Politika
Dimisioa
Agentziak | Erreakzioa
EH Bildu eta Elkarrekin Podemos bat datoz dimisioaren bidez Osasun sailburu ohiak Osakidetzako LEPen irregulartasunen 'erantzukizun politikoa onartu duela' esatean.
Rebeka Ubera, EH Bilduko parlamentaria / Argazkia: EFE.
Oposizioaren arabera, Osakidetzako Lan Eskaintza Publikoan (LEP) izandako irregulartasunen ondoren, Jon Darpon Osasun sailburuaren dimisioa "berandu heldu da". Oposizioko alderdientzat, irregulartasunen "erantzukizun politikoa" onartzea dakar.
EH Bilduko legebiltzarkide Rebeka Uberak Darponen dimisioa "berandu heldu dela" deitoratu du, eta ohartarazi du "aurpegi aldaketa hutsa" ez dela neurri nahikoa LEPko irregulartasunena bezalako kasuak ez errepikatzeko.
Uberaren arabera, dimisioaren bitartez sailburuak oposizioetako irregulartasunen "erantzukizun politikoa onartu du".
Gainera, Darponek oposizioak Osakidetzako langileen egituran eredu aldaketa bat bultzatzeko aurkeztu dituen proposamenei "bizkarra eman diela" salatu du. EH Bildurentzat, aldaketa horiek beharrezkoak dira azken LEPan gertatutakoa errepika ez dadin.
Sailburu ohiak gertatutakoa "argitzeko" neurriak bultzatzeari uko egin izana kritikatu du Uberak, eta esan du bere dimisioa "oraindik egiteko geratzen den bidean beste urrats bat baino ez dela". "Aldaketa bat beharrezkoa da, inoiz baino gehiago, Osakidetzaren funtzionamenduan eta pertsonalaren ereduan", esan du.
Elkarrekin Podemosentzat, lehendakariari "ausardia eta ardura" falta zaizkio
Ekarrekin Podemosen legebiltzarkide Cristina Macazagarentzat, dimisioak ez du Darpon "duin egiten", eta Iñigo Urkullu lehendakariari "ausardia eta ardura" falta zaizkio, "beretar bat babestea nahiago izan duelako, guztion aukera berdintasunerako eskubidea babestea baino".
Macazagaren ustetan, dimisioaren bitartez Osasun sailburu ohiak "azkenean presioei men egin die, koherentea izan da eta dopatutako LPEren krisiaren kudeaketa txarraren erantzukizun politikoa onartu du".
Gainera, "dopatutako LPEren krisiaren hamar hilabeteetan" EAJ eta PSEren Gobernua "kargugabetze bat dimisioz mozorrotzen aditua" dela argi geratu dela uste du Macazagak, "bere gain erantzukizunik ez hartzeko". "Anestesien LPE nortzuk gaindituko zuten asmatzen zuen akta publiko egin genuenean, ezin genuen imajinatu Gobernuak akta hark baieztatzen zituen filtrazioak ukatuko zituenik", azaldu du.
Elkarrekin Podemosentzat, "onartzea arduratsua izango zatekeen, eta aukera bat bukaera jarri behar zitzaion usteldutako eredu bat zegoela onartzeko". Macazagak esan duenez, bere alderdiaren ekarpena "erabakigarria izan da legealdiz legealdi gaur arte iraun duen eredu ustelarekin bukatzeko".
Hala ere, deitoratu duenez, "Darponek eta Osakidetzako goi karguek dena ukatzea eta krisia amaitutzat jotzen saiatzea nahiago izan zuten, lotsa guztiak estaliz". Hurrengo astean Legebiltzarrean eztabaidatu behar zen gaitzespena "izan da sailburuaren dimisioa behartu duena", esan du.
Darponen lan ona azpimarratu du PPk
Euskadiko PPko presidente Alfonso Alonsok "sakon" deitoratu du sailburuak dimisioa eman behar izatea Osakidetzako LEPen "kudeaketa txarragatik". Egoera horrek Eusko Jaurlaritzaren "ahultasuna" eta "lidergo" falta agerian uzten duela uste du.
Sailburu ohiarekin "harreman ona" mantentzen duela esan du, eta bere lanaren gauza onak azpimarratu ditu.
Euskadiko PPko liderrak esan du ez dela "pertsonaren aurka jo behar", eta Osasun sailean utzitako "ondarea" defendatzearen alde agertu da.
"Tamalez, Osakidetzako oposozioen eskandaluan bere sailak egindako kudeaketa kaskarragatik dimititu behar izan du", esan du, eta gogorarazi du irregulartasunak Osakidetzako beste kargu batzuk ere "eraman dituela aurretik".
"Egoera honetara heldu behar izatea" deitoratu du PPko buruzagiak.
Darponen kontrako kanpaina "lotsagarria" salatu du EAJk
EAJk Eusko Legebiltzarrean duen taldeak sailburuaren kontrako "jazarpen eta eraisketa kanpaina" salatu du. Esan duenez, oposizioak modu "lotsagarrian" elikatu du sailburuaren gaineko "gezurra, zarata eta susmoa", baina bere kudeaketa "gardena eta arduratsua" izan da.
EAJ "erabateko babesa" adierazi dio, eta eskertu dio "2012tik Osasun sailean egindako lan handia".
"Herrialde honen interesak lehenesteak ondratzen du, jakinda bera ez dela azken lan eskaintza publikoan ustez izan diren irregulartasunen erantzulea", gehitu du.
PSE-EEk oposaketak egiten dituztenen "segurtasuna bermatzea" eskatu du
Natalia Rojo PSE-EEko parlamentariak "arrakastarik handiena" opa dio Osasun sailburu berriari, eta uste du "enplegu publikora heltzeko moduan erabateko segurtasuna eta gardentasuna bermatzera" bideratu beharko lirateke "ordezkari politikoen esfortzu guztiak".
Sozialistak nabarmendu duenez, sailburuak Legebiltzarraren agindu guztiak bete ditu, Fiskaltzaren eskuetan oposaketen ikerketari buruz zuen informazio guztia jartzea eskatzen ziotenak.
Zentzu horretan, ikerketapean dagoen LEPen "aurkeztu ziren 72.000 pertsonari segurtasuna bermatzea eta, batez ere, hurrengo deialdietan bermatzea" eskatu du.
"Afektu, errespetu eta begirune totala" adierazi dizkio lehendakariak
Iñigo Urkullu lehendakariak egindako "lana" eta "ardura" eskertu dizkio Darponi, eta bere agindupean Osasun sailak eta Osakidetzak lortutako emaitzak goraipatu ditu.
Darponi "afektu, errespetu eta begirune totala" adierazi dizkio Urkulluk, eta gehitu du "zaila dela erantzukizun publikoaren jardunean Jon Darpon sailburuak erakutsitakoa baino zintzotasun handiagoa aurkitzea ".
"Sailburuak egin duen lana hutsik gabekoa izan da", esan du lehendakariak, eta bere konpromisoa "osoa" izan dela azpimarratu du.
Urkullurentzat, Darponen kudeaketak "hiritarren osasun eta ongizate estandarren" hobekuntza nabarmena ekarri du.
Sailburu ohiaren kudeaketa kritikatu dute sindikatuek
ELAk Osakidetzan daukan arduraduna den Elena Saavedraren arabera, "positiboa" da dimisioa, baina "berandu heldu da". "Aurpegi aldaketa batean" ez geratzea espero du.
"Honek maiatzean egin zuen eztanda, eta maiatzetik denbora asko pasatu da. Ulertzen dugu sailburuak ez duela inoiz gertatutakoa ikertzeko eta argitzeko asmorik izan", kritikatu du.
LABentzat, irregulartasunak ezagutu zirenetik Darpon "errealitatea ezkutatzen, garrantzia kentzen, salatu zutenen kontra egiten eta ukaezina ukatzen saiatu da". Esan dutenez, Euskadi "ez da ustelkeriarik gabeko oasi bat", eta "izen aldaketa batek ez du zertan zuzendaritza aldaketa bat ekarri".
Gainera, urte hauetan Darpon "inposizioaren eta negoziatzeko borondate ezaren adibide argia" izan dela gehitu dute. "Urte hauetan, gainera, murrizketa larriak ezarri dira, Osakidetzaren langileen egoera nabarmen okerragotu dutenak", gehitu dute.
ESK sindikatuarentzat, hamar urte igaro behar izan dira Darponek "sistema ustel baten mantentzean izan duen erantzukizun politikoa onartzeko", eta Osakidetzako zuzendari berriari "egoerak eskatzen duen mailan aritzeko" eskatu dio, eta ez "EAJren komisarioa izateko eta sarraskia kontrolatzeko".
ESKren arabera, "Osakidetzan osasun publiko gardenagoa eta demokratikoagoa ekarriko duen prozesua hasteko ordua da, ospitaleetako eta osasun zentroetako 'taifa erreinuekin' bukatzeko, eta berdintasuna, meritua eta gaitasuna bermatuko dituen enplegu publikora sartzeko politika ezartzeko".
CCOOk esan duenez, LPEn gertatutakoa bi legealdi hauen "akabera" izan da. Sindikatuarentzat, "murrizketek, sindikatuekin egindako akordioak ez betetzeak eta kudeaketa negargarriak markatutakoak" izan dira. "Negoziaketa eta akordioaren bidea berriz hartzeko" eskatu dio sailburu berriari.
UGT Euskadirentzat, dimisioarekin batera "langile eta ordezkari sindikalenganako mespretxua bukatu behar da".
Komunikatu batean, sindikatuak ohartarazi du "Osasun sailean etapa berri bat ireki" behar dela, eta esan du "fede ona ez dagoela Osakidetzaren eta Osasun sailaren kode etikoan".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa