Politika
Araba
Agentziak | Erredakzioa
Bestalde, Daniel Garcia alkategaiak egindako proposamena berehala ezeztatu du Arabako PPk. Garciak koalizioari bi zinegotzigo eskaini dizkio, alkatetza bermatzearen truke.
Bastida (Araba). Artxiboko argazkia: Aintzane Prieto
Alderdi Popularreko hautagaiaren inbestidura erraztearen truke, Bastidako (Araba) PPk eskaintza "oso eskuzabal eta zehatzean" bi zinegotzigo proposatu dizkiola ziurtatu du EH Bilduk. Bestalde, Daniel Garcia Alderdi Popularreko alkategaiak egindako proposamena berehala ezeztatu du Arabako PPk.
Iragan astelehenean egindako bilera "lasaian", Bastidako PPk koalizioari eskaintzan egin zion, Bastida Buradon-Gatzagako EH Bilduk Facebook sare sozialean jakinarazi duenez.
Koalizioak azaldu duenez, bileran, PPk "eskaintza eskuzabal eta zehatza" egin zien. Konkretuki, Alderdi Popularrak Kirol eta Euskara Zinegotzigoa eta Gatzaga Buradoneko Zinegotzigo delegatua eskaini zien proposamenean.
EH Bilduk trukean PPko alkategaiaren inbestidura erraztuko luke Bastidako Udalean, balizko akordioaren arabera. Alderdi Popularrak irabazi zituen udal hauteskundeak (lau zinegotzi) Arabako herrian, baina EH Bilduren (bi zinegotzi) eta EAJren (hiru zinegotzi) arteko akordio batek alkatetza kenduko lioke.
EH Bilduren hitzetan, PP koalizioaren hauteskunde programako eduki "asko" gobernu programan barneratzeko prest agertu zen.
Jadanik EAJren proposamena ere jaso duela baieztatu du koalizioak. Hala ere, Alderdi Popularraren eskaintza "sakon" aztertuko duela ziurtatu du EH Bilduk.
Bestalde, "alkateak aukeratzeko eta udal gobernuak osatzeko EH Bildurekin edozein harreman irmo" ezeztatu du Arabako PPk agiri batean.
Iñaki Oyarzabal Arabako PPren presidenteak ziurtatu duenez, "ez da Bildurekin inolako akordiorik, elkarrizketarik edo negoziaziorik izango Arabako udaletan". Are gehiago, "koalizio independentistarekin edozein negoziazio erabat" gaitzetsi du Oyarzabalek.
Horregatik, "iraganeko zein etorkizuneko" edozein harreman ezeztatu du Arabako PPren zuzendaritzak. "Ez da EH Bildurekin akordiorik izango, ez Bastidan, ez inon", errepikatu du.
Arabako PPren Zuzendaritza Batzordeak jarrera hori arratsaldean berretsiko duela iragarri du Oyarzabalek, "beti defendatu izan dugun exijentzia demokratikoarekin koherentea delako". "Bilduk guztiz kontrako proiektu bat ordezkatzen du, eta Euskadiko PPk defendatzen dituen balioekin bateraezina da", erantsi duenez.
EH Bildurekin hitz egiteko orduan "batere arazorik" ez zuela onartu zuen Bastidako PPren alkategaiak, duela gutxi egindako adierazpenetan. Adostasunari "marra gorririk" jartzen ez ziola azaldu zuen Garciak. Alkategaiaren ahotan, mila bat biztanleko herriaren boto-emaileek hori bozkatu zuten.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa