Politika
EBB-ren bilera
Agentziak | Erredakzioa
Hasiera batean, zuzendaritza jeltzaleak ez du aurreikusten beste indar politikoekin biltzea, gainerako alderdiek "jadanik akordiorako edozein bide baztertu dutelako".
EAJko Euzkadi Buru Batzarraren (EBB) bilera. Artxiboko argazkia: EFE
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) udalak eta batzar nagusiak gobernatzeko balizko akordioak, hasiera batean, PSE-EErekin soilik negoziatzea erabaki du EAJren Euzkadi Buru Batzarrak (EBB) astelehen honetan. Jeltzaleen hitzetan, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek bat egiteko erabakia hartu dute, posible den tokietan EAJ "kanporatzeko" helburu "bakarrarekin". Bi indar politiko horien "borondate irmo eta obsesiboa da", kritikatu du EBBk.
Udal eta foru erakundeen gobernagarritasuna bermatzeko, akordioak ixteko aukerak aztertzeko sozialistekin harremanetan jarriko direla azaldu dute EAJren EBBko iturriek.
Hasiera batean, zuzendaritza jeltzaleak ez du aurreikusten beste indar politikoekin biltzea, gainerako alderdiek "jadanik akordiorako edozein bide baztertu dutelako".
Zentzu horretan, EH Bilduko eta Podemoseko buruzagien adierazpenak "sakon" deitoratu ditu EBBk. "Publikoki eta behin baino gehiagotan irmo eta modu obsesiboan posible zaien udaletan bat egiteko borondatea azaldu dute, EAJ kanporatzeko helburu bakarrarekin", salatu dute jeltzaleek.
Nafarroako erakundeak osatzeko negoziazioari dagokionez, Napar Buru Batzarraren (NBB) zein Geroa Bai koalizioaren erabakietan eta kudeaketetan "konfiantza osoa" du EBBk.
Horrela, EBBk bi negoziazio esparruak bereizi ditu, Joseba Egibar GBBko presidenteak agertutako irizpidearen aurka. Sozialistekin hiru negoziazio "erpin" aipatu zituen Egibarrek: udalak, Espainiako Gobernua eta Nafarroa. Azkenari garrantzia "handia" eman zion EAJren Gipuzkoako buruzagiak.
EAJrekin akordioa berritzearen alde azaldu dira sozialistak. Salbuspenik gabeko akordio orokorra nahi du PSE-EEk udaletan zein lurralde historikoetan. Azken horietan tirabira gehiago izan dituzte jeltzaleek eta sozialistek.
Itunarekin hiru aldundiak eta udal gehienak (hiru hiriburuak eta herri jendetsuenak barne) mantenduko lituzkete EAJk eta PSE-EEk. Gainera, EH Bilduri sei alkatetza (bost Gipuzkoan eta bakarra Bizkaian) "kentzeko" aukera dute, eta PPri beste bat Araban, nahiz eta aurreneko indarra ez izan.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa