08:49

Politika

KATALUNIA

Torrak adierazpen askatasunaren aldeko mezua jarri du lazo horien tokian

AGENTZIAK

Kataluniako presidentearen arabera, batzordeak hartutako erabakiak 'bidegabeak dira arbitrarioak' direlako, eta helegitea iragarri du.

0:37
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Generalitateak Kataluniako hainbat eraikin publikoen fatxadetan jarriak zituen begizta zuri eta horien pankartak kendu ditu eguerdian. Ekonomia Kontseilaritza izan da agindua betetzen lehena, eta gerora Generalitateko jauregian jarrita zegoena ere kendu dute.

Dena dela, Quim Torra Generalitateko presidenteak ohar batean jakinarazi duenez, Hauteskunde-batzorde Zentralaren kontrako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztuko du gaur bertan, eta datorren astean kereila jarriko du Estatuko erakunde horren aurka prebarikazio delitua egotzita.

12:30erako minutu gutxi geratzen zirela, bi langile atera dira Generalitateko jauregiko balkoira eta eskegita zeuden bi pankartak kentzeari ekin diote. Aurrez, gauza bera egin dute Ekonomia Kontseilaritzan.

Horrenbestez, Hauteskunde-batzordeak emandako epea (15:00ak) baino lehen kendu dituzte ikurrok, eta bost minutu geroago jarri dute pankarta berria, "Iritzi eta adierazpen askatasuna" aldarrikatzen duena.

Batzordeak Generalitateko Barne Kontseilaritzari, Esquadra mossoei agindua zien eraikuntza publikoetatik lazoak, esteladak, pankartak eta "sinbolo partidistak" kentzeko. Halaber, zaintza lanak egitea ere galdegin zion, sinbolo horiek eraikin publikoetan berriro jar ez daitezen.

Kataluniako presidenteak oharrean dioenez, Hauteskunde-batzordearen ebazpenak "bidegabeak dira arbitrarioak direlako, eta horren adibide da bart bidalitako notifikazioa: presidenteari legeak baimentzen ez dituen gauzak egiteko agindua ematen zaiolako".

Torraren esanetan, batzordeak urraketa larria ikusi du karteletan, baina ez du irregulartasunik atzeman "alderdi politiko bat Auzitegi Gorenaren aretotik egiten ari den kanpainan; Hauteskunde-batzorde Zentraleko bi kide hainbat hautagai epaitzen ari dira".

Kataluniako presidenteak ohartarazi du "adierazpen askatasuna defendatzen" jarraituko duela eta "ondorioak" onartzeko prest dagoela. Horrez gain, Torrak salatu du Estatua katalanen eskubide zibilak urratzen ari dela, autodeterminazio eskubidea barne.

Azkenik, etxeko balkoi eta leihoak "esteladez eta begizta horiz betetzeko" deia egin die herritarrei.

Batzordearen hiru bideak

Atzo, Generalitateak 10:30 aldera pankarta berri batekin estali zuen aurretik fatxadan eskegita zegoena, eta Hauteskunde-Batzordeak erretiratzeko agindu zuena. Zaharraren gainean jarri zuten, kartzelan eta erbestean dauden buruzagi independentisten aldeko mezu berarekin ("Llibertat presos polítics i exiliats. Free political prisoners and exiles"), baina marra gorri bat duen lazo zuri batekin. Aldaketa hori ez da nahikoa izan Hauteskunde-batzordearentzat.

Bi ordu baino gehiagoko bileraren ondoren, eskura dituen hiru bideak martxan jartzea erabaki zuen atzo Hauteskunde-batzordeak.

Alde batetik, mossoei "ikur alderdikoiak" erretiratzeko agindua ematea eskatu zion Generalitateko Barne Kontseilari, "neutraltasun betebeharra urratzen eta preso politikoez hitz egiten jarraitzen dutelako, eta horrek alderdi zehatzeko hautagaiak dira".

Bigarrenik, Quim Torra Generalitateko presidenteari espedientea zabaltzea adostu zuen, ikurrak kentzeko aginduak ez betetzeagatik. Ondorioz, 300-3.000 euro arteko isuna jar diezaiokete.

Azkenik, bide penala abiatu zuen; izan ere, Hauteskunde-batzordeak ikerbidea Fiskaltzari igorri zion, desobedientzia delituaren zantzuak ikusita. Kargu publikoan aritzeko debekua eta kartzela-zigorra ezar diezaiokete Quim Torrari.

Kataluniako Fiskaltza Nagusiak auzitara eramango du Torra, Hauteskunde Batzorde Zentralak lazo horien harira emandako agindua ez betetzeagatik.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena