18:46

Politika

KATALUNIA

Generalitateak mezu bera eta lazo zuria duen pankarta batekin estali du aurrekoa

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Kataluniako Generalitateak 10:30 aldera berri batekin tapatu du Hauteskunde-Batzordeak erretiratzeko agindu zuen pankarta. Berriak lazo zuria du, marra gorri batekin estalita. Mezua, ostera, bera da.

0:45
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Katalunian, Generalitateak 10:30 aldera pankarta berri batekin estali du aurretik fatxadan eskegita zegoena, eta Hauteskunde-Batzordeak erretiratzeko agindu zuena. Zaharraren gainean jarri dute, kartzelan eta erbestean dauden buruzagi independentisten aldeko mezu berarekin, baina lazo zuri batekin. Lazo zuriaren gainean marra gorri bat ageri da.

Goizeko lehen orduan lazo horia zuen pankarta zegoen oraindik Generalitateko fatxadan, "Llibertat presos polítics i exiliats. Free political prisoners and exiles" mezuarekin batera. Gerora, testu bera eta lazo zuria duen pankarta eskegi dute gainean.

Pankarta berriak aurrekoaren diseinu eta tamaina berdina du, eta hainbat lagunek zabaldu dute balkoian.

Halaber, Bartzelonako Udaleko garbiketako bi langilek Generalitateko Jauregiaren eta udaletxearen atariko hesietan zeuden lazo horiak kendu dituzte, baina gutxira ekintzaile batek berriak jarri ditu.

Atzo, hauteskunde garaian lazo horiak eta sinbolo politikoak Generalitatearen eraikin publikoetatik kentzeko gomendatu zion Rafael Ribo Kataluniako Herritarren Defendatzaileak Quim Torrari.

Torra: "Jada ez dago lazo horirik, ezta esteladarik ere"

Bestalde, Torrak idatzia igorri dio arratsalde honetan Espainiako Hauteskunde Batzordeari, Generalitateko eraikin publikoetan jada lazo horirik eta esteladarik ez dagoela azpimarratuz eta, ondorioz, Ciudadanosek jarri zuen salaketa atzera bota dezala eskatuz.

"2019ko martxoaren 11n Espainiako Hauteskunde Batzordeak eskatutakoa beteta, gaur jada ez dago esteladarik nahiz lazo horirik Generalitateko eraikin publikoetan", dio testuak.

Hauteskunde Batzordeak, berriz, txostena eskatu dio gaur Espainiako Gobernuak Katalunian duen ordezkaritzari, lazo horiak eta esteladak Kataluniako eraikin publikoetatik erretiratu diren ala ez egiaztatzeko.

Hauteskunde Batzordeko kideek aukera ezberdinak izango dituzte mahai gainean, besteak beste, gaur jarritako ikurrak kentzeko eskatzea, zigor administratiboa ezartzea edo auzibide judiziala abiaraztea. Halaber, 3.000 euroko isuna eza diezaiokete hauteskundeetarako araudia ez betetzeagatik.

Iragan astean, Hauteskunde Batzordeak 48 orduko epea eman zion Generalitateko presidenteari sinbolo horiek kentzeko. Halaber, asteartean beste 24 orduko epea eman zion. Dena dela, Torrak entzungor egin zien ohartarazpenei, gaur aipatu sinboloak ordezkatu dituen arte.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena