Politika
Hitzarmenak
Agentziak | Erredakzioa
Alfonso Alonso popularren presidentea jeltzaleekin "hitz egiteko prest" dago, baina Navarra Sumaren gobernu bat oztopatzea eta EH Bilduren Estatutu proposamena babestea jarri ditu "marra gorritzat".
Alfonso Alonso. Foto: EFE.
Alfonso Alonso EAEko PPko presidentea Iñigo Urkullu lehendakariarekin "hitz egiteko prest" dago "benetako erreformak egiteko", baina bi "marra gorri" jarri ditu jeltzaleekin elkarlanean aritzeko: Nafarroako Foru Erkidegoan Navarra Sumak gobernatzea ekiditea eta EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean aurkeztu nahi duen Estatutua babestea.
Euskal popularren liderrarentzat, Urkullu "geldialdi" batean dago, legealdi hasieran beste etorkizun egongo zela uste zuen arren, "Gobernua babesten zuen gehiengoa" zegoelako. Kupoaren eta Kontzertu Ekonomikoaren inguruko akordioak baloratu ditu Alonsok. "Gauzak egin nahi zituen gehiengo bat zen", azpimarratu du.
Hala ere, Alonsok uste du gaur egungo egoeran "oso zaila" dela "ezer onartzea, Gobernua 'impasse' batean dagoelako", baina gehitu du ostiraleko kontrol saioan lehendakariak "egoera horretatik irten nahi zuela" esan zuen, zenbait lege proiektu aurkeztuta.
Alonsoren arabera, PPk Urkulluri esan dio "hitz egiteko prest" daudela "benetako erreformak egiteko", eta gogorarazi du ostiralean "adibidetzat" jarri zuela babes sozialeko sistema. Hezkuntzan eta fiskalitatean ere erreformak egin nahi dituela esan du Alonsok.
"Marra gorriak"
Hala ere, bi "marra gorri" jarri ditu Alonsok: "PPrekin elkarlanean aritzea ez da posible EAJk EH Bildurekin loturak indartzen edo ezartzen baditu". "Nafarroako tontakeriek ondorioak dituzte EAEn", gehitu du.
"Ez da posible PPrekin elkarlana egotea Nafarroan Navarra Sumaren aurkako alternatiba bat eratzen badute, EH Bildurekin lotzen badira hauteskundeak irabazi dituen koalizioaren tokia kentzeko. Horrek PPrekin elkarlanean aritzea eragozten du", nabarmendu du.
Gainera, Arnaldo Otegik iragarritako Estatutu bat aurkezteko asmoaz ere hitz egin du. Esan duenez, "Euskal Herria Kataluniaren dinamika berara eraman nahi du".
Horregatik, EAJri ohartarazi dio PPrekin elkarlanean aritzea "EH Bildurekin bide soberanista bat hastearekin bateraezina da". "Hurrengo hilabeteetan testu bat izango dugu mahaian, eta hor erabaki beharko da", esan du.
Nafarroa
Lehendakariari eta beste alderdien iritziei errespetua diela esan du Alonsok, eta gehitu du "alternatibak" emango dizkiola. "Nik esaten diot, erreformen bidera bazatoz, babesak izan ditzakezu, eta negoziatu dezakegu, baina agerikoa da nire alderdiak daukan muga oso argia dela, eta nire jarrera politikoa oso argia da: Nafarroako abenturek edo abentura soberanistek PPrekin elkarlanean aritzea eragozten dute", nabarmendu du.
Gainera, EAJri ohartarazi dio "Nafarroan ezkerreko alternatiba progresista izan nahi duen formulak Eusko Legebiltzarrean gehiengoa" duela.
Horregatik, "EAJk etorkizunera begirako gogoeta egin behar du", eta galdetu du ea zer esan nahi duen Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak "EH Bildurekin hitzartzea ez duela baztertzen esaten duenean".
Azpimarratu duenez, Nafarroan "seriotasuna" eskatzen du, "gauza arrarorik ez egitea" eta zerrenda bozkatuena errespetatzea. "Ziur nago sen ona gailenduko dela, seriotasuna, eta, gero, bakoitza behar duen tokian egongo dela, herritarrek jarri duten tokian, eta egoera hori ez dela gertatuko", esan du.
Eusko Legebiltzarrean
Hala ere, nabarmendu duenez, "PP ez dago elkarlana sakontzeko prest bi egoera hauetako bat gertatzen bada". "Nik gaizki ikusiko nuke PSE-EH Bildu-Elkarrekin Podemos alternatiba Eusko Legebiltzarrean. Eta, Eusko Legebiltzarrean gaizki ikusten dudanez, Nafarroako Parlamentuan oso gaizki ikusten dut", esan du.
EAEko popularren buruzagiak errepikatu du PPk "akordiorako nahia" duela, "legealdi hau salbatzeko, apur bat geldituta dagoelako, erreformak, legeak eta aurrekontuak ez direlako ateratzen".
Alonsok ez du baieztatu nahi izan lehendakariarekin hurrengo egunetan bilduko denik. "Sukaldeko gauzak ez ditut kontatzen", esan du, baina onartu du "noizbait hitz egin beharko dela", bestela "oso zaila delako aurrera egitea". "Hitz egingo dugu, baina bilkurak egiten baditugu ala ez baditugu egiten, ez dut iragartzen", bukatu du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa