Politika
Legeak aginduta
Bartzelonak xingola horia kendu du udaletxeko fatxadatik
Agentziak | Erredakzioa
Udaleko idazkari nagusiak egindako txosten baten arabera, sinbologia berehala kentzeko betebeharra zuen Colauren udal gobernuak.
-
Estelada, lazo horia eta preso politikoen askatasuna aldarrikatzen duen kartela Udaletxean. EFE
Bartzelonako Udalak xingola horia kendu du udaletxeko fatxadatik, atzo arratsaldeak Hauteskunde Batzordeak emandako aginduari jarraiki. Batzordeak 12 orduko epea eman zion Ada Colauren udal gobernuari sinbologia erretiratzeko.
"Bartzelonako Udalak hauteskunde eztabaida lasai eta eraikitzaile baten alde egin nahi du, judizializazioari baino politikari esparru gehiago emanez", adierazi dute Udaleko iturriek.
Ada Colauren Gobernuak txostena eskatu zion Udaleko idazkari nagusiari, eta horrek sinbologia berehala kentzeko betebeharra zuela jakinarazi zion. Txostena esku artean, segituan kendu zuten begizta.
Horrela dago orain Bartzelonako udaletxeko fatxada. Argazkia: EFE
Aurrez, ostegun arratsaldean, agindua eman zuen Hauteskunde Batzordeak, Alberto Fernandez Diaz PPko zinegotziak aurkeztutako salaketa baten ostean. Bezperan, pertsona talde batek xingola kendu zuen, baina Bartzelonako udaltzainek berriro jarri zuten.
Udalak jakinarazi du bost pertsona identifikatu dituela gertakariongatik eta epaitegietan salaketa aurkeztu dutela.