Politika
Erreportajea
GAIZKA PALACIOS | EITB.EUS
Duela urtebete onartu zuten Diputatuen Kongresuan Mariano Rajoyren aurkako zentsura-mozioa. Politikarien arteko bilera sekretuak eta telefono dei ugari izan ziren aurreko egunetan.
Pedro Sanchez eta Mariano Rajoy zentsura-mozioaren eztabaidan. Artxiboko argazkia: EFE
Duela urtebete onartu zuten Diputatuen Kongresuan Mariano Rajoy Espainiako Gobernutik kanporatzeko zentsura-mozioa. Alabaina, Rajoyren gainbehera egun batzuk lehenago hasi zen, maiatzaren 24an, 'Gurtel auzia'ren epaia publiko egin zutenean, hain zuzen ere.
Ebazpena irmoa eta gogorra izan zen. Alderdi Popularra legez kanpo finantzatzen zela eta iruzurra egiteko egitura bat zeukala ebatzi zuten magistratuek; auzipetuei kartzela-zigor handiak ezarri zizkieten, eta epaiketan Rajoyk lekuko gisa eman zuen testigantza ere zalantzan jarri zuten.
Testuinguru horretan, Pedro Sanchezek zentsura-mozioa aurkeztea erabaki zuen. Badakigu dena nola bukatu zen. Baina zer gertatu zen aurreko egunetan? Orduan ez zegoen batere argi zentsura-moziorik egongo zenik, ezta nork zer egingo zuen ere. Tentsio handiko egunak izan ziren.
Maiatzaren 24an, lehendabiziko urratsa Albert Riverak eman zuen, Ciudadanosek Alderdi Popularrarekin zeukan ituna hautsi zuela iragarrita. Pablo Iglesiasek ere agerraldia egin zuen, PSOEk zentsura-mozioa aurkeztuz gero, babestu egingo zutela ziurtatuz.
Bitartean Pedro Sanchez isilik zegoen. Bere egoera ez zen samurra. Ahul zegoen. PSOEko baroi gehienak eta alderdia zuzentzeko primarioetan aurkari izan zuen Susana Diaz kontra zituen. Ez zuen bere burua indartsu ikusten eta, ondorioz, zalantzak zituen. Ez zekien zer egin. Hala ere, eta bere konfiantzazko pertsonekin bildu ostean, zentsura-mozioa aurkezteko erabakia hartu zuen, ezer ez egitearen ondorioak okerrago liratekeela ondorioztatuta.
Hasiera batean, oso gutxi ziren zentsura-mozioak aurrera egingo zuela uste zutenak. Areago, diputatu sozialista guztiek aho batez zentsura-mozioaren alde bozkatuko zutela ere zalantzan jarri zuten askok. PPko buruzagiak ere "lasai" zeuden, Sanchez babes nahikoa lortzeko gai izango ez zela eta bere saiakeran porrot egingo zuela uste zutelako.
Erabakia publiko eginda, PSOEk babesak bilatzeari ekin zion. Ciudadanosen aukera laster baztertu zuen; izan ere, Albert Riverak ez zuen zentsura-moziorik nahi, hauteskundeak berehala deitzea eskatzen zuen. Horrenbestez, Podemosen eta Euskal Herriko eta Kataluniako talde soberanista eta abertzaleen botoak bilatu behar izan zituen.
Maiatzaren 25etik 30era bitartean ordezkari politiko ezberdinen arteko hamaika bilera izan ziren Madrilen, eta telefono-deiak ere etengabeak izan ziren egun haietan.
Sanchezek Podemosen babesa ziurtatu zuen. EH Bilduk ez zuen inolako bilerarik egin PSOErekin, baina azken momentuan prest agertu zen bere botoak emateko. "Argi utzi nahi izan genuen gure botoak Mariano Rajoy Gobernutik kentzeko zirela, eta ez Sanchez babesteko", gogoratu du Marian Beitialarrangoitiak.
EAJrentzat, berriz, egoera deserosoa zen. 'Gurtel auzia'ren epaia publiko egin baino egun bat lehenago, Mariano Rajoyren aurrekontuak onartu zituzten jeltzaleek Kongresuan, 155. artikulua indarrean egon arren. Katalunian salbuespen egoera mantendu bitartean ez zituela Espainiako Gobernuaren aurrekontuak babestuko agindu zuen EAJk. "Amildegia ekiditeko jokatu dugu horrela", esanez justifikatu zuten jarrera aldaketa.
Espainiako eta Euskal Herriko enpresarien presioa ere izan zuten. CEOE eta Confebask patronalek zentsura-mozioaren alde ez bozkatzeko eskatu zioten EAJri. Rajoyk bazeukan eskaera horren berri eta enpresariek EAJren botoa baldintzatuko zutenaren itxaropena zuen.
Alabaina, EAJk oso argi zeukan ez zela PPren Gobernuaren sostengu bakarra izango, euskal gizarteak eta bere boto-emaileek horrelakorik ulertuko ez zutela jakinda. "Gu hasieratik izan ginen zintzoak Rajoyrekin, eta zera esan genion: zentsura-mozioak aurrera egitea edo ez, soilik gure esku badago, aurrera egingo du", azaldu du Andoni Ortuzarrek.
Nolanahi ere, EAJren botoak erabakigarriak izateko, ERC eta PDeCATeko talde parlamentarioetako ordezkariek ere baietz bozkatzea erabaki behar zuten.
Horrela, bada, Jose Luis Abalos PSOEko Antolakuntza idazkariak Joan Tarda ERCko bozeramaileari deitu zion. "Abalosek zer nahi genuen galdetu zidan, eta nik 'ezer ez' erantzun nion. Guk PP boteretik kendu nahi genuela azpimarratu nion", gogoratu du Tardak.
Hortaz, ERCren botoak bermatuta zituen Alderdi Sozialistak. Ez, ordea, PDeCATenak. Carles Puigdemontek ez zion babesik eman nahi Sanchezi. Kataluniarentzat Espainiako Gobernuan PP edo PSOE egotea gauza bera zela pentsatzen zuen. Horregatik, Kataluniako gatazka politikoari irtenbidea emateko konpromisoren bat lortzeko baliatu nahi zuen aukera hura. Beste era batera esanda, Puigdmontek ez zizkion bere botoak dohainik eman nahi Sanchezi.
Gauzak horrela, Marta Pascal PDeCAT alderdiko koordinatzaile ohiak paper garrantzitsua jokatu zuen. Zentsura-mozioa babestu behar zela ziur zegoen eta, kostata bada ere, Puigdemont konbentzitzeko gai izan zen. Hori bai, 2018ko uztailean, karguari uko egin zion Puigdemonten konfiantza ez zuela argudiatuta.
Lauzpabost egun haietan mugimendu asko izan ziren, eta iritziak anitzak dira. Diputatu askok uste dute Sanchezek egoerak behartuta aurkeztu zuela zentsura-mozioa. Beste batzuen arabera, negoziazio prozesua gehiago luzatu izan balitz, ez zen gai izango babes nahikoa lortzeko. Ildo horretan, badira PPk taktikoki gaizki jokatu zuela uste dutenak ere, zentsura-mozioaren saioa horren azkar egitea ahalbidetu izana Sanchezen onerako izan zela pentsatzen dutelako.
Iritziak iritzi, 2018ko ekainaren 1ean, Mariano Rajoyren aurkako zentsura-mozioa onartu zuten Diputatuen Kongresuan.
Urtebete geroago, PSOEk gora egin du, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente berria izango da eta Alderdi Popularra gainbeheran dago. Hala erakutsi dute apirilaren 28ko eta maiatzaren 26ko hauteskundeetako emaitzek. Hori bai, astebetean egoera politikoa nola irauli zen ikusita, nork jakin zein izango den egoera politikoa urtebete barru.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa