Politika
Audioak
Agentziak | Erredakzioa
Orduko Barne ministroa eta Espainiako gobernuburua jakinaren gainean zeudela azaldu zion Jose Angel Fuentes Gago inspektore buruak Venezuelako politikari bati.
Mariano Rajoy eta Jorge Fernandez Diaz ekitaldi batean.
Jorge Fernandez Diaz orduko Barne ministroak eta Mariano Rajoy Espainiako gobernuburuak Podemosen inguruko informazioa lortzeko kudeaketen berri zutela jakinarazi zion Jose Angel Fuentes Gago inspektore buruak, Eugenio Pinoren konfiantzazko gizonak, Venezuelako politikari bati. Pino Poliziaren bigarrena zen garai hartan.
Espainiaren New Yorkeko kontsulatuan Fuentes Gago, Espainiako beste bi polizia eta Rafael Isea Hugo Chavezen Gobernuko Finantza ministro ohia bildu ziren. Batzar horretako audioak aurreratu ditu moncloa.com atariak asteazken honetan.
Bileran, Venezuelak CEPS Fundazioa finantzatu zuela frogatzeko agiri bati (7,1 milioi euro) balioa eman zion Iseak, adierazpen bat sinatuz. Podemos CEPS Fundaziotik jaio zen.
Sinadura baino lehen, poliziek nortasun berri bat eskaini zieten Iseari eta haren familiari. Polizien artean Jose Manuel Garcia Catalan UDEFeko jarduneko buruzagia zegoen.
“Nik Espainiako Barne ministroarekin hitz egin dut, eta Espainiako Barne ministroak Espainiako gobernuburuarekin hitz egin du. Zuk Espainian agiriak behar dituzten pertsonen izenak eman eta pertsona horiek laguntzea da nire agindu bakarra, nortasun berri bat edo bizitza berri bat emateko, zuek babesteko. Hori da nire konpromisoa. Hori da jaso dudan agindua. Hik esan eta egingo dugu”.
moncloa.com-ek eta ondoren El Confidencial-ek testua zabaldu dute. Fuentes Gagok eskaintza egin eta zuzenean Fernandez Diaz eta Rajoy aipatzen ditu.
Elkarrizketaren beste une batean, inspektore buruak Espainiako Poliziaren inplikazioa eskaintzen du, Isearen familia Venezuelatik ateratzeko. “Hori maila gorenera bermaturik dago. Benetan diot”.
Fuentes Gago Kitchen auzian ikertzen ari dira, Luis Barcenas PPko altxorzain ohia zelatzeko operazioarekin lotuta, eta Espainiatik ateratzeko debekua du. Eugenio Pinoren konfiantzazko gizona izan da Polizian, eta bilera egin zuten unean Barne Ministerioko agregatua zen Hagan (Herbehereak).
2015eko abenduan hauteskundeak egin ondoren izan zen batzarra, Espainian blokeo politikoa zegoenean. Ordurako PISA txostena argitaratu zuten, Podemosen ustezko finantziazioari buruz: Venezuela eta Iran.
Podemosen finantziazioari buruzko txostenak edo Venezuelako Gobernuak Pablo Iglesiasi Grenadinak zerga-paradisuan egindako ordainketak argitaratu zituzten zenbait komunikabidek, baina ez zuten inolako ibilbide judizialik izan.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa