23:28

Politika

Katalunia

Begizta horiak beste ikur batez ordezkatzeko aukera aztertzen ari da Generalitatea

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Kataluniako Herritarren Defendatzaileak hauteskunde garaian eraikin publikoetatik begizta horiak kentzea babestu du, eta Torrak gomendioa onartuko duela esan du.

  • Generalitatearen Jauregian eskegitako pankarta.

    Generalitatearen Jauregian eskegitako pankarta. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Rafael Ribo Kataluniako Herritarren Defendatzaileak uste du hauteskunde garaian ez dela begizta horirik eta esteladarik izan behar Generalitatearen eraikin publikoetan, eta hala esan dio gaur Quim Torra presidenteari.

Torrak arratsaldean jakinarazi du gomendioa onartuko duela, baina, aldi berean, berretsi egin du berak ez duela ikur horiek kentzeko agindurik emango.

Nolanahi ere, begizta horiak eta esteladak Generalitatearen egoitzetatik kentzeko Espainiako Hauteskunde Batzordeak Torrari eman zion epea agortuta dago jada. Batzordea ostegun honetan bilduko da eta kasu honetan zer egingo duen erabaki beharko du. Aukerak hiru dira: auzia Fiskaltzaren esku uztea; espediente bat irekitzea; edo Esquadra Mossoei aipatu ikurrak kentzeko agindua ematea.

Kataluniako Gobernuko presidenteak ohar bidez jakinarazi du Herritarren Defendatzailearen erabakia onartzen duela, baina azpimarratu egin du ez duela Espainiako Hauteskunde Batzordeak esandakoa beteko eta, beraz, ez duela ikurrak kentzeko agindurik emango.

Informazio agentzien arabera, Torra begizta horiak beste ikur hori batez ordezkatzeko aukerak aztertzen ari da orain.

Herritarren Defendatzaileak, laburbilduz, zera dio txostenean: urte guztian, adierazpen askatasuna gailendu behar dela eraikin publikoetan, baina hauteskunde garaian, Espainiako Hauteskunde Batzordeak esandakoa babesten duela.

Horrez gain, dokumentua joan den ostiralean egin zutela eta Torrak ondorioak harrezkero ezagutzen zituela kontatu du Ribok, telefonoz hitz egin zutelako biek. Alabaina, dokumentua publiko ez egitea erabaki zuen, presidenteak hainbat argibide eskatu zizkiolako.

Besteak beste, hauteskunde garaia zer den argitzeko eskatu zion Torrak. Hauteskunde garaia, hauteskundeak deitzen diren unetik bozketa eguna amaitu arteko epea dela azaldu zion Herritarren Defendatzaileak. Zalantzak guztiak argituta, dokumentuaren xehetasunak asteazken honetan azaldu dituzte.

Generalitateko Jauregiaren fatxadan begizta hori bat eta "Preso eta erbesteratu politikoak askatu" lelodun pankarta bat dago eskegita. Litekeena datozen orduetan kentzea eta horren ordez beste ikur hori bat jartzea.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena