Politika
Inkesta
eitb.eus
EiTB Focus inkestak Udal eta Foru hauteskundeen inguruan galdegin die herritarrei, hauteskundeak egiteko urte bat falta denean.
Erakundeen kudeaketaren balorazioa. EiTB.
EiTB Focus inkestaren bederatzigarren alea 2018ko maiatzean kaleratu da eta 2019an izango diren Udal eta Foru hauteskundeak izan ditu ardatz, bai Euskal Autonomia Erkidegoak bai eta Nafarroakoak. Horrez gain, ETAren amaieraren inguruan eta “La Manada”ren epaiaz galdegin die herritarrei.
EAJk irabaziko lituzke 2019ko foru hauteskundeak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 2015eko emaitzak hobetuz, Gizaker enpresak EiTBrentzat egindako ikerketa soziologikoaren arabera lehen oldearen arabera.
Araban EAJ gailenduko litzateke, boto-asmoan lau puntu gora eginda eta Alderdi Popularrari lehen postua kenduta. EH Bildu litzateke bigarren indarra, boto-asmoan bi puntu gora eginda. PPk boto-asmoan 4,4 puntu galduko lituzke eta hirugarren postura jaitsiko litzateke. Elkarrekin Podemosek puntu bat galduko luke, baina laugarren postuan geratuko litzateke. Bosgarren postuan, PSE-EEk puntu eta erdi egingo luke atzera.
Bizkaian, EAJk bost puntu egingo luke hobera boto-asmoan, % 40ko langa gaindituta eta bere lehen postua indartuta. EH Bildu bigarren postuan egonkortuko litzateke, galdetutakoek iragarritako asmoen arabera, botoen % 19,7 eskuratuta. Elkarrekin Podemos, PSE-EE eta PPk, berriz, behera egingo lukete 1-2 puntu galduta.
EAJk Gipuzkoan egingo luke gehien gora, aurreko hauteskundeetan baino 6,8 puntu gehiago jasota. EH Bilduk bigarren postuan segituko luke, boto-asmoan 1,4 puntu gehiago eskuratuta. PSE-EEk, Elkarrekin Podemosek eta PPk bi puntu egingo lukete atzera, baina bakoitzak bere postuari eutsiko lioke.
EAJk boto-asmoan hobera egingo luke Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hiru hiriburuetan, eta Gasteiz ez beste bietan nagusituko litzateke —Gasteizen bigarren indarra litzateke, Alderdi Popularrarekin (PP) berdinduta—, EiTB Focusen azken makroinkestaren udal hauteskundeei buruzko bigarren oldearen arabera.
Nafarroako hauteskundeak
Nafarroako hauteskundeak Union del Pueblo Navarrok (UPN) irabaziko lituzke, bi eserleku galduko lituzkeen arren. Bestalde, Uxue Barkos buru duen lauko gobernuak gehiengo zabalagoa izango luke, berriro osatuz gero. Horiek dira, hain justu, EiTB Focus inkestak foru hauteskundeetarako boto-asmoaren inguruko inkestaren ondorio nagusiak. Iruñeko udal hauteskundeei dagokienez, galdeketak ez luke aldaketa askorik aurreikusiko.
Inkestaren hirugarren oldearen arabera, Nafarroako hauteskundeak gaur egingo balira, UPN izango litzateke nagusi 13 eserlekurekin —gaur egun dituenak baino bi gutxiago—.
Geroa Baik bigarren jarraituko luke, bi ordezkari gehiagorekin, hots, 11rekin. EH Bilduk eta PSNk gaur egun duten babesari eutsiko liokete, 8 eta 7 jarlekurekin, hurrenez hurren. Unidos Podemosek atzera egingo luke, hiru parlamentari galduta. Izquierda-Ezkerrak (I-E) bi eserleku irabaziko lituzke. Hala, bi alderdiek launa aulki izango lituzkete Nafarroako Parlamentuan. Alderdi Popularrak ez luke ordezkaritzarik lortuko, eta Ciudadanos lehen aldiz sartuko litzateke Ganberan, hiru parlamentarirekin.
ETAren amaiera
Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako herritarren % 73,7k uste dute ETAk eragindako mina bidegabea izan zela aitortu beharko lukeela, EiTB Focusen laugarren oldearen arabera.
Ia lautik hiruk uste dute ETAk eragindako mina bidegabea izan zela aitortu beharko lukeela, ia % 10ek ez dute beharrezko ikusten eta % 16,4k ez dute erantzun. Inkestatuen % 77ren ustez, ETAren amaiera atzerapenarekin dator, % 8,2k une egokian iritsi dela esan du eta % 14k ez dakite edo ez dute erantzun.
Gaur egungo testuinguruan Espainiako Gobernuak euskal presoak hurbildu beharko lituzkeela uste dute inkestan parte hartu dutenen % 77k, inkestatuen % 8,3 ez daude ados gerturatzearekin eta gainerakoek ez dakite edo ez dute erantzun.
"La Manada" auzia
Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 10 herritarretatik 8k uste dute 'La Manada' taldeko erasotzaileei ezarritako 9 urteko kartzela-zigorra txikia dela, bosgarren oldearen arabera.
Gizarte gaiei dagokionez, herritarren % 97,6k esan dute 'La Manada auzia'ri buruzko berriak jarraitu dituztela eta % 82,9k uste dute erasotzaileei ezarritako zigorra nahikoa ez dela. Sexu-abusuak egotzita zigortu zituzten, bortxaketagatik zigortu beharrean.
Horrez gain, EiTB Focus inkestaren arabera, emakumeen % 46k uste dute beren inguruko norbaitek sexu-erasoren bat jasan dezakeela udako festetan.
Fitxa teknikoa
Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan bizi diren 2.350 pertsona (400 Gasteiz-en eta 150 Arabaren gainerakoan; 400 Bilbon eta 200 Bizkaiaren gainerakoan; 400 Donostian eta 200 Gipuzkoaren gainerakoan; 350 Iruñean eta 250 Nafarroaren gainerakoan).
La= ± %2,02, konfidantza-maila: %95, p=q=0´5, datu orokorretarako, ±%2,34 EAE-ko datuetarako, ±%4,00 Nafarroako datuetarako, ±%4,18 Arabako datuetarako, ±%4,00 Bizkaiako datuetarako, ±%4,00 Gipuzkoako datuetarako, ±%5,24 Iruñeako datuetarako, ±%4,90 Gasteizko datuetarako, ±%4,90 Bilboko datuetarako eta ±%4,90 Donostiako datuetarako.
Lurralde historiko, udalerri, sexua eta adinaren arabera geruzatutako zorizko lagina.
Inkesten %15,4 euskeraz egin dira eta gainerako %84,6a gazteleraz.
Inkesta egindako udalen populazio-tamainagatik haztatutako erabateko emaitzak.
Landa-lana 2018ko maiatzaren 14tik 21era burutu zen telefono bidezko elkarrizketa bitartez.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa