17:29

Politika

Euskal Herria

'Mugak gainditzeko proiektuetan' lan egiteko akordioa

Agentziak | Erredakzioa

Iñigo Urkullu lehendakaria eta Jean-Rene Etchegaray Baionako (Lapurdi) alkate eta Euskal Hirigune Elkargoko presidentea Gasteizen bildu dira.

0:57
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) eta Ipar Euskal Herriak “pauso erraldoia” eman dute erakunde arteko harremanetan. “Mugak gainditzeko egitasmoetan” lan egitea adostu dute. Proiektua uda ondoren prest izango den memorandum batean zehaztuko dute.

Iñigo Urkullu lehendakaria eta Jean-Rene Etchegaray Baionako (Lapurdi) alkate eta Euskal Hirigune Elkargoko presidentea Gasteizen bildu dira. Bi erakundeen arteko harremanak estutzeko konpromisoa berretsi dute buruzagiek.

2022ko edo 2023ko Frantziako Tourraren aurreneko etapa Euskaditik ala Ipar Euskal Herritik abiatzeko elkarlana izan da akordiorik deigarriena. Hala ere, helmuga izateko edo “Hegoalde eta Iparralde artean” etapa bat antolatzeko aukera ez dute baztertzen, lehendakariak azaldu duenez.

Bestalde, bi ordezkaritzek beste hiru arlori eman diete lehentasuna. Lehenengoa, errefuxiatu, migratzaile eta bidaiderik gabeko adingabe atzerritarren harrera izan da. Esparru horretan Euskadiren eredua jarraitu nahi du Ipar Euskal Herriak.

Era berean, lurralde plangintza politiketan sakonduko dute bi erakundeek, eta azkenik, Elgarrekin tren egitasmoaren garapenean elkarlanean arituko dira. Hendaian geltoki intermodala egiteko 10 milioi euroko aurrekontua dute.

Gainera, euskara, euskal kultura, turismoa eta nekazaritza bultzatzeko asmoa agertu dute Urkulluk eta Etchegarayk.

Memoranduma

Ekimenen zerrenda zehazteko formula memorandum bateratua izango da. Uda ostean prest izatea espero dute. Euskadik Flandria, Bavaria, Eskozia eta Galesekin sinatutakoen antzekoa izango litzateke.

Lehendakariaren hitzetan, erkidegoen arteko harremanean “aurrerapauso erraldoia” eman dute bileran, eta memorandumaren sinadura “mugarri” bat izango da. “Mugarik gabeko Europa batean, batasunak indarra egiten du”, aldarrikatu du Urkulluk.

“Muga juridiko eta mentalak gainditzeko” proiektuetan lan egitea eskatu du Etchegarayk. Baionako alkatearen ahotan, Euskadik eta Iparraldeak Euskal Herria osatzen dute, euskarak eta kultura propioak baturik.

Bi eskualdeak batzeko erakunde bakarraren alde ote dagoen galdetu diote kazetariek Etchegarayri. Abertzalea ez dela adierazi du Euskal Elkargoko presidenteak, ezta zentralista ere. Autonomia ez independente bat defendatzen duela azaldu du.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena