Politika
Presoak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Giza Eskubideen Europako Auzitegiak tratu txarrak jasan zituztela berretsi ostean, Igor Portuk eta Mattin Sarasolak haien aurkako zigorrak aztertzeko helegite bana aurkeztu zuten.
Igor Portu ospitalera eraman behar zuten Guardia Zibilaren esku zegoenean.
Espainiako Auzitegi Gorenak atzera bota ditu Igor Portu, Mattin Sarasola eta Mikel San Sebastian presoei ezarritako kartzela-zigorrak aztertzeko eskaerak, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Portuk eta Sarasolak tratu txarrak jasan zituztela ebatzi zuen arren.
2010ean, Auzitegi Nazionalak 1.040 urteko espetxe-zigorra ezarri zien hirurei, lau urte lehenago ETAk Madrilgo T-4 aireportuan egin zuen atentatua dela eta.
2018an, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainia zigortu zuen, atxiloketaren unean eta Guardia Zibilaren esku egon ziren egunetan Portuk eta Sarasolak tratu txarrak pairatu zituztelako.
Gauzak horrela, ebazpen horren ondotik bi presoek helegite bana aurkeztu zuten Auzitegi Gorenean, zigorrak tratu txarren ondorioz lortutako testigantzetan oinarritzen zirela esanez eta epaia berriro aztertzeko eskatuz.
Alabaina, Gorenak aukera hori baztertu du, Europako Auzitegiaren ebazpena 2011n Gorenak eman zuen beste epai bati –Portu eta Sarasola torturatzeagatik hainbat guardia zibil errugabe jo zituen ebazpena- lotuta dagoela iritzita, eta ez Portu eta Sarasola zigortu zituen Auzitegi Nazionalak eman zuen epaiari.
Halaber, eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiak tratu txarrak jasan zituztela berretsi bazuen ere, Gorenak dio ebazpen horrek ez duela zehazten bi atxilotuek emandako testigantzak tratu txar horien ondorio izan zirenik.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa