11:05

Politika

HERIOTZA

Herritar, ordezkari politiko eta instituzionalek azken agurra eman diote Rubalcabari

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

8.000 pertsona inguru igaro dira Diputatuen Kongresuko hil-kaperatik, ostiralean 20:30ean ireki zenetik. 17:00etan izango da hileta, igandean, intimitatean.

  • Familia sozialistak azken agurra eman dio Alfredo Perez Rubalcabari.

    Familia sozialistak azken agurra eman dio Alfredo Perez Rubalcabari. Argazkia: EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

14:00etan itxi dute larunbat honetan, Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusi ohiaren hil-kapera, Madrilgo Diputatuen Kongresuan, eta etengabeak izan dira gaur ere bisitak. Atzo, ostirala, hil zen politikari ezaguna, ictus baten ondorioz.

Dozenaka politikari eta ordezkari sozial zein instituzional igaro dira bertatik Perez Rubalcabari azken agurra emateko eta senideak babesteko. 8.000 herritar inguru ere joan dira azken bi egun hauetan Diputatuen Kongresuan jarritako hil-kaperara. Atzo 20:30ean ireki zutenetik, ilara luzeak izan dira Kongresu inguruan eta herritar horietako asko arrosa gorriak eskuan hartuta bertaratu dira.

Rubalcabaren hilkutxa bi banderarekin estali zuten atzo: Espainiako bat eta PSOEko beste bat, ukabila eta arrosaren ikurrarekin. Atzean, 'Bakea eta askatasuna dira bizitzeko gure era' esaldia duen kartela, buruzagi sozialistaren argazki irribarretsu baten ondoan.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea 09:00ak zirenean iritsi da Kongresura, eta Ana Pastor ganberako presidenteak egin dio harrera. Adriana Lastra, Micaela Navarro eta beste hainbat ministro sozialista ere bertan ziren lehen ordutik.

Pilar Goya, Rubalcabaren emaztea, pitin bat beranduxeago iritsi da, senide eta lagunak ondoan zituela. Alargunak eta senideek familia sozialista izan dute lagun Kongresuan jarritako hil-kaperan. Felipe Gonzalez, Jose Luis Rodriguez Zapatero eta Pedro Sanchez Espainiako hiru presidente sozialistak elkartu dira bertan.

Euskal sozialistak eguerdi aldera iritsi dira alargunari doluminak adieraztera: Idoia Mendia, Patxi Lopez, Jesus Egiguren, Rodolfo Ares eta Iñaki Arriola sailburua, besteak beste. Han izan dira Ramon Jauregui, Maria Chivite PSNko burua eta Jose Luis Corcuera eta Joaquin Almunia ministro ohiak ere. Kataluniatik Jose Montilla, Miquel Iceta eta egungo PSCren buruzagitza guztia joan da.

EAJren izenean Aitor Esteban eta Jokin Bildarratz Kongresuko eta Senatuko bozeramaileak izan dira eta alargunari nahiz Sanchez presidenteari Andoni Ortuzarrek idatzitako gutun bana eman diete.

PPko Federico Trillo, Pilar del Castillo eta Isabel Tocino ministro ohiak ere hil-kaperan izan dira gaur, eta Justiziaren arlotik Baltasar Garzon epailea ere ikusi ahal izan da.

Juan Carlos eta Sofia errege-erregina emerituak eta Portugaleko lehen ministro sozialista ere azken agurra ematera joan dira hil-kaperara, eta kultur mundutik Victor Manuel eta Ana Belen abeslariak izan dira Kongresuan.

Intimitatean ehortzi dute

14:00ak aldera atera dute hil-kutxa Kongresutik beilatokiko autoan sartzeko. Lehoien Atetik atera dute hil-kutxa, oso gutxitan irekitzen den tokitik, hain zuzen ere.

Dozenaka lagun zeuden kanpoan zain eta txaloka nahiz "ez zaitugu ahaztuko" oihuen artean agurtu dute. Alargunarentzat eta Sanchez presidentearentzat ere animo mezuak izan dituzte.

Jendea tarte luzez egon da txaloka eta hunkitu egin dira han ziren buruzagi sozialistak eta Perez Rubalcabaren senideak. Pilar Goya alarguna agurtu dute ondoren, eta hilotza lagunduz abiatu dira hilerrirantz.

Arratsaldean erraustu dute Tres Cantoseko hilerrian (Madril) eta igandean, 17:00etan izango da hileta, intimitate osoan.

Oihal handi bat zintzilikatu dute Ferrazen "Eskerrik asko Alfredo" zihoena

Rubalcabaren omenezko pankarta edo oihala zintzilikatu du PSOEk bere Madrilgo egoitzaren atarian. Perez Rubalcabaren argazki bat ageri dira bertan eta "Eskerrik asko Alfredo" hitzak.

Alderdi sozialistak bihar berrekingo die M26 hauteskundeetako ekitaldiei, ezusteko heriotza hau dela eta egin duten geldialdiaren ondoren.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena