15:18

Politika

Europako hauteskundeak

Puigdemont, Comin eta Ponsati Europako hauteskundeetatik kanpo utzi dituzte

Agentziak | Erredakzioa

Hauteskunde Batzorde Zentralak bertan behera utzi ditu Kataluniako presidente ohiaren zein Antoni Comin eta Clara Ponsati kontseilari ohien hautagaitzak.

  • Carles Puigdemont Alemanian

    Carles Puigdemont Alemanian. Artxiboko argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Hauteskunde Batzorde Zentralak Europako hauteskundeetatik kanpo utzi ditu Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiaren zein Antoni Comin eta Clara Ponsati kontseilari ohien hautagaitzak.

Horrenbestez, PPk eta Ciudadanosek aurkeztutako helegiteak onartu ditu hauteskunde batzordeak, JxCat alderdiak Puigdemont, Comin eta Ponsatiren hautagaitzak aurkeztu baititu maiatzaren 26ko hauteskundeetarako. Puigdemontek, Cominek eta Ponsatik 2017ko azaroaren 27an ihes egin zuten Espainiatik, Kataluniako independentzia aldarrikapena egin ostean.

Hauteskunde Batzorde Zentralaren erabakiaren aurka helegitea aurkeztuko dutela esan dute JxCaten iturriek, Puigdemont, Comin eta Ponsati alderdiaren lehena, bigarrena eta hirugarrena baitira.

Gonzalo Boye Puigdemonten abokatuak Twitter bidez zabaldu duenez, "atzoko hauteskundeetan independentismoak garaipena lortu ondoren, Hauteskunde Batzorde Zentralak Carles Puigdemont Europako hauteskundeetarako zerrendatik kanpo uztea erabaki du beste garaipen bat saihesteko". "Europako hauteskundeen bideragarritasuna arriskuan jarri dituzte", gaineratu du.

Bestalde, Puigdemontek, Cominek eta Ponsatik agiri batean jakinarazi dutenez, "ekintza juridiko guztiak abiatuko ditugu Espainian eta Europan" hauteskundeetara aurkeztu ahal izateko. Izan ere, "boto-eskubide pasiboaren oinarrizko eskubidearen urraketa nabarmena da", hiru politikari katalanen iritzian.

JxCatek Boye, Trias eta Talegon proposatu ditu "behin-behinean" Puigdemont, Comin eta Ponsati ordezkatzeko

Junts per Catalunyak (JxCat) Gonzalo Boye abokatua, Xavier Trias Bartzelonako alkate ohia eta Beatriz Talegon kazetaria proposatu ditu "behin-behinean" Carles Puigdemont, Toni Comin eta Clara Ponsati ordezkatzeko.

Josep Costa abokatu eta Kataluniako Parlamentuko lehen presidenteordeak Hauteskunde Batzorde Zentralaren kontra egin du eta helegiteak iragarri ditu Auzitegi Gorenean, Auzitegi Konstituzionalean eta Luxenburgoko Justizia Auzitegian. Haren esanetan, maiatzaren 26ko hauteskundeen aurretik ebatzi behar dira helegiteak.

Abokatuak iragarri duenez, azkenean Puigdemont, Ponsati eta Comin Europako hauteskundeetatik kanpo uzten badituzte bozak inpugnatuko dituzte.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena