15:34

Politika

PSOE

Alfredo Perez Rubalcaba hil da

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

PSOEko buruzagi historikoa eta Espainiako Gobernuko presidenteorde ohia 67 urterekin hil da. Iktusa izan zuen asteazkenean.

1:43
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Espainiako Gobernuko presidenteorde eta PSOEko idazkari nagusi ohi Alfredo Perez Rubalcaba zendu da, 67 urterekin, asteazkenean izan zuen iktusaren ondorioz, Gregorio Martinez familiaren bozeramaileak informatu duenez.

Buruzagi sozialistaren hil-kapera 20:30etan jarriko dute Diputatuen Kongresuan. Larunbatean, 09:00etatik 14:00etara egongo da irekita.

Madrilgo Puerta de Hierro Majadahonda ospitalearen atarian, Martinezek azken bi egunetan jasotako errespetua eta maitasuna eskertu ditu, Pilar Goya emaztearen, familia osoaren, unibertsitateko lankideen, ikasleen eta sozialista guziten izenean.

Ospitaleko lantaldeari ere eskerrak eman dizkio Martinezek, politikariari eskaini dioten arretagatik eta erakutsitako profesionaltasunagatik. Rubalcabaren Kabineteko burua izan zen Martinez, Barne ministerioan.

"Hedabideek egun hauetan emandako tratua eskertzen dut. Familiaren izenean, eskerrik asko", bukatu du.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak bere agenda ofiziala bertan behera utzi du eta Rubalcaba hil den ospitalera joan da.

Rubalcaba "Estatu gizona" eta "sozialista konprometitua" izan zela eta "bizitza guztia Espainiaren mesedetan" eman zuela azpimarratu du.

Halaber, ETAren amaierak eta "aurrerapen sozial handiek" bere sinadura daramatela adierazi du.

"Eskerrik asko, Alfredo. Denok, Espainia eta PSOE, zurekin zorretan egongo gara beti. Nire maitasuna, Pilar, familia eta lagunei", idatzi du Sanchezek Twitter sare sozialean.

Bestalde, Rubalcabaren heriotza dela eta, Alderdi Sozialistak ostiral eta larunbat honetan aurreikusita zituen kanpainako ekitaldi guztiak bertan behera uztea erabaki du.

Politikaren mundua, Rubalcabaren heriotzaren aurrean

Rubalcabaren heriotza izan dute hizpide Estatuko nahiz Euskal Herriko ordezkari politikoek eta erakundeetako karguek.

Horrela, PSOEk tristuraz eta saminez hartu du berria, eta Rubalcaba "Estatu ikuspegiarekin" aritu zela azpimarratu du.

Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia "oso minduta" azaldu da. "Ezinezkoa da Alfredo Perez Rubalcabari zor diogun guztia zenbatzea. Askatasunen alde, ideia sozialisten alde, terrorismorik gabeko Euskadi baten alde eta inork ez bezala maite zuen Espainiaren alde borroka egin zuen. Euskal sozialismoak ez zaitu inoiz ahaztuko", esan du.

Jesus Eguiguren PSE-EEko presidente ohiak Rubalcaba "negoziatzen eta arazoak konpontzen apartekoa" zela nabarmendu du, eta esan du "beti" eskertuko diola 2005ean ETArekin izandako elkarrizketetan Espainiako Gobernua ordezkatu zuenean erakutsitako konfiantza.

"Gizon aparta zen, politikari bikaina, oso inteligentea, gutxik daukaten komunikatzeko ahalmena zuen", erantsi du.

Espainiako Gobernuko presidenteordearekin izan zuen "harreman handia" nabarmendu du Iñigo Urkullu lehendakariak, "bakearen aldeko borrokaren momentu zailetan". Gainera, urtero gogoratzen duela esan du, urriaren 20an, ETAk jarduera armatua amaitu duela iragarri zuen egunean.

Rubalcaba "gizartearen zerbitzura" egon dela esan du, "bokazio politikotik", "pertsona langilea eta nekaezina, sendoa bere konbikzioetan eta elkarrizketara irekia" izan dela.

Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidenteak doluminak helarazi die familia eta alderdikideei. "Nire doluminak adierazten dizkiot Alfredo Perez Rubalcabaren familiari. Kongresuan urte biziak bizi genituen, eta bere parlamentarismo trebea miresten dut. Besarkada PSOEren familiarentzat", esan du presidenteak eta diputatu ohiak.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena