Politika
Hauteskunde-batzorde zentrala
Begizta horiek eta esteladek Generalitateko eraikin publikoetan jarraitzen dute
Agentziak | Erredakzioa
Hauteskunde-batzorde Zentralaren errekerimendua “betetzeko zailtasun legala” argudiatu du Quim Torrak. “Adierazpen askatasuna zentsuratzeko saiakera berri bat da”, salatu du Torrak sare sozialetan.
-
Generalitateko jauregiaren fatxada. Argazkia: EFE
Generalitatearen eraikin publikoetatik bandera esteladak eta begizta horiak kentzeko errekerimendua “betetzeko zailtasun legala” argudiatu du Quim Torra Kataluniako presidenteak. Torrak Hauteskunde-batzorde Zentralari idatzi bat bidali dio asteazken honetan. Erabakia “berriz aztertzeko” eskatu dio presidentak Batzordeari.
Hauteskunde-batzordeak 48 orduko epea eman zion Generalitateko presidenteari, esteladak eta begizta horiak kentzeko agindua eman zezan, Ciudadanosek salaketa aurkeztu ondoren. Epea agortu baino gutxi lehenago idatzia bidali du Torrak.
Esaterako, “preso politikoak eta erbesteratuak, askatasuna” leloarekin, pankartak Generalitateko jauregiaren fatxadan zintzilik jarraitzen du, begizta hori batekin batera.
Hauteskunde-batzordearen errekerimendua salatu du Torrak Twitter sare sozialean: “adierazpen askatasuna zentsuratzeko Espainiako Estatuaren saiakera berri bat da”.
El requeriment que em va fer la junta electoral és un nou intent de censura de la llibertat d'expressió per part de l’Estat espanyol. He respost amb aquestes consideracions:https://t.co/EUYof39lMD pic.twitter.com/7ykJr60ZFN
— Quim Torra i Pla (@QuimTorraiPla) 13 de marzo de 2019¿
“Bandera estelada hauteskundeetara aurkezten diren alderdien ikur bat dela eta erabilpena neutraltasun politikoaren aurkakoa dela adierazi zuen Hauteskunde-batzorde Zentralak”; hori gezurtatzen saiatu da Kataluniako presidentea bere helegitean.
Torrak begizta horiak kentzeari uko egiten baldin badio, “kendu eta desagertuko dira, zigortzeko prozesu bati hasiera emanez”, adierazi du Dolores Delgado Justizia ministroak Segovian.
Konkretuki, Hauteskunde-araubide Orokorraren Lege Organikoaren 153. artikuluaren arabera, “betebeharrezko arauen edozein urraketa, nahiz eta delitua ez izan, zigortuko du Hauteskunde-batzorde Zentralak”, 300 eta 3.000 euro arteko isunak buruzagiei edo funtzionarioei ezarriz.
Isunaz gain, aldi berean, Hauteskunde-batzordeak kasua Fiskaltzari igorri diezaioke, delitua dagoen azter dezan.