Politika
Memoria historikoa
Agentziak | Erredakzioa
Gorpuzkiak Nafarroako Gobernuak, Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean, hobitik atera ditu. Ezin izan dituzte identifikatu.
Albisteak (3)
1936ko kolpe militarrean hildako 46 biktimaren gorpuzkiei lur eman diete astelehen honetan, Iruñeko Hilerriaren Panteoi Errepublikarrean. Gorpuzkiak Nafarroako zenbait hobitatik atera dituzte. Foru Erkidegoko agintari nagusiak ekitaldian izan dira.
Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidentea, Ainhoa Aznarez Parlamentuko presidentea eta Joseba Asiron Iruñeko alkatea, besteak beste, ekitaldian izan dira. AFFNA-36 Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak antolatu du, Foru Exekutiboarekin eta hiriburuko Udalarekin elkarlanean.
Gorpuzkiak Nafarroako Gobernuak, Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean, hobitik atera ditu. Ezin izan dituzte identifikatu.
Gorpuzkien 46 kutxak hilerriaren ateetan hartu dituzte. Horietako bakoitza bandera errepublikarrarekin estali eta panteoira eraman dute. Bertan agintariak, elkarteko kideak eta Iruñeko bizilagunak zituzten zain.
Ekitaldia Iruñeko Hilerriaren Panteoi Errepublikarrean. Argazkia: EFE
Asiron alkateak ekitaldian azpimarratu duenez, “pertsona horien memoria eta duintasuna berreskuratu nahi ditugu, beste hainbat bezalaxe, Gerra Zibilean eta frankismoan hil zituztelako; hobiratzearen ziurtasunik, heriotzaren egiaztagirik eta memoriarik gabe”.
“Krimen haien inpunitatea onartu duen isiltasun palioa pixkanaka-pixkanaka hausten doa, baina oraindik asko dago egiteko, guretzako gaur omendutakoak ez direlako soilik hezurrak, batzuek dioten bezala”, erantsi du alkateak.
Zentzu horretan, “nahiz eta hezur bilatzaileak garela leporatu, urte gehiegi irauten ari den dolu amaiezin hori ixteko lanean jarraituko dugu”.
Bestalde, duela 80 urte gerra amaitu zela gogorarazi du Barkos presidenteak. “Ia 40 urtez errepresioa eta askatasun falta luzatu zituen diktadura ezarri zuten”, gaineratu du.
Presidentearen hitzetan, “batzuek esaten dutenaren aurrean, gaurkoa bezalako ekitaldiek, zauriak ireki beharrean, ixteko laguntzen dute, frankismoko indarkeriaren zauriek zabalik jarraitzen dutelako”.
Biktimen hilkutxak ekitaldian: Argazkia: EFE
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa