13:31

Politika

Auzitegi Nazionala

Altsasuko gazteen senideek Gorenera joko dute, eta mobilizazioak deitu dituzte

agentziak | erredakzioa

"Terrorismo delituaren erabilera makurra" salatu dute, urtean agenteen kontrako ehunka atentatu izaten diren arren Altsasukoa soilik epaitu delako terrorismo gisa.

  • Altsasuko Gurasoen prentsaurrekoa. Argazkia: EiTB

    Altsasuko Gurasoen prentsaurrekoa. Argazkia: EiTB

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

2016an bi guardia zibilekin liskarra izateagatik 2 urtetik 13 urtera arteko zigorrak jaso dituzten Alsatsuko gazteen senideek Auzitegi Nazionalak euren familiartekoak zigortzeko "terrorismo delituaren erabilera makurra" egin duela salatu dute.

Isabel Pozueta Altsasuko Gurasoen ordezkariak eta Idoia Goikoetxea Altsasukoak Aske elkartearen bozeramaileak prentsaurreko batean adierazi dutenez, bi urte eta erdi daramate "oinaze eta sufrimendu tunel ilun batean", eta oraindik ez dakite "tunelaren amaieran argia" ikusiko duten eguna noiz iritsiko den.

Azaldu dutenez, Auzitegi Nazionala "ez da Justizia organoa, ez du Justizia irizpideen arabera jokatzen, ez du Justizia bilatzen eta ez du Justizia ematen".

"Ebazpenarekin mendeku gosea erakutsi dute, eta Guardia Zibilarekiko mendekotasuna. Askatasunak eta eskubideak murrizteko bidea hartu dute, segurtasun indarren inpunitatea bilatzen duen zigor eredu baterantz. Ebazpenak gure seme-alabak neurriz kanpo zigortzen ditu", berretsi dute.

Ebazpenak oinarri hartzen duen kontaketa "egiazkoa izanda ere, horrenbeste urteko zigorrak ezartzea astakeri bat da" senideen arabera, "lesio larrienak orkatila apurtu bat, ezpaineko zauri txiki bat eta kolpe eta urratu batzuk" direlako.

Azaldu dutenez, 2016an agenteen aurkako 971 atentatu izan ziren, "baina bat bera ere ez zen terrorismo gisa epaitu. Bat bera ere ez zuten Auzitegi Nazionalean epaitu. Bat bera ere ez zuten hainbeste urterekin zigortu, nahiz eta armak edo auto harrapaketak egon tartean".

Hori dela eta, Auzitegi Nazionalaren "terrorismo delituaren erabilera makurrak prozedura judiziala nahastea" bilatzen zuela azpimarratu dute, "badaezpadako zigorra" ezartzeko.

"Ez dituzte terrorismoagatik zigortu, baina terroristen zigorrak jarri dizkiete. Botere gehiegikeria da", gaitzetsi dute.

Bestalde, gertakariaren ondoren grabatutako bideoak ebazpena bertan behera utzi beharko lukeela iritzi diote. Izan ere "salatzaileek gezurrak esan zituztela erakusten du, eta horrek kontaketaren egiazkotasuna zalantzan" jartzen duela uste dute. Euren iritziz, epaileek horregatik ez zuten azken unera arte bideoa froga gisa erabiltzea onartu.

Gainera, diskriminazioa larrigarri gisa erabiltzeak ateak irekitzen omen dizkio "zigor eta mendeku eredua irizpide politiko eta ideologikoen arabera ezartzeari".

Hala eta guztiz ere, "borroka juridikoarekin" aurrera jarraituko dutela eta hurrengo pausoa Auzitegi Gorenera jotzea izango dela iragarri dute.

Azkenik, martxoaren 24an "Hau ez da Justizia" lelopean Altsasun manifestazioa egingo dutela jakinarazi dute.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena