auzian "oinarrizko eskubideak urratu direla" salatu du Van den Eyndek, eta akusazioen eta Fiskaltzaren jarrera kritikatu du, "joera eta gehiegikeria" erabili dituztelako.
Bestalde, Javier Melerok, Joquim Fornen abokatuak, Kataluniara bidalitako agenteak helburu politikoekin erabili zituztela egotzi die Poliziako buruei zein Estatuko arduradun politikoei.
Erreferendumerako adostutako planak ez zuen "bozketak eragozteko epailearen autoarekin zerikusirik; bai, ordea, homologagarria ez zen erreferenduma egiten ari zirela erakusteko helburu politikoarekin. Erreferendum itxura hartu ez zedila", esan du Melerok.
Egun hartan parte hartu zuten agenteen lanaren harira, agintarien gaitasun ezari egotzi die agenteen ospea kaltetu duen egoera eman izana, urriaren 1 hartan "egoera gaiztoa" jasan baitzuten.
Gainera, Generalitateko Gobernuak "arau-esparru jakin bat indarrez ezartzeko gaitasunik ez zuela" gaineratu du. Ildo horretan, "2017ko urriaren 27ko Kataluniako independentzia aldarrikapena eta trantsizio legea onartu ostean, boterea Espainiako Estatuaren esku jarri zuten", azaldu du.
Bestalde, Joquim Fornek Auzitegi Konstituzionalaren xedapenak bete ez zituela eta, hortaz, desobedientzia egin zuela onartu du abokatuak. "Horretan amore ematen dut", esan du. Hala ere, irailaren 20a Katalunia osoan miaketa eta atxiloketa eguna izan zela esan du, desordena publikoak izan baitziren, baita "gutxiengo batzuen erresistentzia jarrera ere".
Azken saioa
Epaiketaren azken saioa asteazken honetan egingo dute, hasi zela lau hilabete betetzen direnean.
Azken saioa 09:30ean abiatuko da. Jordi Cuixart, Carme Forcadell eta Dolors Bassa auzipetuen abokatuek euren ondorioak aurkeztuko dituzte.
Ondoren, Manuel Marchena magistratuak azken hitza emango die auzipetuei, nahi dutena esan dezaten. Bakoitzak 15 minutu izango ditu, gehienez.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa