Politika
Bilera Ajuria Enean
Agentziak | Erredakzioa
Hala ere, "elkarrizketaren eta akordioaren kultura" finkatzeko "zailtasunak" onartu dituzte lehendakariak eta Parlamenteko presidenteak.
Iñigo Urkullu lehendakariak eta Roger Torrent Kataluniako Parlamentuaren presidenteak bilera egin dute astearte honetan, Gasteizen. Egungo testuinguru politikoan "elkarrizketaren kultura" finkatzeko "zailtasunak" onartu dituzte bi buruzagiek, baina Kataluniaren eta Espainiako Estatuaren arteko "gatazka politikoari irtenbide demokratiko" bat emateko beharra azpimarratu dute.
Urkullu eta Torrent lehendakariaren egoitza ofizialean batzartu dira, Ajuria Enea jauregian, hain zuzen ere. Parlamenteko presidentea bidaia ofiziala egiten ari da Euskadin.
Ordu eta erdiko bilera "adeitsua" izan dute, Eusko Jaurlaritzako eta Kataluniako Parlamentuaren iturriek jakitera eman dutenez.
Kataluniako egoera politikoaren berri eman dio Parlamenteko presidenteak lehendakariari. Estatuan egindako azken hauteskundeen ostean, "arriskuen eta aukeren" inguruko iritzia azaldu dio Torrentek.
Era berean, hauteskundeen ondotik, agertoki politiko berriaren inguruko ikuspuntua azaldu dio lehendakariak Torrenti.
Erakunde berriak osatzeko prozesuan "elkarrizketaren eta akordioaren kultura" finkatzeko "zailtasunak" egiaztatu dituzte lehendakariak eta Parlamenteko presidenteak. Testuinguru politikoa "gero eta anitzagoa eta irekiagoa" dela onartu dute bi buruzagiek.
Hala ere, "Kataluniaren eta Estatuaren arteko gatazka politikoari konponbide demokratikoa" emateko "ekin" behar dela uste dute bi agintariek. Datozen asteetan erakundeetan osatu beharreko gehiengoak eta ardatz politiko ideologikoa "oso garrantzitsuak" izango dira Estatua, Katalunia eta Euskadiren etorkizunarentzako.
Bileran, 'argitasun zuzentarauaren' inguruko proposamena azaldu dio Urkulluk Torrenti; 'Europaren etorkizunari buruz Europar Batasunari proposatutako Euskal Ikuspegia' Eusko Jaurlaritzaren agirian dago jasota.
Proposamenaren bidez, "Europako proiektuaren parte diren estaturik gabeko nazioek, Euskadi bezala, herritarrei bermeekin galdetu eta elkarrizketa eta negoziaziorako bide bat zabaldu ahal izateko" arauzko bide bat planteatu du EAEko Exekutiboak.
Azkenik, behin-behineko espetxealdian edo atzerrian diren Kataluniako ordezkari politikoen egoera parlamentario eta prozesalarengatik galdetu du lehendakariak.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa