21:24

Politika

Espainia

Pedro Sanchez izango da hautagaia inbestidura saioan

Agentziak | Erredakzioa

PP, Ciudadanos eta Unidas Podemosekin elkarrizketak datorren astean hasiko dituela iragarri du Sanchezek. "Ez dugu Bildurekin ezer adostuko", azpimarratu du.

0:41
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Kongresuan ordezkaritza duten alderdi guztiekin bildu ondoren, Felipe VI.a erregeak Pedro Sanchez sozialista Espainiako Gobernuko presidente izateko proposatu du, Meritxell Batet Ganberako presidenteak baieztatu duenez. Inbestidura saioa egiteko data erabaki beharko du orain.

Inbestidura saiatzeko erregearen mandatua "ohore eta erantzukizunarekin" onartzen duela esan du Sanchezek. Aldi berean, "Espainiako herriak azaldutako konfiantza" eskertu du presidentegaiak.

"Espainia zuzentzea ohore bat da", adierazi du Sanchezek Moncloa jauregian, Felipe VI.ak hautagai bezala proposatu ondoren.

Bestalde, PSOEk eta PSNk jarrera berdina dutela bermatu du Sanchezek. Zentzu horretan, Nafarroako Gobernua osatzeko EH Bildurekin ezer adostuko ez dutela ziurtatu du.

"Ez dugu Bildurekin ezer adostuko", azpimarratu du Sanchezek. UPNren eskaintzari erantzutea baztertu du oraingoz.

Sanchez: "Ez dugu Bildurekin ezer adostuko"

PSOEren "gehiengoari alternatibarik ez" dagoela nabarmendu du Sanchezek. Alderdi guztiei "behar den moduan erantzuteko" eskatu die buruzagi sozialistak. "Ez dago beste aukerarik: edo PSOEk gobernatu ala PSOEk gobernatu", azpimarratu du.

PP, Ciudadanos eta Unidas Podemosekin elkarrizketak datorren astean hasiko dituela iragarri du Sanchezek, baina gainerako indarrekin ere bilduko da, datozen lau urteetarako Gobernu egonkor baten inbestidura "lehenbailehen" lortzeko.

"Maila eman behar dugu, erantzukizun handia baita. Ni aurrena, eta egingo dudala esaten dizuet", adierazi du Sanchezek. "Oreka puntu hori aurkitzea" eskatu die hiru alderdi nagusiei, Gobernua osatu ahal izateko.

"Ez dago beste aukerarik: edo PSOEk gobernatu ala PSOEk gobernatu"

Sanchezekin bildu aurretik, Felipe VI.ena erregeak Pablo Iglesias, Albert Rivera eta Pablo Casado hartu ditu Zarzuela Jauregian.

Batzarra amaituta, Pablo Casado PPko buruzagiak agerraldia egin du eta Nafarroako Gobernuaren osaketa izan du hizpide. Ildo horretan, esan du bere alderdiak ez duela gaizki ikusten Navarra Suma koalizioa osatzen duten UPNko ordezkariek abstentzioaren alde egitea Pedro Sanchezen inbestiduran, horrek Nafarroan eskuineko koalizioak agintzea ahalbidetuko badu.

Casadoren esanetan, Alderdi Popularrarentzat ezinbestekoa da Navarra Sumak Foru Gobernua eta Iruñeko alkatetza eskuratzea.

Espainiako Gobernuari dagokionez, taktikak alboan batean uzteko eta legegintzaldiaren hasiera gehiago ez luzatzeko eskatu dio Casadok Sanchezi. “Alderdikeriak utzita, gobernagarritasunaren eta egonkortasunaren aldeko apustua egin behar du; arduraz jokatzeko unea da”, erantsi du.

Pablo Casado PPko buruzagia. Argazkia: EFE

Bestalde, Albert Riverak azpimarratu du Ciudadanosek oposizio irmoa egingo diola Pedro Sanchezen Gobernuari.

“Sanchezi Moncloan esan niona errepikatu diot gaur Erregeari: demokratak garen heinean, hauteskundeetako emaitza errespetatuko dugula, eta irabazi ez dugunez, oposizioan egongo garela eta ez dugula inbestidura babestuko”, adierazi du.

“Oposizio irmoa egingo dugu, baina eraikitzailea eta espainiarrekiko leiala”, erantsi du.

Halaber, ekimena hartzea eta gobernatzeko babesak lortzea Sanchezi dagokiola esan du, eta erraz daukala gaineratu du: Maraino Rajoyren aurkako zentsura-mozioarekin bat egin zuten taldeekin saiatzea, hain zuzen ere. “Badauka gobernatzeko gehiengoa, gehiengo hori osatzea da kontua”, nabarmendu du Unidas Podemosi eta alderdi abertzaleei aipu eginez.

Albert Rivera Ciudadanoseko buruzagia. Argazkia: EFE

Pablo Iglesiasek berretsi egin du Unidas Podemosek koalizio-gobernua osatu nahi duela PSOErekin, baina zehaztu orain programari buruz hitz egiteko unea dela, eta ez ministerioen banaketari buruz.

Iglesiasen ustez, Unidas Podemos Espainiako Gobernuan egotea izango da berme bakarra Sanchezek Ciudadonsekin itunik egin ez dezan.

Sanchezek koalizio-gobernua osatzea baztertuz gero, talde moreak zer egingo lukeen galdetuta, Iglesiasek ondokoa erantzun du: “Ez du uste boto gehien lortu duen hautagaia presidente izateko behar dituen babesak ziurtatuta izan gabe joango dela inbestidurara”.

Horrenbestez, zentzuzkoena koalizio-gobernu progresista eta egonkorra osatzea dela esan dio Iglesiasek Riverari.

Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusia. Argazkia: EFE

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena